Txantiloi:2009-39 Nabarmendutakoa

XIX. mendeko zurezko etxeak
XIX. mendeko zurezko etxeak

Utsjoki edo Ohcejohka (inarieraz Uccjuuhâ, skolteraz Uccjokk) Finlandiako Lappi lurraldean dagoen udalerri bat da. Espainiako Kantabria Erkidegoa bezain handia den udalerri honetan, 1.300 biztanle baino ez dira bizi; hala ere, Inari udalerriarekin batera, Finlandiako samitar-ehuneko altuena duen udalerria da, herritarren %70a jatorri samitarrekoa baita. Dena den, samitar guztien hiru laurdenek baino ez dute hitz egiten samieraz; nahiz eta, iparraldeko samiera hizkuntza ofiziala izan, inguruko hizkuntza indartsuek (finlandierak, batez ere) eragin handia izan dute azken urteotan.

Finlandia eta Europar Batasuneko iparreneko udalerria da; Norvegiarekin muga egiten duen udalerriko Nuorgam herrixka, zehazki. Sápmi lurraldean dago, samitarren berezko lurraldean, eta urtero hamaika ekitaldi ospatu ohi da kultura hau sustatzeko asmoz. Lehen aipaturiko Inari da Utsjokiren bizilagun Finlandiar bakarra, Karasjok mendebaldean, Tana iparraldean eta Nesseby ipar-ekialdean dauden udalerriak norvegiarrak baitira. Finlandiako ibai nagusi batzuk ere, hala nola, Kaamasjoki, Kevojoki, Tenojoki, Utsjoki eta Vetsijokik, udalerriko herrixka batzuen erdigune dira. Udalerriaren izenari erreparatzearekin, nahikoa da ibaien eragina biztanleriaren kulturan ikusteko, joki-k ibai esan nahi baitu finlandieraz.