Tora

Torah» orritik birbideratua)
Artikulu hau liburu santuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Tora (argipena)».

Tora[1] (hebreeraz: תורה‎, «legea» edo «irakaskuntza») judaismoaren liburu fundatzailea da. Torak Hebrear Biblia edo Tanakharen lehen bost liburuak biltzen ditu, hots, Hasiera, Irteera, Lebitarrena, Zenbakiak eta Deuteronomioa.[2] Zentzu horretan, Tora beste izen batzuez ezagutzen da, hala nola Pentateuko edo Moisesen Bost Liburuak. Halaber, juduen tradizioan Idatzizko Tora (תורה שבכתב, Tora Shebichtav) ere deitzen zaio. Xede liturgikoetarako erabiltzen denean, eskuz idatzitako biribilki forma hartzen du eta Sefer Tora deitzen zaio. Aldiz, koadernatuta dagoenean, Chumash izena hartzen du eta iruzkin errabinikoak (perushim) izan ohi ditu.[3]

Sefer Tora irekia.

Hala ere, batzuetan, Tora hitza Tanakh osoaren sinonimotzat erabiltzen da eta lehenengo bost liburuok ez ezik, gainerakoak ere barne hartzen ditu. Azkenik, Tora ahozko tradizio eta legeak izendatzeko ere erabili ohi da, hala nola Talmuda, eta kasu horretan Ahozko Tora deritzo.[4]

Tradizioaren arabera, Moisesek idatzitako liburuak dira eta Jainkoak Sinai mendian egindako errebelazioa biltzen dute. Juduek, Erromako Eliza Katolikoak, Eliza Ortodoxoak eta Protestanteek Bibliaren aurreneko muintzat dute eta denon kanonetan dute lekua. Liburuon gaia hebrear herriaren historia da, hasiera mitikoetatik (munduaren sorrera, paradisua, uholdea) Moisesen heriotzara arte. Adituek hiru idatzaldi nagusi bereizten dituzte: Jainkoa Yahve izendatzen duena (K.a. IX. mendea); jainkoa Elohim izendatzen duena (K.a. VIII. mendea) eta kronikariarena, apaizen arautegia barne (K.a. IV. mendea).

EdukiaAldatu

Tora Jainkoak mundua sortu zuela kontatzen hasten da, eta gero Israelgo herriaren hasiera eta Egiptorako bidea azaltzen ditu, baita nola Tora Moisesek jaso zuen Sinai mendian. Moisesen heriotzarekin bukatzen da, Israelgo herria Kanaaneko Agindutako Lurrera heltzear dagoela. Narrazioan irakaskuntza espezifikoak (betebehar erlijiosoak eta lege zibilak) tartekatzen dira, bai esplizituki emanak (adibidez, Hamar Aginduak) edo inplizituki kontakizunean txertatuak (Pesakh ospatzeko legea, Irteera 12 eta 13n azaltzen dena).

Hebreeraz, Torako bost liburuen izenak liburu bakoitzaren lehen hitzetik datoz. Euskarazko izenak grezierazko Septuagintatik datoz eta liburu bakoitzaren gai nagusiari egiten diote erreferentzia:

  • Hasiera (בְּרֵאשִׁית, Bereshit, «hasieran»).
  • Irteera (שְׁמוֹת, Shemot, «izenak»).
  • Lebitarrena (וַיִּקְרָא, Vayikra, «eta deitu zuen»).
  • Zenbakiak (בְּמִדְבַּר, Bemidbar, «basamortuan»).
  • Deuteronomioa (דְּבָרִים, Devarim, «hitzak»).

ErreferentziakAldatu

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
  2. (Ingelesez) Torah | Definition, Meaning, & Facts. Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2022-04-05).
  3. (Ingelesez) «Perush» www.thejc.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-05).
  4. (Ingelesez) Neusner, Jacob. (2004). The Emergence of Judaism. Westminster John Knox Press.

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu