Senipartea oinordetza-zuzenbidearen barnean aurkitzen den oinarrizko kontzeptu bat da, zehazki testamentuen ingurukoa dena. Edozein testamentu egiterakoan edo egikaritzerakoan, senipartea kontuan eduki behar da. Senipartea testamentugileak xedatu ezin duen bere ondasun-multzo edo ondare-zatia da, legeak jaraunsle jakin batzuei erreserbatzen baitizkie. Jaraunsle jakin haiek senipartedunak dira (Espainiako Kode Zibileko 806. artikulua). Horiek horrela, esan daiteke oinordetzan emango den ondarearen zati bati dagokiola.

Beraz, senipartedunek kreditu-eskubide bat izango dute testamentugilearen kontra, hau da, legez bermatuta izango dute testamentu ondarearen zati bat eta lehentasunezko hartzekodunak izango dira, zati horri dagokionez. Senipartea atxikitzea betebehar moduan hartzen da, eta testamentugileak hori bere kabuz egiten ez badu, legeak jaraunsleei senipartea eskatzeko tresna juridikoak eskaintzen dizkie (akzioak).

Kode Zibilak eskaintzen du seniparteari buruzko araudi orokor eta nagusia. Hala ere, zehaztu behar da autonomia-erkidego batzuek araudi propioa dutela, eta zenbait kasutan Kode Zibila ez dela ezargarri. Hala ere, azalpen orokorra egiteko Kode Zibileko arauak hartuko dira oinarritzat, eta araudi espezifikoa ondorengo ataletan landuko.

Eskuarki, senipartea jaraunsle-tituluz jasotzen da, baina legatu-bidez jaso daiteke, eta baita inter vivos edo bizien arteko dohaintza baten bidez ere.

Ildo beretik, senipartea legez bermatutako eskubide bat denez, senipartedunek ez dute oinordetzaren zorren aurrean erantzuten. Oinordetza bat banatu aurretik, honek ekar ditzakeen zorrak kitatu behar dira. Izan ere, banatzeko orduan ondare likidoa bakarrik egotea beharrezkoa da. Zor horiek, hasteko, jarausleek ordaindu beharko dituzte, eta haien ondarearekin nahiko ez bada legatu-hartzaileek. Hala ere, gerta daiteke zorrak kitatu ostean, aktibo likidorik ez geratzea senipartea jasotzeko. Kasu horretan, senipartedunek ez lukete seniparterik jasoko, baina ez lukete ere erantzukizunik izango zor horien aurrean.

SenipartedunakAldatu

Senipartedunak senipartea jasoko duten legez izendatutako pertsona zehatzak dira, eta nortzuk izan daitezkeen Espainiako Kode Zibileko 807. artilukuan arautzen da:

Senipartedun dira:

1. Seme-alabak eta ondorengoak, euren guraso eta aurrekoei begira.

2. Aipatu berri direnak izan ezean, guraso eta aurrekoak, euren seme-alaba eta ondorengoei begira.

3. Alarguna, kode honek ezartzen duen forma eta neurrian

Beraz, senipartedunak ondorengoak, aurrekoak eta ezkontide alarguna izan daitezke, baina ez aldi berean. Izan ere, artikuluak dioenaren arabera, ondorengoak dira lehentasuna dutenak, eta ondorengorik egon ezean aurrekoak izango dira. Aurrekorik ere ez badago, ezkontide alarguna izango da senipartedun bakarra. Senipartedunak nortzuk dira oso garrantzitsua da, horrek senipartearen portzentaia baldintzatzen du eta.

Ondorengoen seniparteaAldatu

Ondorengoen seniparteari buruz honako hau esaten du Kode Zibilak 808. artikuluan:

Seme-alaben edo ondorengoen senipartea osatzen dute aita eta amaren jarauntsiko bi herenek.

Horren arabera, jarauntsiko ondarearen heren bat seniparte hertsia izango da, beste heren bat hobekuntzarako izango da (ondorengo senipartedun batek zati handiagoa jasotzeko tresna) eta azken herena askatasun osoz xedatu ahal izango da (parte askea).

Dena dela, ondorengoen artean, gradu hurbilenekoek bidea itxi egiten diete hurrengo gradukoei; hau da, kausatzailearen seme-alabak bizi diren bitartean, horien seme-alabak ez dira senipartedunak izango, ordezkatze-eskubidez ez bada.

Aurreko ahaideen seniparteaAldatu

Hau Kode Zibileko 809. artikuluan arautzen da:

Guraso edo aurrekoen senipartea osatzen du seme-alaben edo ondorengoen jarauntsiaren erdiak; dena den, guraso edo aurrekoak ondorengo kausatzailearen alargunarekin batera pilatzen badira oinordetzan, euron senipartea jarauntsiaren heren batekoa izango da.

Artikulu honek bi kasu arautzen ditu:

  • Alde batetik, aurreko ahaideak baino ez badira, ondarearen erdia izango da senipartea. Beraz, beste erdia parte askea izango da.
  • Baina, bestetik, aurreko ahaideekin batera, ezkontide alarguna badago, senipartea heren batera mugatuko da, eta parte askea bi heren izango da.

Bestalde, Kode Zibilak informazio gehiago ematen digu aurrekoen seniparteari buruz. Hain zuzen, haien senipartea zati berdinetan banatuko da ezkontideen artean, baina bat hilik badago, besteak jasoko du seniparte guztia (810. art.). Gainera, gurasorik egon ez arren aurreko ahaide batzuk badaude, gradu berekoak, lerro bakoitzeko (aitaren lerrokoak eta amaren lerrokoak) ahaideek senipartearen erdi bana jasoko dute. Aldiz, gradu ezberdinekoak badira, hurbilen daudenek jasoko dute dena.

Ezkontide alargunaren seniparteaAldatu

Ezkontideari dagokionez, bere senipartea zertan datzan hainbat artikulutan aipatzen da: gozamen-eskubidea da (KZko 834., 837. eta 838. art.: derecho al usufructo). Alargunaren senipartea izatez berezia da, eskubide erreal mugatua delako, eta legeak sortzen duelako (KZko 468. art.). Gainera, horregatik, ez da jaraunslea ezkontide alarguna, gozamena legatu baten edukia delako, berez.

Alargunaren senipartea zehazteko, oinordekide nor dituen kontuan hartzen da:

  • Seme-alabekin edo ondorengoekin pilatzen bada, hobekuntzaren herenaren gaineko gozamen-eskubidea jasoko du.
  • Aurrekoekin pilatzen bada, jarauntsiaren erdiaren gozamena jasoko du.
  • Eta bakarrik deitua bada, jarauntsiaren bi herenen gozamen-eskubidea.

Azkenik, ezkontide alargunaren aldeko gozamen-eskubidea eratzen bada, ordezteko eskubidea ematen zaie jaraunsleei (gozamen-eskubidearen balioa dirutan edo beste ondasunekin ordaintzea; alegia, trukatzea). Testamentugileak ezarri beharrik izan gabe.

HobekuntzaAldatu

Hobetzea, testamentugilearen ahalmen bat da, ez betebeharra. Senipartea jarauntsiaren bi herenek osatzen dute (seniparte zabala). Bi heren horien erdia seniparte hertsia da, senipartedunen artean nahitaez parte berdinetan banatu beharrekoa, ordezkatze-eskubidea kontuan hartuta; eta beste erdia, testamentugileak nahi izanez gero, hobekuntza gisa erabiliko da. Heren osoa ez erabiltzekotan, gainerako senipartedun guztien artean banatuko da parte berdinetan, berezko eskubidez.

Legegileak ezarritako mugak:

  • Hobekuntza soilik ondorengoen artean erabil daiteke.
  • Hobetzaileak KZko 824. artikulua bete behar du: “Hobekuntzaren gainkargak ezar daitezke senipartedunen edo euren ondorengoen mesederako bakarrik.”
  • Hobekuntza ezin da zamatuta egon, karga senipartedunen edo haien ondorengoen aldekoa ez bada.

Gainera, hobekuntza erabili ahal izateko, senipartedun edo ondorengo bat baino gehiago izan behar ditu testamentugileak. Bakarra badago, seniparte osoa izan beharko da berarentzat. Hobetzea, beraz, ezberdintzea da. Halaber, hobekuntza, senipartearen zati den heinean, zenbait tituluz jaso daiteke: jaraunsle gisa, edo kausatzailea bizirik dagoela haren eskutik jasotako inter vivos dohaintza bidez.

Senipartea Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide pribatuanAldatu

Seniparteak araubide ezberdina du Espainiako zuzenbide zibil orokorrean eta lurralde batzuetako foru- edo berezko zuzenbideetan (Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidean, esaterako).

2015eko urriaren 3an, indarrean sartu zen Euskal Zuzenbide Zibilaren Legea. “Foru Zuzenbidearen Lege”-tik (3/1992 Legea), Lege bateratu eta bakarrera igaro zen, “Euskal Zuzenbide Zibilaren” Legera. Lehen legea ez zegoen Euskal Autonomia Erkidego osoan ezargarri. 2015eko Legeak ez du 1992ko Legeak zuen izaera zatikatzailea, hiru foru-arau bildumekin, bakoitza EAEko lurralde bati zegokiola (I. Liburua Bizkaiko Foru Zibila, II. Liburua Arabako Foru Zibila eta III. Liburua Gipuzkoako Foru Zibila).

5/2015 Legean senipartedunak, kopuruak, moldea, banaketa eta senipartearen izaera aldatzen dira. Seme-alabak eta ondorengoak, alargun ezkontideak edo egitatezko bikoteak dira senipartedunak. Gurasoak eta aurrekoak desagertu ziren.

Ondorengoen senipartea heren batera murriztu zen, eta senipartea kolektibo bihurtuko da, aurreko Bizkaiko Foru Zuzenbidean lez, senipartearen banaketa senipartedunen artean askatasunez egin ahal izanik, senipartedunak direnak baztertuz kausatzaileak horrela nahi izanez gero (48.2-49. artikuluak). Seme-alabek eta ondorengoek ezingo dute kuota hori eskatu.

Ezkontide alargunaren senipartea egitatezko bikotera hedatzen da, gozamen-eskubidea atxikiz.

Azkenik, oinordetzaren bi heren xedatzeko parte aske gisa errekonozituko dira.

Senipartea 5/2015 ekainaren 25eko Euskal Zuzenbide Zibilaren Legearen araberaAldatu

5/2015 ekainaren 25eko Euskal Zuzenbide Zibilaren Legearen (EZZ) 48. artikuluaren arabera, senipartea jarauntsiaren gaineko kuota bat da, bere balio ekonomikoaren arabera kalkulatzen dena, eta kausatzaileak bere senipartedunei esleitu diezaiekeena, jaraunspen, legatu, dohaintza edo beste modu batean. Modu berean, bigarren atalean aipatzen da, kausatzailea behartuta dagoela senipartea bere senipartedunei eskualdatzera, baina senipartedunen artean bat edo batzuk aukera ditzake, eta besteak baztertu, esanbidez edo isilbidez. Gainera, artikuluaren 5. paragrafoak xedatzen du seniparteari uko egin dakiokela, kausatzailea hil aurretik ere, kausatzailearen eta senipartedunaren arteko oinordetza-itunaren bidez. Senipartedun guztiek uko egin ezean, senipartearen ukiezintasunari eutsiko zaio seniparteari uko egin ez diotenentzat.

Behin senipartea zer den azalduta, EZZLren 47. artikuluak nortzuk izango diren seniparteak azaltzen digu: edozein mailatako seme-alabak edo ondorengoak, eta alarguna edo bizirik dirauen izatezko bikotekidea, gozamen-kuotaren arabera, edozein jaraunsle-motarekin batera.

Seniparte kolektiboaAldatu

Gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan, 5/2015 ekainaren 25eko Euskal Zuzenbide Zibilaren Legeko 48.2. artikuluak arautzen duen moduan, senipartea kolektiboa da, izan ere, kausatzaileak bere senipartedunei senipartea ordaindu/eman behar die legez (soilik ondorengoak dira senipartedun, eta senipartea jarauntsiaren heren batean izango da), baina haien artean bat aukeratu eta besteak baztertu ahal dituelako.

Senipartea senipartedunei eskualdatzea eta senipartedunen akzio eskubideaAldatu

5/2015 ekainaren 25eko Euskal Zuzenbide Zibilaren 48.2. artikuluari jarraiki, kausatzailea behartuta dago senipartea bere senipartedunei eskualdatzera, baina senipartedunen artean bat edo batzuk aukera ditzake, eta besteak baztertu, esanbidez edo isilbidez. Ondorioz, posiblea da kausatzaileak seniparte osoa iloba bati uztea. Gainera, EZZLren 51.1. artikulua kontuan hartuta, kausatzaileak senipartea xedatu ahal izango du ondorengo biloben edo ondorengoen mesederako, nahiz eta horien gurasoak edo aurrekoak bizi.

5/2015 ekainaren 25eko Euskal Zuzenbide Zibilaren 51.3. artikulua kontuan hartuta, senipartedunak, esanbidez edo isilbidez, bere eskubideak gordetzen ditu hirugarrenen aurrean, testamentuak seniparte kolektiboari kalte egiten dionean. Hori dela eta, esan dezakegu ondorengo senipartedunek bai dutela akziorik egikaritzeko eskubidea euri dagokien “zatia” erreklamatzeko. Kausatzaileak ondorengo bakar bati utzi egiten badio seniparte osoa. Baina aipatutako artikulua xeheki aztertzen badugu, ondoriozta dezakegu. Bakarrik testamentuak seniparte kolektiboari kalte egiten dionean izango duela akzio eskubidea.

Senipartedunak Euskal Zuzenbide Zibilaren legeanAldatu

EZZLren 47. artikuluan xedatzen denaren arabera, senipartedunak dira seme-alabak edo ondorengoak, edozein gradutan; eta alarguna edo bizirik dirauen izatezko bikotekidea, horren gozamen-kuota dela bide, eta, betiere, beste jaraunsle-mota guztiekin batera. Seme-alaben edo ondorengoen senipartea, kopuruari dagokionez, jarauntsiko ondasunen heren batekoa izango da. Esan dezakegu, artikulu hau izan dela, 1992ko legearekin alderatuz, 5/2015eko Legeak nozitu izan duen aldakeratik garrantzitsuena. 1992eko Legean lurraldeka azaltzen zen nortzuk ziren nahitaezko oinordekoak. Bizkaian 53. artikuluan, zera esaten zen: Nahitaezko oinordetza, tronkalekotasunari buruz xedatutakoari kalterik egin gabe, honako hurrenkera honen arabera defendatuko dela, lehenik seme-alabei, baita adoptatuei eta gainerako ondorengoei ere; eta, ondoren, gurasoei eta gainerako aurrekoei.

Aiarari dagokionez, zera esaten zen, nahitaezko jaraunsleak ondorengoak, aurrekoak eta ezkontidea izango zirela, Kode Zibilean ezarritako kasuetan.

Azkenik, Gipuzkoaren inguruan hau esaten zen: Gipuzkoako lurralde historikoan, Kode Zibilaren II. Kapituluko III. Tituluko III. Liburuak heriotza dela-eta xedatzeko askatasunari ezartzen dizkion mugek agintzen dute, hurrengo artikuluetan Gipuzkoako baserriaren banaketa zatiezinaren alde jasotzen diren zehaztapenak salbu.

Ezkontide alargunaren edo bikotekidearen senipartearen kommutazioaAldatu

Lehenik, esan beharra dago kausatzailearen ezkontide alargunak edo bikotekideak etxebizitza eskubide erreala eta gozamen-eskubidea dutela, EZZLko 52. eta 54. artikuluen arabera. Alegia, ondorengoekin konkurrituz gero, ondarearen erdiaren gaineko gozamen-eskubidea izango da, eta bestelako oinordekoekin, aldiz, bi herenaren gainekoa. Bestalde, 5/2015eko 53.3. artikuluak zenbait arau berezi jasotzen ditu gozemena edo inbertsio fondoen gainekoa bada. Hala ere, berrikuntza EZZLren 54. artikuluan gertatu da; izan ere, etxebizitza familiarraren gaineko logela eskubidea, beharrizanen arabera xedatu da, ondorioz, jabeak ere etxebizitzaz gozatzeko eskubidea izango du.

Haatik, 53.1. artikuluan alargunaren edo bizirik dirauen izatezko bikotekidearen gozamenaren kommutazioa arautzen da. Kommutazioa, definizioz, hau da: ezkontideari edo bizirik dirauen izatezko bikotekideari bere gozamen-zatia ordaintzeko, oinordekoek esleitu ahal dioten bizi arteko errenta, ondasun zehatz batzuen produktuak edo eskudiruzko kapitala. Gozamen-eskubideari balio likido bat ematen zaio, diru, errenta edota produktuen bitartez, hain zuzen. Horretarako, elkarrekin ados jarrita jardun behar dute gozamenaren zama jasaten duten subjektuek, jaraunsle nahiz legatudun izan, edo, bestela, epailearen aginduz. Alargunak edo izatezko bikotekideak ezin dio kontra egin erabakiari, baina bere parte-hartzea eta baimena ezinbestekoak izango dira prozesuan bere eskubidea baliozkotzeko eta diru-kantitatea zehazteko. Kommutazioa banaketa egin aurretik formalizatu beharko da egoerari egonkortasuna emateko. Hori egiten ez den bitartean, jarauntsiko ondasun guztiak lotuta daude, alargunari edo bizirik dirauen izatezko bikotekideari dagokion gozamen-zatiaren ordainketarekin, EZZLren 53.2. artikuluan araututakoari jarraiki.

Azkenik, esan beharra dago EZZLren 53.3. artikuluak dioen legez, alargunaren edo bizirik dirauen izatezko bikotekidearen gozamena diruaren gainekoa edo inbertsio-funtsen gainekoa baldin bada, gozamen horri, lehenengo eta behin, kausatzailearen xedapenak aplikatzen zaizkiola, bai eta gozamendunaren eta jabe soilen arteko hitzarmenak ere. Halako hitzarmenik izan ezean, diruaren gaineko gozamena duenak eskubidea izango du, kapitalaren ondoriozko korrituen gainean eta bestelako etekinen gainean; eta, bestalde, inbertsio-funtsek eratorritako partaidetzen gaineko gozamena duenak eskubidea du, eraketa-datatik gozamena azkendu arte sortutako gainbalioen gainean.

Senipartedunek seniparteari uko egitea kausatzailea hil aurretikAldatu

Senipartedunek kausatzailea hil baino lehen seniparteari uko egitea dago. Hau berau kausatzailearen eta senipartedunaren arteko itun batez bidez egin beharko da, oinordetza ireki baino lehen. Alabaina, seniparteari uko egiteko, EZZLren 100. artikuluak zehaztutako betebeharrak kontuan eduki beharko dira, artikulu honek ezarritako forma eta gaitasun baldintzak ezinbestean bete beharko baitira. Esaterako, seniparteari uko egingo dion seniparteduna adinez nagusia izan beharko du, eta uko egite hori eskritura publikoan jaso beharko da. Aipatutako artikuluan xedaturiko baldintzak urratuz gero, uko egitea deuseza izango da; ondorioz, ez du inolako efekturik sortuko.

Beraz, orain arte aipatutako guztiarekin, kausatzailearen erabateko xedatzeko askatasuna aztertu dezakegu. Senipartedunek, 100. artikuluak ezarritako guztia beterik, kausatzailea hil baino lehen eta oinordetza ireki baino lehen kausatzailearekin berarekin uko egitea ituntzen badute, kausatzaileak bere oinordetza erabat xedatzeko askatasuna eskuratuko du. Baina, esan bezala, senipartedun guztiek egin beharko diote uko oinordetzari, artikuluak ezarritako baliozko eran.

ErreferentziakAldatu

  • Jon Atxutegi Gutiérrez- Gradu Amaierako Lana - Senipartea - Kode Zibilaren eta foru zuzenbideen arteko kontraesana - SENIPARTEA

https://docplayer.es/114443196-Gradu-amaierako-lana-senipartea-kode-zibilaren-eta-foru-zuzenbideen-eraentza-juridikoen-arteko-kontrastea.html

  • Espainiako Kode Zibila - Real Decreto de 24 de julio de 1889 por el que se publica el Código Civil.

https://www.boe.es/buscar/act.php?id=BOE-A-1889-4763

  • Euskal Zuzenbide Zibilaren Legea- Ley 5/2015, de 25 de junio, de Derecho Civil Vasco

https://www.boe.es/diario_boe/txt.php?id=BOE-A-2015-8273

  • Euskal Zuzenbide Zibil Foralaren Legea - Ley 3/1992, del 1 de julio

https://www.boe.es/diario_boe/txt.php?id=BOE-A-2012-2257

Kanpo estekakAldatu