Piztiak

Euskal musika taldea

Piztiak taldea, 1991.urtean urtean, TU-K taldea desagertu zenean, Ondarroa eta Mutrikuko musikariez osatu zen taldea da.

Piztiak
Datuak
JatorriaOndarroa (Bizkaia)
Musika motarock
Urteak1991 -
Produkzioa
Diskoetxea(k)Elkar, Gaztelupeko Hotsak, Buztenbaltza
Taldekideak
Josu Aranbarri
Peio Larrañaga
Txomin Uribe
Jesus Galan
Kirmen Uribe
Lehengo taldekideak
Bernar Ituarte
Justo Urkiri
Carlos
Josu Eizagirre
Badok: piztiak Musikasten: piztiak

Taldea aldatu

Piztiaken lehenengo grabazioa Huts nazazu (Elkar, 1991) mini-LPa izan zen. Josu Aranbarri eta Txomin Uriberekin batera Bernar Ituartek (gitarra) eta Justo Urkirik (teklatua) osatzen zuten taldea. Bateria jotzailerik ez zuenez, Delirium Tremenseko Juan Jose Iurrita Txufu-k eta Jimmy Arrabitek (Itoiz, King Mafrundi) lagundu zieten grabazioan. Urte berean Ez naiz ezer (Elkar, 1991) singlea kaleratu zuten, bere lehenengo lan luzearen aurrerapen gisa. Ordurako Carlos zen taldeko bateria jotzailea. Hasi orduko (Elkar, 1992) soinu gordin eta gitarrazalez hornituriko 12 kantuz osaturik zegoen -CDan 13 ziren-, tartean Lou Reed kantari estatubatuarraren "White light-White heat" abestiaren bertsio euskaratua ("Argitan berotan"). Ekoizpena Jean Phocas, Juan Carlos Perez (Itoiz) eta Piztiaken artekoa izan zen. Taldeak horrela azaldu zuen disko honetan izandako eboluzioa: "Rock'n'rollean murgildu gara. Piezak aurreko diskoan agertzen direnak baino motzagoak eta indartsuagoak dira. Huts nazazu diskoan Tu-k gure aurreko taldearen eta Piztiaken arteko bidea islatzen zen. Bertan, pop eta rock estiloen nahasketa jorratzen genuen. Orain gure bidea aurkitu dugula uste dugu: rock'n'rolla. Garapena izan da" (1).

Disko hau aurkezten ari zirenean Carlosek taldea utzi zuen eta Peio Larrañagak (Jotakie) hartu zituen bateria jotzaile lanak, gaur egunera arte dirauena. Zazpi urte itxaron behar izan zuten zaleek Piztiaken inguruan zerbait jakiteko, baina itxaronaldiak merezi izan zuen. Argia eta itzala (Gaztelupeko Hotsak, 1998) teklaturik gabe eta Jesus Galan gitarrista berriarekin grabatu zuten, hortaz, soinua askoz gogorragoa eta indartsuagoa da, kantu batzuetan sei edo zazpi gitarra daudelarik. Jose Lastra teknikariaren lana goraipatu zuen taldeak: "Berehala ulertu zuen kontzeptua. Guk berari ezer esan gabe, REM, Pearl Jam eta Dream Syndicateren diskoekin etorri zen. Maketa entzunda, bazekien gustuko taldeak genituela" (2). Lehen diskoetatik taldearentzat hitzak sortzen aritutako Kirmen Uribe idazleak pisu handiagoa hartu zuen lan honetan.

Zero (Gaztelupeko Hotsak, 1999) hirugarren disko luzea lan kontzeptuala izan zen; liburuaren eta diskoaren arteko hibrido bat bezala definitzen dute taldekideek. Eta honen ostean berriz etenaldi luzea egin behar izan zuten, ume asko agertu zirelako taldekideen bizitzan, azaldu zutenez. Beste zazpi urte igaro ziren hirukote bihurturik itzuli arte. Josu Eizagirre bideoartistarekin Euriaren zain (Gaztelupeko Hotsak, 2006) ikusentzunezko obra prestatu zuten Txomin Uribek, Josu Aranbarrik eta Peio Larrañagak, eta Ondarroako Kafe Antzokian grabaturiko kontzertu berezia CD/DVD formatuan kaleratu zuten. Horren aurretik, 2002an, "Munduan dugun bazterra" kantua sortu zuen AEK Egunerako.

Gabeko kalapitxixak (Buztenbaltza, 2009) da Piztiak-en azken lana. Tu-k taldearen kantu bat berreskuratu dute disko horretan, "Pornographiaz", Kirmen Uribek 15 urte zituela idatzitako letra batekin, eta Petti kantariaren kolaborazioa izan dute. Egitasmo zabalago baten lehen atala da diskoa; film labur bat eta pintura erakusketa bat etorriko dira ondoren.

Taldekideak aldatu

  • Txomin Uribe - Gitarra eta ahotsa.
  • Josu Aranbarri - Bajua eta ahotsa.
  • Peio Larrañaga - Bateria.
  • Jesus Galan -gitarra.
  • Kirmen Uribe - hitzak.

Diskografia aldatu

Diskak aldatu

Singleak aldatu

  • Ez naiz ezer.

Erreferentziak aldatu

Kanpo Loturak aldatu

Piztiak taldearen Webgunea

Kanpo estekak aldatu