Ortega Lararen zuloa

ETAk Arrasaten eraikitako bahiketa-zuloa

Ortega Lararen zuloa José Antonio Ortega Lara bahituta edukitzeko ETAk prestatu zuen zelda itxi klandestinoa izan zen, Arrasateko lantegi batean kokatua. 1996ko urtarrilaren 17tik 1997ko uztailaren 1ra, zuloan 532 egun egin zituen Ortega Larak, polizia-operazio batean Guardia Zibilak atera zuten arte. Zuloa desegin egin zuten, baina 21. mendean erreplika bat dago Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroan, Gasteizen.

Ortega Lararen zuloa
Historia
Kokapena
Koordenatuak43°03′32″N 2°29′33″W / 43.05892474°N 2.49250671°W / 43.05892474; -2.49250671
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaArrasate
Ezaugarriak
Dimentsioak200 (altuera) × 180 (zabalera) × 248 (luzera) cm

Kokapena

aldatu

Zuloa Arrasateko San Josepe auzoko eraikin industrial batean kokatutako lantegi batean zegoen. Ortega askatu zuten egunean atxilotu zituzten lau lagunek enpresa bat zeukaten bertan, alokairuan, Jalgi CB izenekoa. 1989tik zegoen lantegi hura bertan, baina 1996-1997 urteetan, bahiketaren unean, aktibitaterik ez zeukan. Atxilotu horiek izan ziren Jose Luis Erostegi Antzuolakoa, Xabier Ugarte Villar Oñatikoa, Josu Uribetxeberria Arrasatekoa eta Jose Migel Gaztelu Bergarakoa.[1]

Zuloaren aurkikuntza

aldatu

1997ko uztailaren 1ean, lantegiko ustezko lau lankide edo bazkideak atxilotu zituzten, bakoitza bere herrian, goizeko 3.30ak aldera. Atxilotuetako bat, Josu Uribetxeberria, lantegira eraman zuten baina, polizien bertsioaren arabera, ez zuen zuloa aurkitzen kolaboratu. Azkenik, goizeko 6.30etan, makina bat tokiz aldatuz, sarbide ezkutua aurkitu zuten guardia zibilek, eta handik jaitsita, aurkitu eta askatu zuten Ortega Lara.[1]

Zuloaren ezaugarriak eta baldintzak

aldatu

Zuloko zelda hiru gelako sistema baten parte zen, eta Ortega ezkutuenekoan zegoen. Sarbide bertikal bat zuen sistema horrek, sistema hidrauliko batekin irekitzen zena. Sarbide hori makina batek estalzen zuen lantegian.

Zulo barruko bizi-baldintzak oso okerrak ziren. Oso gela hezea zen, Deba ibaitik metro gutxira baitzegoen, eta inolako leihorik gabea. Ez zen iristen 3 metroko luze eta 2,5 metroko zabal izatera, Ortega Larak hiru pauso baino ezin zituen eman ariketa egitekotan.[2] Bonbilla txiki baten argia zeukan. Zuloaren zuloa sintasolez zegoen estalia eta paretak zurez. Kazetariei sartzen eta ikuskatzen utzi zieten guardia zibilek bahiketa amaitu eta egun gutxira.[3] [4]

Bahituak bi marmita jasotzen zituen, bata bere beharrak betetzeko eta bestea garbitzeko. Bahitzaileek erretilu bat ematen zioten egunean hiru bider, baso bat ur eta plater bat fruta eta barazkiekin. Egunero jasotzen zituen egunkaria eta botikak, eta walkman bat eta liburuak ere bazituen. Ortega Lararen arabera, bahitzaileekiko harremana aldatuz joan zen, elkarrizketa politiko adeitsuak partekatzetik traturik ez izatera.

Erreplika

aldatu

Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroan, Gasteizen, zuloaren erreplika bat dago bisitagarri zentro hau 2021ean ireki zenetik.[5] Erreplikako argazkiak dira hauek:

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Arrasate Press. (1997-07-04). Ortega Lara Arrasaten aurkitu ondorengo egunetan. Arrasate Press, 10-11 or. (Noiz kontsultatua: 2024-07-10).
  2. (Gaztelaniaz) Muñoz, Miguel. (2022-07-01). «Así era el zulo donde Ortega Lara permaneció secuestrado 532 días por ETA» elconfidencial.com (Noiz kontsultatua: 2024-07-10).
  3. Arana, Goio. (2012-07-02). «Ortega Lararen zulora» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2024-07-10).
  4. Arrasate Press. (1997-01-11). Makina bat komunikabide etorri zen Arrasatera zuloa ikustera. Arrasate Press, 13 or..
  5. (Gaztelaniaz) EFE. (2021-06-01). «Los Reyes visitan la réplica del zulo de Ortega Lara y reivindican el papel de las víctimas del terrorismo» El Periódico de Aragón (Noiz kontsultatua: 2024-07-10).

Kanpo estekak

aldatu
  • Ortega Lararen zuloaren aurkikuntzako irudiak, eta zuloaren berregiketa digital bat, biak bideo batean.