Balear uhartedia

Uhartedi (edo artxipelagoa) elkarren ondoan dauden uharteen multzoa da; gehienetan, jatorri geologiko bera izaten dute.

Normalean itsaso zabalean kokatuta egoten dira. Uhartedi asko sumendien eraginez sortutakoak dira, baina beste zenbait prozesuk ere badute eraginik, higadurak eta sedimentazioak, adibidez.

Uhartediak ugariak dira munduan, baina gehienak Asiako hego-ekialdean eta Estatu Batuetako ipar-ekialdeko kostaldearen eta Groenlandiaren artean daude.

Euskal Herritik hurbilen dauden uhartedi ezagunenak britainiar uharteak, Kanariar uharteak eta Balear uharteak dira.

Uhartedi motak aldatu

Uharteak bezala, artxipelagoak ere jatorri geologikoaren arabera sailkatzen dira, baina kasu honetan bi kategoria bakarrik bereizten dira:

  • Uhartedi ozeanikoak: normalean sumendien jarduerak eragindakoak dira, hau da, jatorri bolkanikoa dute, eta, beraz, ez daude plaka kontinental batekin lotuta. Kanariar uhartedia da mota honetakoa.
  • Uhartedi kontinentalak: uharte kontinentalez osatuta daudenak dira, hau da, plaka kontinentalen baten zati diren uharteez osatuak. Balear uhartedia da mota honetakoa.