Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian Lewis Carroll idazle britainiarrak idatzitako haurrentzako liburu bat da. Lehenengo aldiz 1865ean argitaratu zen, eta 1871an «Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena» izeneko jarraipena plazaratu zuten. Bi liburuek arrakasta handia izan zuten, bai umeen eta bai helduen artean ere. Britania Handiko Erreginak kopia bat omen zuen, eta hura irakurtzea gustuko omen zuen.
Bi liburuetan oinarritutako hainbat film ere egin dira. Disneyk, adibidez, bi film ekoiztu zituen, bata marrazki bizidunekin 1951an, eta bestea, benetako pertsonekin 2010ean.
Istorioko protagonista Alice izeneko neska bat da, oharkabean fantasiazko erresuma batean, Lurralde Miresgarrian hain zuzen, sartzen dena. Lurralde hori animalia eta figura bereziz beteta dago: Cheshire Katua, Untxi Zuria, Martxoko Erbia, Sonbrailugile Eroa eta Erregina Gorria, besteak beste. Alicek behin eta berriro egoera arraroak bizi ditu. Adibidez, Sonbrailugileak eta Untxi Zuriak “ez urtebetetze eguna” zoriontzen diote.
Carrollek hiru ahizparekin Tamesis ibaian txalupa batean arraunean ari zela asmatu zuen Aliceren pertsonaia. Geroago, istorio hartan oinarritutako liburua idaztea erabaki zuen.