Sebastiana Likona

Serora

Sebastiana Likona[1] (? Lekeitio, XVI. mendea) XVI. mendean Lekeitioko Garraitz (San Nikolas) uharteko serora izan zen.

Sebastiana Likona
Bizitza
JaiotzaLekeitio, XVI.mendea
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaLekeitio
Jarduerak
JarduerakSerora
Eragin zuenEmakume izan arren, XVI.mendean gizonek gobernatutako mundu batean gailentzeko gai izan zen. Serora izateak nolabaiteko autonomia eta askatasuna zekarren, senarraren aginduetatik aske. Horrela, markatutako gidoitik irten eta bere lekua egiten jakin zuen.
1578. urteko eskritura batean aipatzen denez, Sebastiana Likona hautatu zuten urte hartan San Nikolas baselizaz arduratzeko.

1578. urteko eskritura batean aipatzen denez, Sebastiana Likona hautatu zen urte hartan San Nikolas ermitaz arduratzeko. Neskato hori Martin Apallua eta Maria Ortiz Agirreren alaba zen.

Serorak edo freilak aldatu

Serorak edo freilak ermitaren eguneroko ardura zuten emakume-erlijiosoak ziren. Beraien zereginen artean zeuden, besteak beste, ermita garbi eta apain mantentzea, San Nikolasen argiontzia piztuta mantentzea, ondasunak administratzea edo kanpaiak jotzea. Kanpaia egunean hiru aldiz jo behar izaten zuten: egunsentian, eguerdian eta ilunabarrean; baita ermitako kofradia-kideren bat hiltzen zenean ere. Irlan bertan bizi ziren, eta debekatuta zuten gaua irlatik kanpo igarotzea.

Lanpostua lortzeko baldintzak aldatu

 
XVI eta XVII.mendean lazareto bat egon zen Garraitz irlan, Lekeitioko herria izurriteetatik babesteko. Irudian Pieter Bruegelen "Heriotzaren dantza" artelanaren atal bat.

Serora horien zereginak arautzeko asmoz, 1549. urtean, udal agintariek arestian aipatu ditugun ordenantzak argitaratu zituzten. Ordenantza horietan, besteak beste, serora postua lortzeko baldintzak –“sean hijas patrimoniales e naturales de la dicha villa”–; eraman beharreko janzkera –“que ninguna administradora ni freylla de las dichas casa en sus cabeças no pongan belos ni se vistan mantos ni otras ropas algunas de monjas ni beatas, salvo en sus cabeças pongan sus tocados conforme a la costumbre de esta villa e lo mismo agan en su vestir”–; eta bestelako arauak –“que las administradoras e freyllas de Sant Nicolás no anden ni pasen por el braço de mar descubiertas sus piernas e carnes, salvo por la puente e su camino real”– azaltzen dira.

 
Christoph Weiditz. XVI.mendeko emakume bizkaitarren irudiak.

Emakumea eta bizitza publikoa XVI.mendean aldatu

Azpimarratzekoa da serora horiek orduko gizartean izan zuten garrantzia, gizonek gobernatutako mundu batean gailentzeko gai izan baitziren. Emakumeek komentuaren edo ezkontzaren artean hautatzea beste aukerarik ez zuten garaian, “hirugarren bide bat” garatzen jakin zuten. Serora izateak nolabaiteko autonomia eta askatasuna zekarren, senarraren aginduetatik aske. Horrela, markatutako gidoitik irten eta euren lekua egiten jakin zuten.

Nahiz eta, garai hartan, emakumea bizitza publikotik aldenduta egon, serorek muga hori hautsi eta ikusgarritasuna lortu zuten gizartean, espazio publikora salto eginez. Ermita eta eraikin erlijiosoak kudeatzeak, eta bizitza publikoan modu aktiboan parte hartzeak gizonen mailan jartzen zituen hein batean. Ez da ahaztu behar, hautatzeko prozesua bera ere publikoa izaten zela. Horrez gain, freilak zenbait erakunde sortu eta kudeatzeko gai izan ziren, hala nola serora-etxeak eta ospitaleak. Ezin uka daiteke, hortaz, euren funtzioak zirela-eta zeresana izan zutela garaiko gizartean, eta ez zirela oharkabean igaro.

Halaber, beraien lanbide eta zereginei zegokionez, serorek emakume eta gizonen artean zegoen muga zorrotza haustea lortu zuten. Garai hartako emakumeei zegozkien zereginak egiteaz gain —josi, garbitu eta abar—, ondasun eta erakundeen administrazioaz arduratzen ziren, eta mailegu-emaile nahiz merkatari ere aritu ziren. Arlo horretan ere serorak salbuespen bat izan ziren, gizonen lan-eremuan sartzeko gai izan baitziren.

Horrela, nolabaiteko prestigio eta autonomiaz gain, lanbide horrek euren gaitasunak garatzeko aukera eta etorkizunerako abagunea ere eskaintzen zien emakumeei. Hortik uler daiteke hainbat emakumek serora edo freila izateko erakutsitako gogo eta grina. Gainera, bizi baldintza onak eskaintzen zituen lanbideak.

Laburbilduz, esan daiteke, euren sasoirako emakume aurreratuak izan zirela. Bide ezberdinak ikusi, baloratu eta erabakiak hartzeko gai izan ziren, orduko emakumeen rolak hautsi eta aukera gehien eskaintzen zizkien bidea hautatuz. Senarraren edo komentuaren menpekotasunetik at, gizartean ikusgarritasuna eta nolabaiteko estatusa lortu zuten, berez gizonenak ziren zereginetan jardunez, eta erabakitzeko gaitasuna eta nolabaiteko autonomia lortuz.[1][2][3][4][5]

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu