Palauko historia duela 4.000 urte hasi zen, lehenbiziko biztanleak iritsi zirelarik, Indonesia edo Filipinetatik ziur asko.[1] Irletako hilerriak Ozeania osoko ehorzketa-zeremoniaren arrastorik zaharrenak dira.[2] Pigmeo populazio bat ere izan zen, duela 900 urte inguru desagertu zena.[1] Ehunka urtez, palauarrek gizarte matrilineala izan dute; praktika horrek aurrekariak ditu Javan. Palauko usadioaren arabera, lurra, dirua eta tituluak emakumezkoen bidez oinordetzen ziren. Klanetako lurrak emakume tituludunen eta lehen alaben bitartez jaraunsten jarraitzen dute. Hala ere, Japoniak sartutako sentimendu patrilineala indarra hartzen ari da.

Pelew hiria 1788an.

Zalantzan dago noiz gertatu zen lehendabiziko kontaktua Europarrekin . Ez dago argi Rui Lopez de Villalobos itsasgizonak 1543an irlak ikusi zituen edo ez. Erabateko frogarik ez dagoen arren, aditu batzuen ustez baliteke hegoaldeko uharteak ikusi izana. Nolanahi ere, europarrek aurkitu zuten Ozeano Bareko azken uharteetakoa izan zen Palau. Guam, Marianak, Mikronesia eta Marshall Uharteak bezala, Palau Espainiako Ekialdeko Indietako zati izan zen, eta filipinetatik gobernatu zuten, 1898ko Espainia-Estatu Batuak Gerra arte. Desagigoaren ostean, Alemaniari saldu zizkion uharteak Espainiak.

1914-1944 bitartean Japoniaren mendeko lurraldea izan zen. Hiru hamarkada horietan, Japoniak kultura aldaketa ezarri zuen, eta merkatuko ekonomiak amaiera eman zion tribuen jabetzari. Japoniarrek han ezarri zuten beren itsas base handiena Bigarren Mundu Gerran, eta Estatu Batuek base hura mendean hartu zutelarik, Nazio Batuen Erakundeak Estatu Batuen babespean jarri zuten Palau 1947an. Bigarren Mundu Gerraren amaierarako Palauko bertako biztanleen kopurua 45.000tik 6.000ra murriztu zen.

1978an, Palauk uko egin zion Mikronesiako Estatu Federatuetan sartzeari, hizkuntza eta kultura desberdintasunak zirela-eta. 1979an konstituzio bat idatzi zen; konstituzio haren arabera arma nuklearrak edo hondakin erradioaktiboen biltegiak ezartzea debekatzen zen, atzerritarrei bertako lurrak erostea eragozten zitzaien, etab. Baina, Estatu Batuen presioen ondoren, konstituzioan hainbat aldaketa sartu ziren eta Estatu Batuekiko elkartasun askeko hitzarmena onartu zen 1987an. Hurrengo urtean legez kanpo utzi zen konstituzioaren aldaketa baina, azkenean, 1994an onartu zen Estatu Batuekiko hitzarmena. Palau Estatu Batuei elkarturiko estatu burujabe bihurtu zen horrela (Estatu Batuen esku dago Palauko defentsaren ardura). Burujabetasuna lortu ondoren eta 2001. urtea arte, Kuniwo Nakamura izan zen Palauko agintaria. 2000. eta 2004. urteetan, Tommy Remengesau Jr. hautatu zuten lehendakari.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Palau. Historical Boys' Clothing, histclo.com (Noiz kontsultatua: 2018-8-21).
  2. Fitzpatrick, Scott M.. Early human burials in the western Pacific: evidence for c.3000 year old occupation on Palau. users.clas.ufl.edu (Noiz kontsultatua: 2018-8-21).

Kanpo estekak

aldatu