Montalivet jauregia Gipuzkoako Mutriku udalerrian dagoen jauregia da eta 1964an ondare kultural izendapena jaso zuen[1]. Mutrikuko Alde Zaharrean dago.

Montalivet jauregia
Montalivet jauregiaren irudia.
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaMutriku
Koordenatuak43°19′N 2°23′W / 43.31°N 2.38°W / 43.31; -2.38
Map
Arkitektura

Juan Jose Iturribalzaga Sanchez-Revata Montalivet Fajardo, Oñako baroiak, agindu zuen jauregi hau eraikitzeko XVIII. mendearen bukaeran. Jauregia Francisco Iberok diseinatu zuen, Gipuzkoako barrokoaren arkitekto ezaguna izan zenak. Harlanduzkoa da, balkoi jarraitu bat dauka bi fatxadetan, eta izkina batean, armarria ageri da.

Ezaugarriak aldatu

Portura doan Tranpakale kalean kokatua dago jauregia. XVIII. mendean zehar, hiri askotan, bultzada demografikoak eraginda, garrantzia hartu zuen altueran egindako eraikuntzak. Horren adibide da Montalivet jauregia[2]. Malda handiko guenan kokatua, ezaugarri horri egokitu behar izan zioten eraikina, zeinaren eskuin alboko fatxadak arteko horma osatzen baitu. Harlangaitz zarpiatua erabili zen, fatxada nagusian izan ezik; fatxada hori harri landuz egina da. Hiru isuriko teilatua du. Fatxada nagusia, kalera ematen duen aldean, harlanduzkoa da eta platabanda molduradunez bereizitako hiru mailaz dago osatua. Azpimarratzekoak dira arku beheratuko leiho handiak, moldurez apainduak. Behe solairuan, sarbide ateak arku beheratua du eta dintelaren gainean leiho biribila, eta bi harroin erdi barneratuz inguratua da, fatxadaren ezkerraldean. Gainerako hutsarteei dagokienez, lau leiho handi dira, burdinsarez babestuak, eta arku beheratuz eta moldurez hornituak. Solairu nagusia balkoi jarraitu bat da, forja burdinezkoa, fatxada alderik alde hartu eta alboraino iristen dena; balkoi horrek hartzen ditu bost hutsarteak, behe solairukoen antzera osatuak. Eraikinaren aurreko aldearen eta ezkerrekoaren artean Montalibet armarria ageri da. Hirugarren solairuak, ganbarak, bost hutsarte ditu ingurune irtenekoak. Erlaitz molduradun batek eta landare gaiak zizelaturik dituen hegal irten aberatsak ematen diote errematea[3].

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Bienes de Interés Cultural. (Noiz kontsultatua: 2017-09-23).
  2. Open Data Euskadi, Xipri. (Arbelbide). 'Euskal Herria' entziklopedia enblematikoa: Arkitektura zibila I - Eusko Jaurlaritzaren datu irekiak. Open Data Euskadi, 188 or. (Noiz kontsultatua: 2017-09-27).
  3. Kultura eta Hizkuntza Politika saila. Kultura Ondarea. (Noiz kontsultatua: 2017-09-23).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu