Puru bilatzaile (ingelesez: pure finder) Viktoriar Aroan bereziki Londresen sortu zen ogibide bat izan zen. Puru biltzaileek txakur-kakak bilatzen zituzten eta bildu[1], ondoren zurrategiei saltzeko[2]. Zurrategietan larrua malguago egiteko prozesu batean erabiltzen zuten[3].

Testuingurua aldatu

 
Zurraketa, 1880 inguruan.

Viktoriar Aroko Londres hiri zikina zen, garai hartaraino inoiz egondako hiririk handiena zen, planifikazio handirik gabe sortua eta osasun baldintza oso kaxkarretan. Hiriak ez zuen pertsonen zein animalien gorotzak bideratzeko sistemarik eta, ondorioz, lanpostu asko sortu ziren kaka hori guztia kendu edo ustiatzeko[4].

Material sintetikoak asmatu aurretik, animalien larrua erabiltzen zen eguratsaren eraginez babestu nahi ziren objektuak estaltzeko, adibidez liburuak[5]. Aristokraziak gero eta liburu gehiago eskatzen zituen, baina malgua zen larrua egiteko prozesuan pixa eta txakur-kaka behar zen, larruaren elastomeroak puskatzeko[3]. Honela, ekonomia oso bat eraiki zen txakur-kaka horren bilketatik, garesti ordaintzen baitzen. Bazen jendea hamarnaka txakur izaten zituena etxean, kakak zuzenean bildu eta teilatuan lehortzen jarrita, gero saltzen zuena[4]. Baziren ere besteek paseatzen zituzten txakurren atzetik joaten zirenak, kaka jasotzeko zain[3].

Lan baldintzak aldatu

Puru bilatzaileak 1830 eta 1930 artean ohikoak izan ziren Londresen. Kubo bat erabiltzen zuten euren lehengaia biltzeko eta, normalki, larruzko eskularru bat erabiltzen zuten kaka biltzeko. Hala ere, baziren eskularrurik erabiltzen ez zutenak, eskuak garbitzea eskularruak garbitzea baino errazagoa zela argudiatuz[3].

1850ko hamarkadan gorakada izan zuen ogibideak, larru merkatuaren oparoaldi batekin batera. Puru bilatzaileek soldata ona irabazten zuten euren lanarengatik, 1860an 30 zurrategi zeudelako eta bakoitzari 10 bat puru bilatzailek eskaintzen baitzien lehengaia. Hala ere, laster gehitu ziren pertsona pobreagoak, tartean emakume eta haurrak, eta prezioa jaitsi zen, konpetentzia handiagoa zelako eta salatzaile berriak pobreagoak[3]. 1851an posible zen puru bilatzaile batek zortzi eta hamar penike lortzea kubo oso batengatik[5].

Henry Mayhew antropologo viktoriarrak hainbat elkarrizketatu zituen, eta honakoak jaso zituen[1]:

« Nire aldetik, ezin dut esan nondik atera diren azken urteetako izaki gaixo guztiak; puruen prezioa jaitsi egin da, egia da, baina pobreek zerbait egin behar dute, ezin dira gosez hil zerbait lortu behar den bitartean. »

[oh 1]


Londresko kale batzuetan kale-garbitzaileak kontratatzen hasi ziren garai horretan. Puru bilatzaileek klase sozialaren aurkako traizio gisa ikusten zuten ofizio hori, eurei lana kendu eta kaka horiek zuzenean kaletik garbitzen zituztelako[1][3]. Bilatzaile batzuek akordioak egiten zituzten txakur jabeekin euren kaka guztiak garbitzeko, eta diru sarrera finkoa zuten. Askok, ordea, kalean egiten zuten bilaketa lana[5].

Zurratzaileek nahiago zuten txakur-kaka zuri lehorra, alkalinoagoa delako. Horregatik, puru bilatzaile askok euren produktua adulteratzen zuten, kareharrizko pareta zatiak txikitu eta gainetik botata. Honela, puruen kalitatea jaisten zen, baina itxuraz produktu hobea lortzen zuten eta prezio hobea eskuratzen zuten[3][5].

Herri-kulturan aldatu

Hainbat abesti iritsi dira guregana, puru bilatzaileen lana aipatzen dutenak[1].

«

Puru bilatzaile zahar bat naiz, bai puru da hitza
bilatzen dudana, nik eta ni bezalakoek, baliteke absurdoa izatea
bilatzen dut zakurrek uzten dutena, ogibide arraroa da
lan bat edo bi hartzea, hartzeko bi kaka.

»

[oh 2]


«

Puru bilatzaile zahar bat naiz, eta galdetzen didatenean 'zer moduz'?
Esaten dut, "Beno, kaka egiten du eta ondo egiten du, zuk ez?"
Kaka hain ondo egiten dut saldu egiten dudala,
Baina hobeto egin nezake kaka kakak ez balu usainik.

»

[oh 3]


Oharrak aldatu

  1. For my part I can’t tell where all the poor creatures have come from oflate years; they have pulled down the price of pure, that’s certain, but the poor things must dosomething, they can’t starve while there’s anything to be got.
  2. I am an old pure-finder, yes pure is the word / What I find, me and my kind, you might find absurd / I searches out what lurchers left, it’s a strange kind of job / Picking up a job or two, to pick up just two bob
  3. I am an old pure-finder, when folks say ’How d’ya do?’ / Says I, ‘Well, I do doodoo and do do well don’t you?’ / I do doodoo so well, when the doodoo I do sell, / But could do doodoo better if the doodoo didn’t smell

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d «London Labour and the London Poor (Vol. 2 of 4), by Henry Mayhew—The Project Gutenberg eBook» www.gutenberg.org (Noiz kontsultatua: 2021-02-20).
  2. (Ingelesez) «The 7 Worst Jobs In Victorian London» Londonist 2017-10-20 (Noiz kontsultatua: 2021-02-20).
  3. a b c d e f g Elliott, Pippa. (2015-05-25GMT11:47:24+00:00). «A dirty job, but not to be sniffed at» Vet Times (Noiz kontsultatua: 2021-02-20).
  4. a b Johnson, Steven. (D.L. 2020). El mapa fantasma : la epidemia que cambió la ciencia, las ciudades y el mundo moderno. Capitán Swing Libros ISBN 978-84-121979-0-7. PMC 1159744293. (Noiz kontsultatua: 2021-02-20).
  5. a b c d (Ingelesez) McMahon, Author Tony. (2019-10-28). «Dog dung used to make books look good!» Beardy History (Noiz kontsultatua: 2021-02-20).

Kanpo estekak aldatu