Lumilinna

Kemiko elur-gaztelu argiztatua gauez.

Udalerria Kemi, Lappi
Herrialdea  Finlandia
Garaia Urtero eraikitzen da 1996tik
Helbidea Torikatu 2, Sauvosaari
Lumilinna is located in Kemi Erdigunea
Lumilinna
Lumilinna
Webgune ofiziala (Finlandieraz) (Ingelesez)

Lumilinna edo Elur-gaztelua elur eta izotzez bakarrik eginik dagoen munduko eraikin handiena da. Kemi finlandiar hirian dago, Botniako badiaren ertzean, eta Lainio elur-herrixkarekin batera, urtero eraikitzen den herrialdeko egitura bakarra da. Lumilinna hiriko erakunde nagusiek Kemi-Tornioko negu turismoa sustatzeko abian jarritako egitasmo baten eskutik iritsi zen 1995ean; eta adostutako akordio horri esker, aurreneko elur-gaztelua eraikitzen hasi ziren urtebete beranduago. Elur eta izotzezko egitura honek 13 km²-ko azalera zuen, baina gaur egungo elur-gazteluak, guztira, 20 km² dauzka. Izan ere, urtez urte arkitektura ere aldatu egiten da, hala ere, lekua bermatua duten hiru mugiezin ere badaude: Lumiravintola (Elur-jatetxea), Lumihotelli (Elur-hotela) eta Lumikappeli (Elur-kapera). Bestalde, inoiz eraiki diren elur-dorre garaiena eta harresi luzeena 2009an egin ziren eta 20 m-ko altuera eta 1.000 m-ko luzera izan zuten hurrenez hurren. Aipatzekoa da eraikinak urteko sei milioiko gastua duen arren, oso errentagarria dela Kemiko eta azpieskualde osoko eraikin bisitatuena delako; hala nola, iaz 104.000 lagun inguru izan zen bertan [1].

Elur-jatetxeko aulkiak.

Lumilinna elurra lurzoruan finkatuta dagoenean eraikitzen hasten da, abendu aldean, eta eraikuntza-lanek hilabete irauten dute. Irekirik egoten den garaian, antzerkiak, izotz-arte erakusketak, dantza- eta opera-saioak, eta antzeko kultura ekitaldi ugari antolatzen dira. Baina, egitura mantentzeko -5 °C-ko tenperatura behar denez, udaberriaren lehen eguzki-printzak hasten direnean, apirilean, urtzea hasten da eta elur-gazteluak ateak isten ditu. Ordutegia oso zabala da, elur-gaztelua 10etatik 19tara irekita egon ohi da. Sarrera-prezioak, bestetik, 8€ helduentzat, 4€ 4-11 urte bitarteko umeentzat eta debaldekoa 0-3 urteko haurrentzat dira. Antolatzen diren ekitaldiez gain, umeentzako jolas-parkea eta ekintzak ere badaude [2].

Lehen esan bezala, diseinua urteko gaiaren arabera aldatu egiten da; esate baterako, 2006ko diseinu-gaia sua izan zen, 2007koa itsasoa, 2008koa turismoa, 2009koa diseinua, iazkoa nazionalismo erromantikoa eta egungoa, azkenik, komikigintza, hiriko Komikialdiaren (Kemin Sarjakuvakeskus) hamabosgarren urteurrena baita. Dena den, alegia, urtez urte arkitektura aldatzen den arren, oinarrizko ezaugarri batzuk betetzen ditu elur-gazteluak urtero; hiru solairuko egitura beti mantentzen da, izotza eta elurra dira erabiltzen diren elementu nagusiak eta lekua bermatua duten hiru mugiezin daude [3]:

  • Lumihotelli edo Elur-hotela: elur-gazteluaren baitan bezeroek lo egiteko duten aukera da. Elur-hotel honek, guztira, hogeita lau gela ditu: hogei gela bikoitz, bost lagunentzako hiru gela eta suite bakarra. Logela hauek herriko artistek dekoratu dituzte eta horretarako, Lappi eta hiriko jatorrizko apaindurak eta bitxikeriak erabili dituzte. Lehen aipatu bezala, batez besteko tenperatura -5 °C-koa den arren, logelak girotuak daude eta eskualdeko gau artikoak zaku barruan goxo-goxo igarotzeko aukera dute lotiek [4].
  • Lumikappeli edo Elur-kapera: hiriko eta eskualdeko kapera bereziena da, elur eta izotzezkoa baita. Ehun bat eserleku ditu eta eraikitze-estiloa aldatzen ez duen elur-gazteluko leku bakarra da. Irekita egoten den bitartean bataioak eta ezkontzak antolatzen dira, baina meza ohikoak Kemiko elizan ematen dira; aipagarria da Japonia eta Hong Kong urrunetatik etorritako bikoteak ere ezkondu izan direla bertan [5].
  • Lumiravintola edo Elur-jatexea: Finlandia osoko elur eta izotzezko jatetxe bakarra da. Jatetxeak 170 lagunentzako edukiera du eta eguerdiko 12etatik gaueko 22etara irekita egoten da. Bertan, izotz-eskultura erakusketa zabala dago eta nazioarteko artelanak ikus daitezke. Bezeroek zero azpiko gradupean egon behar duten arren, eskualdeko janari beroa eskaintzen da eta aulkiak elur-orein larruz estalirik daude [6].

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. SnowCastle Etusivu. 2011.03.25
  2. Tixik[Betiko hautsitako esteka] Ve finsku opet otevreli snehovy hrad lumilinna. 2011.03.26
  3. SnowCastle Teemana Sarjakuva. 2011.03.25
  4. LumiHotelli 2011.03.26
  5. LumiKappeli 2011.03.26
  6. LumiRavitola 2011.03.26

Kanpo estekak aldatu

65°44′7.73″N 24°33′32.25″E / 65.7354806°N 24.5589583°E / 65.7354806; 24.5589583