Argentinako historia gaur egungo Argentinako Errepublikaren lurraldean izan diren gertaera historiko nagusien kondaira da.

Kolonaurreko garaia aldatu

Cueva de las Manos harpeko margoak, K. a. 7.300, Santa Cruzko probintzia.

Argentinan aurkitutako gizakien lehenengo aztarnak K. a. 11.000 urtekoak dira. K. a. lehen milurtekoan, artoan oinarritutako zibilizazioak Andeetako aldean (Santa María, Huarpes, Diaguitas, Sanavirones, besteak beste) garatu ziren.

1480an, Inka Inperioak, Pachacútec enperadorearen agintaldian, egungo Argentinako ipar-mendebaldea konkistatu zuen. Ipar-ekialdean, guaraniarrek jukan eta patata gozoan oinarritutako kultura garatu zuten. Erdialdea eta hegoaldea (Panpak eta Patagonia) kultura nomaden menpe egon ziren, harik eta XVII. mendean maputxeek batu zituzten arte.

Espainiaren menpe aldatu

1536. urtean hasi zen espainiarren konkista. Pedro de Mendozak Buenos Aires hiria sortu zuen, baina indiarrekin harremanik ez zutelako eta haien erasoak etengabeak zirelako, utzi egin behar izan zuten luze gabe. Potosiko zilar meatzeak aurkitzeak, ordea, Río de la Plata alderako joera areagotu egin zuen eta Argentina iparraldea (Chaco, Río de La Plata) Peruko Erregeorderriaren mendeko lurralde bihurtu zen. Juan de Garayk bigarren aldiz sortu zuen Buenos Aires 1580. urtean.

Erregeordetza eskuratu bitartean (1776), Argentinako espainiar kolonoek bi eginkizun izan zituzten: bertako herriei nagusitzeko gerra egin eta Mar del Platara inguratu ziren talde frantses, ingeles eta holandarrei, eta iparraldetik erasoan ari ziren kolono portugaldarrei aurre egin. 1776. urtean Río de la Platako Erregeorderria sortu zen, Perukotik bereizi eta eginbide kolonialistak hobeto gauzatzeko asmoz. Independentziaren aldeko lehen urratsa izan zen, ordea, hura: metropoliak ezarritako monopolioak haserre bizia piztu zuen bertako kolonoen artean eta, Ingalaterrak lagunduta, askatasunaren aldeko mugimendua sortu zen. 1806an eta 1807an, Britainiar Inperioa Buenos Aires hartzen saiatu zen, baina kreolek bi erasoei aurre egin zieten arrakastaz.

Independentzia aldatu

Erregeordea egoztea erabaki zuen 1810eko maiatzaren 25eko udal-batzarra

1810eko maiatzaren 25ean, Napoleonek Fernando VII.a erregea tronutik kendu zuelako zurrumurrua zabaldutakoan, Buenos Airesko hiritarrek, egoeraz baliatuta, erregeordea egotzi eta altxamendu batzorde bat sortu zuten. Batzordeak «Provincias unidas del Río de la Plata» direlakoen independentzia aldarrikatu zuen.

1816an, Belgrano eta San Martin jeneralak espainiarren gudarosteei nagusitu zitzaizkien eta Argentinaren burujabetasuna lortu zuten. Independentziaren aldarrikapen ofiziala 1816ko uztailaren 9an egin zen Tucumánen. 1817an, José de San Martín jeneralak Andeak zeharkatu zituen, Txile eta Peru askatzeko. Horrela, Espainiaren mehatxua betiko uxatu zen.

Baina XIX. mendean Argentina bat egitearen aldekoen (gaztelaniaz: Unitarios) eta probintzietako autonomisten (gaztelaniaz: Federales) arteko borroka izan zen nagusi. Juan Manuel de Rosasen diktadura zentralistak (1829-1852) ezarri zituen Argentinako estatuaren oinarriak. Diktadura kendu ondoren, 1853an Santa Feko kongresuak konstituzio federala onartu zuen.

Estatu burujabea aldatu

Atzerriko inbertsioek zein Europako immigrazioak nekazari-teknika modernoak ekarri zituzten. 1880ko hamarkadan, Basamortuko Garaipena delakoak hegoaldeko Panpetan eta Patagonian bizi ziren tribuak suntsitu zituen. 1880 eta 1930 bitartean, Argentinak esportazioan oinarritutako ekonomia sendoa garatu zuen, eta herrialdeko populazioa zazpi halakatu zen. Garapen ekonomikoak eta immigrazioak areagotu egin zuten Buenos Aires hirialde guztiz jendeztatuaren eta gainerako Argentinaren arteko gatazka. Lanbide liberalei lotutako burgesiak eta langileriak gero eta indar handiagoa hartu zuten hiri nagusian, baina aginpide ekonomikoak eta politikoak militarren eta lur sail handien jabeen esku segitu zuen.

1916 arte, kontserbadoreek menderatu zuten Argentinako politika. 1916. urteko lehen hauteskunde orokorretan alderdi erradikaleko Hipólito Yrigoyen nagusitu zen; handik aurrera, burgesia liberal nahiz oligarkikoa (aristokrazia) izan zen gobernuan, Argentinako politikan beti izan diren militarren begiradapean. 1930. urtean José Félix Uriburu jeneralak emandako estatu kolpeak boteretik kendu zuen Yrigoyen eta gobernu militarren garaia zabaldu zuen.

Juan Domingo Perón presidentea 1946an.

Oligarkiakoen esanei loturik eta gainbeherako egoera ekonomikoa menderatu ezinik, gobernu horiek beste molde bateko gobernu militarrari egin zioten leku. Arturo Rawson eta Pedro Pablo Ramírezen estatu kolpeak (1943) ireki zuen militarren eta nazionalismo populistaren arteko batasunaren aroa: peronismoa egin zen agintearen jabe 1946ko otsailaren 24an. Juan Domingo Perónek hiriko langilerian (descamisados) oinarritu zuen boterea, nekazarien eta hiri klaseen kaltetan. Langileen egoera hobetu nahi izan zuen, sindikatuak bultzatuz. Kanpoaldean, Estatu Batuen eta Erresuma Batuaren aurrean irmo azaldu zen Argentina independentziaren alde. 1950etik aurrera, Eliza eta Armada aurka jarri zitzaizkion eta 1955eko Askapenerako Iraultzak (Revolución Libertadora) aginpidetik kendu eta Espainiara jo behar izan zuen.

1950eko eta 1960ko hamarkadetan, gobernua militar bigun eta zibil ahulen esku egon zen; hala ere, ekonomiak gora eta pobreziak behera (1975ean %7 baino txikiagokoa zen) egin zuen. Bortizkeria politikoa areagotu zen. 1973ko hauteskundeak irabazi ondoren, Peron agintera itzuli zen. Handik urtebetera hil zen eta María Estela Martínez de Perón, Perónen hirugarren emaztea, izendatu zuten lehendakari. Alderdi justizialista banatu egin zen orduan: ezkerreko joera marxistaren inguruko talde armatua (Montoneros) berriz ere ekintzak egiten hasi zen, diktadura militarra zegoen garaian egin bezala. Inflazioa mugatu ezinik (%800ekoa), gizarte arazoei erantzun ezinik eta erabateko ustelkerian murgildurik, 1976ko martxoaren 24an militarrek, Videla jenerala buru zutela, beste estatu kolpe bat eman eta agintea hartu zuten.

Armadak osatutako eta izendatutako batzorde militarrak, errepresioa eta tortura erabilita, ezkerreko oposizioa desagerrarazi eta giza eskubideen aurkako ekintza lazgarrienetakoak egin zituen (30.000 lagun desagerrarazi,...). Horretarako, Hego Amerikako beste gobernuen zein CIAren laguntza izan zuen. Gerra zikinean parte hartu zuten buru militar askok AEBak diruz lagundutako Ameriketako Eskolan (School of the Americas) jaso zuten prestakuntza. Ekonomia zuzendu ezinik eta jendearen egoera larria arindu nahirik, kutsu nazionalista zuen ekintza prestatu zuen batzorde militarrak: 1982ko apirilean Argentinako armadak Erresuma Batuaren esku dauden Malvina uharteak hartu zituen indarrez baina, Estatu Batuek lagunduta, Erresuma Batuko armadak berreskuratu egin zituen eta milatik gora argentinar hil ziren gerran (1982ko apirila-ekaina). Hor hasi zen gainbehera garai hartan aginpidean zegoen batzorde militarra. Azkenean, arazo ekonomikoak, ustelkeria, giza-eskubideen urraketak eragiten zuen nazka publikoa, eta Erresuma Batuaren kontrako porrota zirela eta, gobernu militarren amaiera etorri zen.

Demokraziaren itzulera aldatu

1982an, Malvinetako Gerraren ondoren, erregimen demokratikoa ezarri zen berriro Argentinan. 1983an hauteskundeak egin ziren, eta zibilek eskuratu zuten aginpidea. Raúl Alfonsín erradikala izan zen lehendakari 1989. urtea arte. Bitarte horretan demokraziaren aldeko lan handia egin zen gizartetik (Plaza de Mayoko amen higikundea, besteak beste) eta gobernutik: desagertutakoak bilatzeko lehen urratsak eman ziren, armada zibilen esku jarri, eta instituzio demokratikoak indartu zituzten, Batzorde militarra (Videla, Massera eta Agosti) epaitu zuten giza eskubideak urratzeagatik, etab. Baina demokrazia finkatzeko arazo handiak izan ziren, krisi ekonomiko larria eta militarrek aginpidea hartzeko egindako saioak zirela eta. Alfonsinek behar baino 6 hilabete lehenago utzi behar izan zuen boterea.

1989an Carlos Menem hautagai peronistak irabazi zituen lehendakaritzarako hauteskundeak, eta 1995ean berretsi egin zuten kargu horretan, datu makroekonomiko onei esker batez ere. Baina nazio barruan bakea eta elkarkidetasuna indartzeko aitzakian, militarren etengabeko presioen aurrean amore eman eta aske utzi zituen Malvinetako gerraren arduradunak eta estatu kolpean parte hartu zuten militar torturatzaileak (1990). Menemek politika neoliberala eraman zuen aurrera; arazo ekonomikoei aurre egin nahian (batik bat hiperinflazioa geldiarazteko), peso eta dolar estatubatuarraren arteko truke-tasa finkatu zuen 1991n. Argentinako ekonomia babeszale tradizionala ere aldatu zuen, arautegi ekonomikoa arinduz eta pribatizazio programa abian jarriz. Horrek ondorio onak izan zituen lehenengo bost urteetan, prezioak egonkortu eta inbertsioak areagotu baitziren. Baina ondoren istilu asko sortu zen, politika horrekin biztanleriaren parte handi bat pobretu zelako eta gizarte desberdintasunak areagotu zireko. Azkenik, 1999ko hauteskundeak oposizioak irabazi zituen, eta Fernando de la Rúak hartu zuen lehendakaritza.

Corralitoren aurkako protesta, 2002ko hasiera

Carlos Menem eta eta Fernando de la Rúa boterean zeudelarik, esportatzeko arazoak zirela kausa, Argentinako ekonomiak inportazio itzelari aurre egin behar izan zion. Horrela, nazioko industria eta enplegu-tasa kaltetu ziren, eta salerosteko tasa nahiz altxor publikoa defizitean zeuden. 1998ko Asiako krisialdiarekin batera, kapitalak herrialdetik alde egin zuen, 2001eko azaroko finantza-ikara eraginez. Kapital ihesari aurre egiteko hartutako neurriak (bankuetako gordailuak izoztea, corralito deritzona) zirela eta, gizarte liskar larriak gertatu ziren. 2001eko abenduan de la Rúa presidenteak kargua laga behar izan zuen.

Krisi haren ondorioz, hainbat lehendakari aldaketa gertatu ziren oso denbora gutxian, 2002ko urtarrilaren 2an Eduardo Duhaldek agintea hartu zuen arte. Orduan, peso eta dolarren arteko baliokidetasuna bertan behera utzita, pesoak balioa galdu eta prezioak igo egin ziren. Aldi berean, esportazioak areagotu ziren eta industrializazioa suspertzeko politika martxan jarri. 2002ko bukaerako, Argentinako ekonomia egonkortzen hasi zen.

2003an Garaipenerako Fronte-ko buru Néstor Kirchner hautatu zuten presidente. Agintaldian herrialdearen Nazioarteko Diru Funtsarekiko zorra kitatu zuen, izugarrizko ordainketa egin ondoren. Halaber, lehen pribatizatutako hainbat industria nazionalizatu egin ziren. BPGak gora egin zuen eta langabezia murriztu zen, baina atzera egin zuen 2002an eratutako gizarte planetan eta laguntzetan eta inflazioa igo zen.

2007ko hauteskundeak haren emazte Cristina Fernandezek irabazi zituen; herrialdeko lehendakari hautatutako lehen emakumea izan zen. Oro har, senarraren politika berari jarraitu zion krisi ekonomikoari aurre egiteko eta estatuaren esku-hartzea sustatu zuen.

2014ko urriaren 8an, Buenos Airesko Campo de Mayo atxikitze zentroan torturatu eta hildako 58 langileren auzian, 23 urteko espetxea ezarri zioten Reynaldo Bignoneri. Aurrez beste bost zigor zituen, bat bizi artekoa[1]. Urriaren 25ean, bizi osorako espetxera kondenatu zituzten La Cacha atxilotze zentroko arduradunak. Argentinako Barne ministro ohi bat eta poliziaburu bat zeuden hemeretzi zigortuen artean[2].

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu