Tandilgo sarraskia (gaztelaniaz: Masacre de Tandil) 1872ko urtarrilaren 1ean Argentinako herri horretan gertatutako gertaera historiko bat da, noiz argentinar gautxo talde batek 36 etorkin hil zituen.[1]

Tandilgo sarraskia
Irudia
Motasarraski
Data1872ko urtarrilaren 1a
KokalekuTandil
HerrialdeaArgentina
Pertsona hilak36

Sarraskia

aldatu

Berrogei bat gizon, Tata Dios petrikiloak bultzatuta, urteko lehenengo egunean atzerritarrak hiltzera atera ziren, euskaldunak eta beste atzerritarrak gizartearen gainbeheraren errudunak zirela iritzita. «Gaitz guztien jatorria» immigranteak zirela sinetsita, 1872ko urtarrilaren 1ean, Argentinako historiaren erritu sarraskirik handiena gauzatu zuten Tata Diosek eta haren apostoluek.[2]

Geronimo Solane zen Tata Dios petrikiloaren benetako izena. Gaur-gaurkoz, haren jatorria ezezaguna da. Argentinako herri eta probintzia askorekin lotu zuten —baita ondoko herrialdeekin ere—, eta, Juan Mario Basterra idazleak azaldu duenez, ustez jatorri frantsesa zuen. Tandilera iritsi baino lehen, herri askotatik kanporatu zuten, eta espetxean ere egon zen. Legez kanpoko medikuntzan eta sorginkerian aritzen zen. Horrez gain, predikatu egiten zuen. Jainkoaren mandataria zela ziurtatzen zien herrietan ezagutzen zituen gautxoei. Munduaren amaiera iristear zegoela iragartzen zuen Tata Diosek, eta salbamena lortzeko modu bakarra atzerritarrak eta masoiak sarraskitzea zela. Diskurtso horrek arrakasta handia izan zuen garai hartako gautxoengan, euren lurretara heltzen ziren atzerritarrak mesfidantzaz ikusten baitzituzten.[2]

Solane Tandilera heldu zen, Gomezek, herri hartako lur jabea zenak, hala eskatu ziolako. Gomezen emazteak etengabeko buruko minak zeuzkan, eta petrikiloari deitu zion hura sendatzeko. Laguntza eskertzeko, lur jabeak Tandiletik gertu zegoen etxetxo bat utzi zion Solaneri. Herrian finkatuta, petrikiloa bere diskurtso xenofoboa zabaltzen hasi zen gautxoen artean. Garai hartan, euskal komunitate handia bizi zen Tandilen.[2]

«Gautxoen eta euskaldunen artean lotura asko egon ziren», azaldu du Basterrak. Izan ere, eragin handia izan zuen batak bestearengan: «Euskaldun askok gautxoen abileziak garatu zituzten, eta, gero, kasu batzuetan, eragina izan zuten gautxoen portaeran eta janzkeran». Idazleak kontatzen duenez, gautxoak zaldizko trebeak eta soldadu ausartak ziren, behi eta ardi haragia eta larrua erabiltzen iaioak, eta inork ez zuen panpa ezagutzen gautxoek bezain ondo.[2]

Immigranteak heldu baino lehen, nekazaritza lanak gautxoek egiten zituzten. Euskaldunak ere artzaintzan trebeak zirela ohartu zirenean, sentimendu xenofobo bat piztu zen Tandilen, eta Argentinako herri askotan ere bai. Horretaz baliatu zen Solane bere diskurtsoa zabaltzeko eta gautxoak biltzeko. [2]

«Tata Diosen prediku mesianikoa eta milenarista hiltzaileen superstizio bihurtu zen, eta horrek eragin zituen 36 pertsonaren erailketak», arrazoitu du idazleak. Urtarrilaren 1ean, ordu txikietan, berrogei bat gautxok mota guztietako armak lapurtu zituzten, eta hiltzera atera ziren. Haien helburua atzerritarrak ziren, baina bidean jarriko zen oro hiltzeko prest zeuden. Inolako gupida erakutsi barik —eta Jainkoaren agindua zela sinetsita—, gizonak, emakumeak eta haurrak hil zituzten. Horietako hogei bat, euskaldunak. «Hil itzazue euskaldunak eta gringoak», oihukatzen zuten. Hil zituzten azkenak Txapar familiakoak ziren, euskaldunak. Gero, estantzia batean babestu ziren. Herrikoak haien bila joan ziren, eta hor harrapatu zituzten hainbat, auzitara eramateko. Beste batzuek ihes egitea lortu zuten.[2]

Geronimo Solane Tandilgo espetxera bidali zuten, eta bost egun geroago, 1872ko urtarrilaren 6an, hilda agertu zen bere zeldan. Hamahiru bala zauri aurkitu zizkioten gorpuan. Petrikiloak berak ez zuen parte hartu sarraskian, baina gertatutakoaren errudun nagusia zen, atzerritarrenganako gorrotoa eta sumina kilikatzeagatik, eta sarraskia eragiteagatik, diskurtso xenofobo eta mesianiko baten bidez. Tata Dios nork eta nola hil zuen ez zen inoiz argitu. Non hobiratu zuten ere ez zuten esan. Haren hilobia santutegi bihurtu ez zedin, toki ezkutu batean lurperatu zuten, «zutik eta kateatuta».[2]

Erreferentziak

aldatu
  1. Torre, Juan Carlos : «Los crímenes de Tandil», en la revista Todo es Historia, 4, págs. 4-40, 1967.
  2. a b c d e f g Tedin-Uriburu Castro, Markos. (2024-07-18). «Hil itzazue euskaldunak eta gringoak!» Berria CC BY-SA 4.0 lizentziapean.

Kanpo estekak

aldatu