Tcharmil edo tcharmile (jatorriz haragi- edo arrain-plateretarako adobo tradizional bat, baratxuriaz, oliba-olioz eta perrexilez egina) Marokon gazte-banda bortitzen azpikulturari ematen dioten izena da. Talde horiek hirigune deprimituetatik datoz, eta 2014tik aurrera auzo aberatsetan eta eremu turistikoetan eraso biolento indiskriminatuak egiteari ekin zioten.[1] Fenomenoa ondoezaren hainbat arrazoirekin lotu dute: arazo ekonomikoak (bereziki goiko klaseen eta mendebaldeko turisten bizimodu oparoarekin kontrastatzen duten eremuetan ikus daitezkeenak), "Arabiar Udaberria" deituriko gizarte-mugimenduen porrotak eragindako frustrazioa, baita tramdina[2] (Ramadanaren jarraipenak eragiten duen umore txarra edo suminkortasuna,[3][4] bereziki gogorra uda denean) ere.

Tcharmil
Datuak
MotaAzpikultura eta gaizkile-taldea
HerrialdeaMaroko

Banda hauek ospea, biktima potentzialen artean muturreko beldurra eragitea eta emulazioa bilatzen dute, sare sozialetan euren ekintzen bideoak jarriz. Tcharmil taldeko kideak nabarmenkeriaz janzten dira, hispanoamerikar bandak- marak edo Latin Kings imitatuz: orrazkera bereizgarriak, erloju handiak eta eraztunak (urrezkoak), Nike Air Max kirol zapatilak (egiazkoak edo faltsuak)[5]. Bere armarik gogokoenak matxeteak eta haragiarentzako aiztoak dira.[1]

2014ko martxoan talde hauen lehen erasoa Maârif barrutiko (Casablanca) modako ile-apaindegi batean gertatu zen. Matxetez armatutako hiru gizon gazte sartu ziren, bezeroei beldurra eraginez. Ordutik aurrera, antzeko erasoak errepikatu ziren, kalte pertsonalak eta heriotzak eraginez, imitazio krimen bezala; erasoak berehala hedatu ziren Fez, Meknes, Agadir, Rabat, Temara, Marrakex eta Marokoko beste hiri batzuetara.[6]

Fenomenoari aurre egiteko, Mohammed VI.a Marokokoa erregea bera inplikatu zen. 2014ko apirilaren 7an nazio mailako polizia kanpaina bat agindu zuen, atxiloketa ugari eragin zituena.[7] Agintariek polizia-neurri horien ondorioz 2014ko lehen seihilekoan (2013ko lehen seihilekoarekin alderatuta) hilketak %30 murriztu zirela; lapurretak %25 eta eraso fisikoak %20 adierazi zuten. Hala ere, 2015eko udan berriz ere erasoak izan ziren Rabateko hondartza batean eta Al-Hoceiman.[5] Zenbait adituk errepresioak ondorio negatiboak izan ditzakeela salatu dute.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu