Zaraitzu Ibarrean izen honekin deitzen zitzaion egun motz eta argi gutxiko garai honi eta egur handi bat errez aro berrirako beroa, argia eta lurraren emankortasuna erakartzeko errituala egiten zen.

Suklaro Kondaira aldatu

Kondairak dio Zaraitzura elurra iritsi zenean, eguzkia sartu zela Jaurrieta inguruan. Itzaltzutik atera eta Jaurrietan sartu. Egunero egiten zuen bide berdina Eguzkiak. Udaberrian, udan, udazkenean eta neguan. Bide bera egunero-egunero egiteak Eguzkia nekatzen zuen. Neguan lo besterik ez zuen egin nahi izaten. Ordu asko ematen zituen lo. Hainbeste lo egiten zuen, non gure arbasoak beldur ziren. Beldur ziren uste baitzuten egun batean Eguzkia ez zela esnatuko: ez zela Itzaltzutik berriro agertuko, ez zutela berriro eguzkiaren berotasuna sentituko; hotzak jango zituenaren beldur ziren.

Zaraitzuarrek hotzari eta iluntasunari aurre egiteko sua egiten zuten. Euskal Herriko su egile trebeenetarikoak ziren. Hotza handia zenean, basoko zuhaitz sendoenak mozten zituzten, enborrak etxera eraman eta etxeko sutan jartzen zituzten. Egurraren berotasuna ezinbestekoa zen neguko gau luzeetan. Enbor horiengatik izango ez balitz, zaraitzuarrek ezingo lukete negua igaro. Horregatik ziren enbor haiek preziatuak Zaraitzun; Suklaro zuten izena.

Gau batean, Eguzkia inoiz baino nekatuago zegoela somatu zuten Jaurrietan, Abenduaren 21a zen. Iluntzean abixua eman zitzaion bailara osoari:

- Iguzkia inoiz beino lehenago altxatu zaiku!

- Inoiz beino akaituago dagoelakoz da kori! - Erantzun zion itzaltzuar batek.

Ezkarotzen ere kezkatzen hasi ziren:

- Kain akaiturik badago, inoiz argituko al du egunak berriro?

Espartzako sorginik jakintsuenak zera esan zuen orduan:

- Iguzkiak bellitzeko indarra izatea nahi badugu, gure etxeetan ditugun Suklaro indartsuenak erre behar tugu. Suklaroren berotasunak, Iguzkiaren loa goxatuko du; solo kola, izanen du bihar bellitzeko indarra.

Esan eta egin: bailara osoko etxeetan Suklarok su hartu zuen. Bailara osoko etxeetan suak gorantz egin zuen. Suak gorantz egitean, Suklaroren indarra Eguzkiarengana iritsi zen. Momentu batez, Suklaroren eta Eguzkiaren indarrek bat egin zuten. Momentu horretan, Eguzkiak indarra berreskuratu zuen, eta sorginkeria hasi zen: Suklaro Eguzkiaren bizigogoz blaitu zen, bizigogo hori errauts bihurtuz sutan.

Espartzako sorginak gertatutakoaren jakitun, zaraitzuar guztiei eskatu zien errautsak erabil zitzaten. Zaraitzuarrek errauts haiek baratzean barna bota zituzten, eta uzta oparoak izan zituzten. Errauts haiek etxe inguruan bota zituzten, eta etxeak babestuta gelditu ziren. Errauts haiek jaioberriei oparitu zizkieten eta osasuntsu hazi ziren.

Baina bada sorginak inoiz kontatu ez zuen zerbait. Errauts haietako batzuk tximinietatik gora egin zuten. Hurrengo egunetan, tximinia inguruetan intxaurrak, gazta, ardoa eta etxekoen gustukuak agertu ziren. Bada sorginak inoiz kontatu ez zuen zerbait: Suklaroren errautsak tximiniatik gora nahastu zirenean, Olentzero bihurtu ziren.

Abestia aldatu

“Suklaro” abestia neguko solstizioari lotuta egiten diren ospakizunen inguruan Otsagabiko Eskolan sortutako abestia da.

Musika eta Letra: Zesar Armendariz Irigoyen

Zeropean berriz karrika hotz

bortuan elur ta izotz

Suklaro abestia

Gaba oso luze eguna motz

argia itzuliko al da inoiz?

Olentzero, subilaro, eguberri, gabonak

ta bada anitz izen iago

mendez mende, etxez etxe, nork bere gisara

Zaraitzun diogu “Suklaro”

Suklaro-egur zati bat erre

ta bertzea lagunendako

Argiaren bizteko, lurraren bellitzeko*

enbor handia: suklaro.

  • Bellitu: esnatu

Erreferentziak aldatu

   “Olentzero, nora zoaz?” hitzaldia (Oier Araolaza).
   “Euskalerriaren yakintza. Gabonak” liburua (Resurrección María de Azkue)