Tu-k taldea Ondarroa herrian sortu zen, 80. hamarkada erdialdean, Itoiz, Talking Heads, Echo & The Bunnymen edo Bauhaus bezalako taldeen eraginarekin. Tu-k bandaren izen bitxia erritmo kaxen soinu batetik hartuta omen dago ("tu, tu, tu, tu-ka.."). Hasieran, Josu Aranbaarri (baxua), Ander Ibarloza (tronpeta ) eta Txomin Uribe (erritmo kaxa ta kitarra) hirukote bezala aritu ziren arren. "Zuzenekoetan beltzez jantzita agertzen ginen Josu eta biok". Geroago, kide berriak batu zituzten taldera, Bernar Ituarte (kitarra) edota Justo Urkiri (teklista). 1987. urteko maiatzean, bere lehen kontzertua eskeini zuten eta, urte bukaerarako, maketatxo bat prest zuten, "Existentzia" (1987). Maketa horretan sei kantu dotore hauek bildu zituzten, "The sun lies down, "Azken?", "Norbait", "Existentzia garden batek", "Pornografiaz" eta "Beste uri bat besterik". Josuk idatzitako "Azken?" ezezik, beste letra guztiak Kirmen Uribe poeta gaztearen obra ziren. Maketa horrekin "I.Villa de Bilbao (1988)" maketa lehiaketan euskal talde onena bezala geratu zen. 1989. urtean, Tu-k taldearen bigarren maketa agertu zen, "Beltza" (1989). Lau kantu berriak lasaiagoak ziren, ilunagoak, pop musikaren esparrutik, rockerantz bideratuz, taldearen soinua gogortuz. 1990. urtean, Tu-k taldeak kontzertu pila eman zituen, batez ere, Gipuzkoa eta Bizkaia aldean. Zuzeneko hoietan distortziorantz jo zuten, martxa gehiago eskeintzeko zaletuei. Jada, kantu poperoenak ez zituzten jotzen. Garai hartan, helburu nagusia baterijole finko bat lortzea zen, diskolan bat kaleratzeko asmoz. Ez zuten maketa gehiago grabatu nahi, mini Lp edo maxi single bat nahiago zuten. Azkenean, disketxe ezberdinekin hitzegin ondoren, Elkar zigiluarekin sinatu zuten. 1991. urtean, Tu-k taldekoek Piztiak izen berria aukeratu, "Beltza" kantu zaharra berreskuratu eta "Huts nazazu" EPa (1991) Elkar argitaletxearekin kaleratu zuten.  Tu-k Piztiak bihurtu zen.