Nitrosamina

=N-N=O taldea duten konposatu organikoen izen generikoa. Nitrosamina asko kartzinogenoak dira. Elikagaigintzako prozesu batzuetan, nitrosaminak eratzeko arriskua dagoela behatu da; eskuarki, nitritoen eta aminen eraldaketaren ondorioz.

Nitrosamina egituran =N-N=O taldea duen konposatu organikoa da, aminak nitrogeno oxidoekin edo nitritoekin erreakzionatzean eratzen dena. Nitrosoamina izenez ere ezagutzen da. Formula orokorra R2N-NO da; hor, R2, edozein erradikal organikoren adierazlea da.

Nitrosaminen egitura orokorra

Nitrosaminak kartzinogeno indartsuak dira animalientzat, eta nitrosamina eratzeko lehengaiak animaliek ekoizten dituzten janari askotan daudenez (haragian, arrautzetan, eta abarretan), asko aztertu da gai kimiko hauek gizakiengan zer eragin duten. Egin diren ikerketen arabera, ezin esan daiteke haragiak ontzeko erabiltzen diren nitritoek gizakiarengan ondorio kartzinogenikorik dutenik. Animaliengan kartzinomak sortzen dituztelako aztertu diren nitrosaminen artean, dimetilnitrosamina, (CH3)2N-NO, eta dietilnitrosamina, (C2H5)2N-NO, daude. Biak likidoak dira.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu