Poeta txiroa (alemanez: Der arme Poet) Carl Spitzwegek 1839an eginiko olio-pintura da. Hiru bertsio ditu. Ustezko lehen bertsioa jabetza pribatukoa da eta lehen Nurenbergeko Germanisches Nationalmuseum-en maileguan zegoen. Gaur egun ezagunena den bertsioa Neue Pinakothek-en dago. Beste bertsio bat Berlinen egon da. 1976an Frank Uwe Laysiepenek lapurtu zuen arte kanpaina politiko batean, baina zenbait ordu igaro ondoren itzuli zuen. 1989an, berriz, arte lapurrek lapurtu zuten Spitzwegen beste obra batekin (Maitasun gutuna), eta oraindik berreskuratu gabe daude.

Poeta txiroa
Jatorria
Sortzailea(k)Carl Spitzweg
Sorrera-urtea1839
IzenburuaDer arme Poet
Ezaugarriak
Egile-eskubideakjabetza publiko
Deskribapena
Kokapena
LekuaNeue Pinakothek

Deskripzioa aldatu

Idazle bat ageri da bere ganbaran. Gela txikia ezkerreko leiho txiki batek argitzen du. Eskuinaldeko teilatu habeetatik aterki bat zintzilikatzen da, ohea babestearren teilatutik isurtzen den hezetasunetik. Irudiaren eskuineko ertzean gelako atea ikus daiteke. Atearen parean, baldosa berdeko sutegi bat dago, surik gabe. Irudikatutako idazleak ez du oherik. Horren ordez, koltxoi bat dago lurrean hormaren kontra, non poeta gizajoa bata jantzita baitatza, gau-kapela buruan duela. Belaun gainean eskuizkribu-orri batzuk ditu.

Koltxoiaren aurrean liburu lodiak eta tintontzi bat duten bi kutxa daude. Muturrean zutik dagoen liburuaren bizkarrean latinezko hitzak daude: "Gradus ad Parnassum", zeina Johann Joseph Fux konpositore austriarraren lan teoriko nagusiaren izenburua baita edo, ziur aski, Paul Aler jesuitak Kolonian 1702an argitaratutako latinezko bertsoak idazteko jarraibideak. Baldosa berdeko sutegian, itzalitako kandela bat daukan botila bat dago, eta ondoan konketa bat. Haien gainean, eskuoihal bat zintzilik dago soka batetik.

Tximinian kapela bat zintzilik dago. Sutegiko zuloan, paper-orriak daude, latinezko "Operum meorum fasciculum III" izenburua dutenak ("Nire lanen hirugarren sorta"). Bota bakarra dago sutegi aurrean. Sutegiaren ezkerraldean lapiko bat dago, eta ondoko horman, bata bat zintzilik. Bastoi bat bermatuta dago ezkerraldeko hormaren kontra. Leihoaren atzean teilatu elurtuak daude. Hotza egiten duen seinale. Poeta, ordea, hain da pobrea, ezen ohean gelditzen baita bere burua pixka bat epeldu nahian. Bere lanak errez gero bakarrik berotu dezake bere burua.

Kanpo estekak aldatu