Ireki menu nagusia

Nacho Lavernia (Valentzia, Espainia, 1950) industria diseinatzailea da.

Nacho Lavernia
Nacho Lavernia Company, 2012.jpg
Bizitza
Jaiotza Valentzia1950  (68/69 urte)
Herrialdea  Espainia
Jarduerak
Jarduerak diseinatzailea

BizitzaAldatu

Nacho Lavernia diseinatzailea, 1950. urtean jaio zen Valentzian. Valentziako Arte eta Lanbide-Eskolan diseinua ikasi zuen, eta honen ostean, Bartzelonara joan zen formazio gehiagoren bila. Bertan, Elisava Eskolan, hain zuzen ere, diseinu industrialari ekin zion. Bukatu ondoren, Valentziara bueltatu zen. Han diseinu grafikoan murgildu zen diseinu industriala alde batera baztertuz, lan-eskaintza gehiago baitzegoen. 1973.urtean,  bere lehen estudioa sortu zuen Pepe Calvo diseinatzailearekin batera, eta haien lehen diseinua Carlos Ferrater arkitektoarentzat izan zen. Nou Disseny Valenciá kolektiboaren bitartez, Eduardo Albors eta José Juan Belda ezagutu zituen. Bi hauek, Caps i Mans izeneko diseinatzaile profesionalen taldea zuten, eta 1979an, Lavernia haiekin batu zen.

1984. urtean, Laverniak La Nave proiektua sortu zuen Valentziako beste diseinugile gazteekin batera. Beraien artean Daniel Nebot zegoen. 80ko hamarkadan, Valentzian diseinu arloko eskaria nabarmenki hasi zenez, La Nave taldeak garrantzi handiko hainbat lan burutu zituen. Egindako lanen artean honako hauek daude: A-7 autobidearen tarte baten bide-seinale turistikoak, Valentziako parke teknologikoa, Generalitat-eko lorategi botanikoa, etab. Talde honek Valentziako diseinuaren egoeran nabarmenki eragin zuen.

1990ean, Pepe Gimenorekin elkartuta, Gimeno-Lavernia estudioa sortu zuten. Hala ere, 1994. Urtera arte soilik mantendu zuten zabalik.

1992an, Lavernia ADCVaren (Valentziako Erkidegoaren Diseinugile Elkartea) lehendakaritzara sartu zen, lau urteko epealdi baterako.

1994an, Lavernia y Asociados estudioa ireki zuen. Gainera, 2000 urtean, Alberto Cienfuegos, bazkide bezala sartu zen estudioan. Ondorioz, estudioa izenez aldatu zuten, Lavernia & Cienfuegos izena jarri zioten.

Nacho Laverniak eremu publikoan eta pribatuan lan egin du, bai industria-sektoreetako bezeroekin, bai kosmetikako edo elikadurako enpresa multinazional handiekin, eta baita bertako enpresa txikiekin ere. Bere bezeroen artean hurrengo hauek nabarmentzen dira: Zara, Unilever, Mercadona, Natura (Brasil), Planeta De Agostini eta Philip Morris International.

Nazioarteko eta nazionalak diren diseinu-erakusketetan eta konferentzietan parte hartu du. Izan ere, bere lanak bereiztutako argitalpen askotan ikus daitezke. Espainiako diseinuaren gaurko nortasun-ezaugarri askotako aitzindaria izan da. Gainera, bere dibulgazio- eta irakaskuntza-lana dela eta, San Pablo CEU Unibertsitateko Fundazioko diseinu-irakaslea izan zen. Horrez gain, diseinu-artikuluak ere idatzi ditu hainbat aldizkaritan: On Diseño, Creativity News, ARDI-a eta Barne-diseinua, batik bat.

Nacho Laverniak diseinugile-lanbidearekin zerikusia duten alderdi teorikoekiko interes berezia erakutsi du, hala nola: diseinu-metodologia, proiektuaren kultura, berrikuntza-estrategiak, diseinuaren kudeaketa,... Horregatik, komisario bezala aritu da “Suma y Sigue del diseño en la Comunidad Valenciana” diseinu-erakusketan, Paco Bascuñánekin batera.

Azken aldian, Nacho Laverniak publiko zabalarentzako diseinu ona hurbiltzen era nabarmenean lagundu du Lavernia & Cienfuegos enpresaren bitartez. Alde batetik, kontsumo masiboko eta nazioarteko fabrikatzaile handien produktuen aurkezpena hobetzeko lan egin du. Beste aldetik, Espainiako ekonomiarako diseinuak duen eragina agerian utzi du, nazioartean lehiatzeko gaitasuna areagotzen duela erakutsiz.

EnpresaAldatu

Nahiz eta diseinu-prozesuko fase desberdinetan espezializatutako diseinugile-talde bat izan, Nacho Lavernia eta Alberto Cienfuegos dira arduradun nagusiak. Estudioko helburua, gaur egun ohituta gauden estetikatik urruntzea da. Haien ustez denboraren poderioz produktuak berehala zaharkituak geratuko dira. Horregatik, produktuen atenporalitatearen bila lan egiten dute. Gaur egun, Lavernia & Cienfuegos estudioak nazioarteko ospe sendoa du, adibidez, Japonian, Txinan, Errusian, Belgikan, Erresuma Batuan, Brasilen, Suitzan eta Espainian.

Diseinu-filosofiari begira, Nacho Laverniak diseinua komunikazioa dela baieztatzen du. Gainera, funtzionaltasuna eta estetika alde batera utziz, diseinuak erabiltzailearekin zuzenki konektatu behar duela sutsuki defendatzen du. Hala ere, diseinuak bideragarria izan behar du, horregatik, proiektuaren eskakizun guztiak ezagutzea komeni da. Hala nola, marketina, ekoizpenak inposatzen dituen mugak eta logistika.

SariakAldatu

Lavernia & Cienfuegos estudioa oso espezializatua dago diseinu grafikoan, diseinu industrialean eta packaging-ean. Hala ere, esperientzia handia dute baita honako zereginetan: identitate korporatiboaren diseinuan, katalogo-diseinuan, memorietan eta enpresa-komunikazioko eta erakundeetako gainerako euskarrietan.

Produktu-diseinuetan lan egiteak, bai materialetan eta baita prozesu industrialetan esperientzia zabala garatzeak ahalbidetu dio Laverniaren enpresari. Gainera, hiru dimentsiotako formen eta akaberen adierazpenean asko sakondu ahal izan dute.

Ondoren, Nacho Laverniak eta Alberto Cienfuegosek estudioko produktuei esker hainbat sari jaso dituzte honako eremuetan:

  • 2003an, DELTA saria lortu zuten bainugelarako osagarrien diseinuarekin.
  • 2011an, “Interior Innovation Award” saria jaso zuten, “Swing” eta “Faro” higiene-ontzien produktuen diseinuarekin.
  • Delhaize Jams-ek agindutako packaging diseinuak “Best Redesigned Food Brand” saria irabazi zuen, “The FoodBev Awards 2012” sarietan.
  • 2013an, “Pentaward” saria “Delhaize Soups”-erako izan zen. Sopa-ontziaren Brief-ak osagai nagusiak nabarmendu behar zirela ezartzen zuen. Gainera, argazki bat erabiltzea eta “zerbitzatu baino lehen umore pixka bat hautseztatzea” interesgarria izango litzatekela adierazi zuen.
  • 2014an, “The Deline Awards”-ek bere proiektuetako bi saritu zituen. Alde batetik, Etnia markarako kolonia-lerroak osasun-kategoriako hirugarren saria lortu zuen. Eta bestetik, Extrem-erako lehen saria Elikagai Prestatuko kategorian jaso zuen, urdaiazpiko iberiko sustapen-ontziarekin.
  • Pentawards”-en 2015-eko ekitaldian bi “Silver award -ekin” saritua izan zen:  ZARA Play eta Vegamar Selección Xanpaina aukeraketan, “Luxury” kategorian, hain zuzen.
  • 2015ean, RNB/Mercadona enpresarentzat garatutako “Solcare” eguzkirako kremaren produktu-lerroa eta Delhaize enpresarentzako “Wines of the World” etiketak sarituak izan ziren “Dieline Awards”-etan.
  • DESIGNPLUS sari ugari jaso dituzte, hala nola, dutxa-plater baten diseinuarekin. Honek ez du soilik itxura estetikoki egokia, baizik eta dutxa-plater oso laua eta satinatua da, dutxatzen denaren oreka mantentzen laguntzeko.

Nacho Lavernia diseinugileari emandako dominek bere ibilbide profesionalaren onarpena adierazten dute. Hala ere, diseinugile baten lana saritzeak, bere taldearentzako onarpena ere suposatzen du. Hau horrela izanik, diseinugilearen ofizioan bikaintasuna bilatzeko bidea  ezin da egon urrunduta disziplinatik, etengabeko lanetik, bere lanaren berrikustetik eta baita ekoizpen-mundutik ere. Laverniak bere bizitza guztian diseinatu duena kalitatekoa izan da, hutsaletik urrunduta.

Berrikuntzako eta Diseinuko Nazio-Sariak Espainian ematen diren saririk ospetsuenak dira. Hauek bi abantaila suposatzen dute diseinatzaile batentzat. Batetik, diseinu enpresentzako onarpena; eta, bestetik, diseinatzailea premiatzen dute honek egindako ibilbide bikainagatik. Bestalde, berrikuntza eta diseinua funtsezko faktoreak dira, lehia eta errendimendu ekonomikoa handitzen baitituzte, ondorioz herritarrei bizi-kalitate hobea ematen diete. Haiekin diseinuaren kultura eta Espainiako berrikuntza sustatzea da helburua, bai enpresa-eremuan, baita gizartean ere.

Nacho Lavernia, 2012an, 30.000 eurorekin saritua izan zen Diseinuko kategoria profesionalean, 80ko hamarkadan hasitako ibilbide ikaragarriagatik. Ibilbide honek hainbat sektoretan izan du eragina, batik bat, sektore ekonomikoan eta diseinu grafiko eta industrialean. Hau gutxi balitz, bezero eta eskakizun mota desberdinentzat lan egin du. Horrela, bere diseinuekin bezeroen eta enpresen arrakasta bermatzen du.

ErreferentziakAldatu

  • Lavernia & Cienfuegos web-orrialde ofiziala: http://www.lavernia-cienfuegos.com/es/ .(Azken kontsulta: 20/05/2016)
  • Lavernia, Cienfuegos y Asociados: de la imagen al producto (Volum 12 de Serie Diseñadores Valencianos). Universitat Jaume I, 2006.Universitat Jaume I. ISBN 8495915669. (Azken kontsulta: 20/05/2016)
  • Design Now!Taschen, 2007, p. 296-303. (Azken kontsulta: 20/05/2016)