Txantiloi:2013-46 Nabarmendutakoa

Alakrana atunontziaren bahiketa 2009ko udazkenean Indiako ozeanoan somaliar piratek bahitutako Alakrana izeneko euskal atunontziaren gertakarian datza. Bahiketa 2009ko urriaren 2an hasi zen eta 47 egunez Somaliako kostaldean bahiturik izan ondoren, Alakrana eta bertako marinelak askatu egin zituzten azaroaren 17an. 1990eko hamarkadaz geroztik, lehenengo munduko hedabideek erabilitako terminoari jarraiki, itsaslapurreta ekintza ugari gertatu ziren Somalia inguruko itsas eremuan. 1991 urtean hasita, Somaliak jasaten zuen gerra zibila eta ondoriozko administrazio-hutsuneak profitatuz, atzerriko arrainontziak gehiegizko arrantzan aritu ziren, legez kanpo eta bertako arrantzalekuak agortaraziz. Itsasontzi batzuek itsasalde hartan hondakin toxikoak hondoratu zituztela frogak ere badaude. Horrela, Somaliako arrantzaleak elkartu eta atzerritar arrantzaleak kanporatzeari ekin zioten. Gerora, arrantzale hauek gerra-jauntxo direlakoekin elkartu, haien laguntza jaso eta atzerriko bahiketei esker lortzen dituzten irabaziak beraiekin partekatzen hasi ziren. Horrela, itsasontzien bahiketa ekonomia-iharduera garrantzitsua bihurtu da Somaliako kostaldeetan. 2009ko urriaren 2an, Somaliako hegoaldean, kostaldeetatik 413 miliara, Somaliako 13 piratako talde batek, fusilez eta granada-jaurtigailuz armaturik, atunontzia bahitu zuten, Espainiako Gobernuaren esanetan, babestutako eremutik kanpo arrantzan ari zirela. Bahiketa unean, Alakranako eskifaia 36 marinelek osatzen zuten, Ricardo Blach galiziar patroiaren eta Iker Galbarriatu euskal kapitainaren agindupean, eta horrela zegoen osaturik: 8 euskal herritar, 8 galiziar, 2 madagaskartar, 3 senegaldar, 4 ghanatar, 2 bolikostar, 8 indonesiar eta seychelletar bat.