Konfigurazio orbitakide

bi argizagi edo gehiagoren konfigurazio mota
Satelite koorbital» orritik birbideratua)

Astronomian, konfigurazio orbitakide bat bi argizagik edo gehiagok euren artean duten konfigurazio mota bat da, zeinean bi gorputzek argizagi nagusia era berdinean edo oso antzekoan orbitatzen duten. Adibidez, 1:1 batez besteko higidura erresonantzian dauden gorputzak orbitakideak dira, edota 1:-1 erresonantzian daudenak, noranzko ezberdina baina norabide berdina dutenak, alegia.[1] Gorputz orbitakideak sateliteak, asteroideak eta planetak izan daitezke, besteak beste.

Librazio puntuaren arabera, hainbat objektu orbitakide mota bereiz ditzakegu. Hobekien ezagutzen den eta ohikoena den gorputz orbitakidea troiarra da, zeinak bi Lagrangeren puntu egonkorretako batean libratzen duen; hau da, L4 edo L5 puntuan, erreferentzia gorputzetik 60º aurrera edo atzera, hurrenez hurren. Beste mota bat ferra orbita da, zeinean objektuak gorputz nagusiarengandik 180º-ra libratzen duen. 0º inguruan libratzen duten gorputzak kuasisatelite izenarekin ezagutzen dira.[2]

Orbita trukakorra bi gorputz orbitakidek antzeko masa dutenean jazotzen da, euren artean ez dutelako eragin grabitazional esanguratsurik egiten. Halako gorputzak elkarrengana hurbiltzean, ardatzerdi handia edo eszentrikotasuna truka dezakete.

ErreferentziakAldatu

  1. Morais, M. H. M.; Namouni, F.. (2013-11-21). «Asteroids in retrograde resonance with Jupiter and Saturn» Monthly Notices of the Royal Astronomical Society: Letters (1): L30–L34 doi:10.1093/mnrasl/slt106 ISSN 1745-3933 . Noiz kontsultatua: 2020-01-22.
  2. (Ingelesez) «Dynamics of two planets in co-orbital motion» arxiv.org 2018-09-03 . Noiz kontsultatua: 2020-01-22.