Lezoko garbitoki edo labaderoak

1858an sortutako ''Puntaleko'' garbitokia eta 1924ean sorturiko ''Zubitxoko'' garbitokiak

Lezoko garbitoki edo labaderoak. Lezon bi garbitoki edo labaderoen aipamena egiten da: 1858an sortutako Puntaleko garbitokia bata, eta 1924ean sorturiko Zubitxoko garbitokia bestea, azken honek 1970 arte funtzionatu zuen. Ez soldatarik, ez eta errekonozimendurik gabeko emakumeen lantokiak izan dira garbitokiak. Baina aldi berean, emakumeen sozializazio eta balioak transmititzeko gune garrantzitsuetan bilakatutakoak.

Zubitxoko lehen garbitokia

Historia

aldatu

Etxeetan urik ez zen garaikoak dira lehenengo garbitokiak, erreka bazterretan edo ubideen arroetan sortutako ur putzuak eta kasu askotan erreketako harri-lauzak probestuz sortzen ziren garbitoki naturalak izaten ziren. Lezo urez inguraturik zegoenez edozein eremutan sortzen ziren garbitokiak, baina lehen aipamenak Lezon, badiako Puntaleko (1858) garbitokiarenak dira.

Lezoko Udal liburutegiko artxiboan dauden agirietan agertzen denez, 1858ko azaroaren 10ean hitzarmen baten berri ematen dute, non adierazten duten Udaletxeko ordezkarien izenean (Julian Agirre alkatea eta Andres Arretxe, Francisco Garin, Juan Jose Olasagasti, Martin Goenaga eta Benito Olaizola) sindikoa eta errejidoreak eta Real Compañia Asturiana de Minas edo RCAM, metalurgia eta meatze lantegiko (Emilio Schmidt zuzendariaren ordezkari zen Miguel Tabuyo) idazkariaren artean sinatutako hitzarmena.

Adosturiko hitzarmenak zioenez, Puntaleko garbitokian soberan ziren urak lantegi berriaren ur-aprobetxamendurako emango zizkion Udalak, eta horren truke garbitoki berri baten eraikuntza, Real Compañia Asturiana de Minas lantegiaren kontura izango zen.[1]

 
Puntaleko garbitokiaren hitzarmena
 
Lezoko badian Puntale, antzina

Hasiera batean, ur emariak sortutako errekatxo ertzak erabiltzen ziren garbitoki gisa, geroxeago etorri ziren herriguneko errekatxo bazter jendetsuenean kokaturiko Puntalekoa kai aldean eta Zubitxo aldean, Iparragirre errekak sortutako garbitoki naturalak. Eta berehala hasi ziren eraikin itxura ematen aipatu garbitokiei, garbitzaileak eroso egon zitezen. Eta Puntaleko garbitokiaren eraikuntzaren berri 1858an egindako hitzarmenean aipatzen bada ere, ez dago aztarnarik egitera iritsi zirenik, bai ordea, Zubitxoko garbitokiarena, non aipatzen den Zubitxoko garbitokiko obra-lan horiek egiteko herritarrak enkantera aurkez zitezen 1924ean Udalak egindako deialdiarena, bertan adierazten baita zeintzuk izango ziren enkantean ateratako bi proiektuok: Garbitoki publikoaren berrikuntza edo erreformarakoa, bata eta beste berri baten eraikuntza-lanen enkantea, bestea.[1]

Zertarako eta nola erabiltzen ziren garbitokiak

aldatu

Oso praktika zaharra da jendea bizi den etxebizitza bateko arropa garbitzearena, horrek dakarren prozesu guztiarekin. Tradizioz, emakumeak arduratzen ziren horretaz eta XIX. mendearen amaiera edo XX. mendearen hasiera arte, arropak ibai ertzetan eta errekastoetan garbitzen ziren, ibai edo erreka ertzak hasiera batean ohiko eszenatokiak zirenak, ekimen sozialean bilakatuz. Ez ziren arropa garbitzera soilik joaten. Emakume haien bilguneak ziren, elkarri laguntzeko eta kontu kontari aritzeko guneak. Lan nekagarria zena ahal bezain jasangarrien egiten zekiten, nahiz eta zahartzaroan lan horri atxikitako osasun-arazoak pairatu. Gainera, beti ez ziren lekurik goxoenak izaten putzu horiek, uretan blai egoteaz gainera, askotan, Puntaleko kasuan esate baterako, itsasaldien arabera ezin izango zutelako deus egin, dena urak hartzen baitzuen.

Baina Zubitxoko garbitokiaren kasuan, 1924ean aurrerapen garrantzitsua izan zen ur-lasterren gainean estalpea eraikitzea. Estalpe horren barnean banku edo tiradera moduko batzuek jarri ziren , non emakumeak eroso egon zitezkeen belauniko edo makurturik, hezetasunetik babestuz, eta harri bat zuten behealdea uretan sartuta zuena eta beronen gainean, xaboiez igurtzi eta arropa bertan jo zezaketena.

Zernahi arropa mota garbitzeko erabiltzen zen garbitokia, izan eguneroko arropa txikia edota, gainontzeko arropa zuria, laneko arropak edota, kolorezkoa eta mantak, ohe-azalak...bezain handiak ere.

Bistan da, emakumeak izaten zirela oro har etxeko lanez arduratzen zirenak eta horien artean arropa garbitzeaz, erreka ertzetara eta garbitokietara joaten zirenak arropaz beteriko saskiak asto gainean edota galdarak buru gainean zeramatzatenak, egunero, goiz ala arratsaldez gobadaz betetako saski eta pertzen dantza biziaren isla bailitzan, latsarririk hoberena hartzeko prest.

 
Zubitxoko labaderoa 1970

Baina emakume askok etxeko arropa garbitzeko prozesua aurrez etxean hasten zuen, hala nola, errautsez igurtzitako arropa uretan sartu eta gero xaboiez igurtzitako latsarri batean marruskatu ondoren, zikinkeria gehiena kendu eta uretan sartzen zuen berriro, eraginez eta ondoren ur ertzean lehortzen utziko zuen gobada, gero, egun eguzkitsu eta beroa bazen, arropa lehortuarekin etxera itzultzeko.

Beste batzuetan aldiz, gauez esekitzen zuten arropa, batez ere “ilargi beteko gauetan” baina ohikoena eguzkitan, belarretan edo sasietan zabaltzea izaten zen, askotan, horretarako etxeko gaztetxoren bati arropa hori zaintzeko ardura emanez eta behin lehortutakoan, tenkatu eta tolestu ondoren, berriro zumezko saskian edo zinkezko galdaran sartu eta etxera itzultzen ziren.

Eta arropa zuritu beharra zegoen kasuetan aldiz, azken ukitua arropari etxean ematen zioten, garbitokitik etxeratzean errautsez eta ur beroaz zurituz. Horretarako, egurrezko edota zinkezko pertz batean sartzen zen, xukaderaren gainean jarri eta arropaz bete ondoren, gainean errautsez betetako zapi bat jartzen zen, biharamunean garbitokian garbitze prozesua bukatuz.

Zuritzeko errautsaren erabilera hau mendeetan zehar erabili izan ohi den teknika da eta azalpen bat du, hau da, ur beroa errautsaren gainera isurtzean, errautsak disoluzioaren bidez erauzten duen sodio eta potasio karbonatoa oihalean sartu eta arropan zehar zabaltzen da horrela, zurituz.[2]

Latsari edota garbitzaileen amaiera

aldatu
 
Zubitxoko labaderoa 1971ko iraila

Urteak aurrera egin ahala, Udalak kale bakoitzean iturri bana kokatu zuen eta Zubitxoko garbitokia eraiki arren, ez zen aski izan herritarren ur beharra asetzeko eta herritarrak pixkana pixkanaka hasi ziren Udalari eskariak egiten, ur edangarria etxeetaraino bidera zezan, arropa eta beste beharrak ase eta bidenabar arropak ere etxean garbi zitzaten. Liburutegiko Artxiboan agertzen denez ur edangarriak etxeetara eramateko eginiko lehen eskariak 1923-1925koak dira, bien bitartean herritarrak, kaleetako iturrietatik hornitzen zirelarik. Agirietan ikus daitekeenez, hasierako eskarien zerrendak 20 edo 25 bizilagunenak dira, hilean bakoitzak kontsumitzen zuenaren arabera ordainduz. Eta horrela hasi ziren etxeetan eguneroko arropak garbitzen, gainontzeko arropa handiak garbitokirako utziaz.

Emakume latsari edo garbitzaile hauen lanak iraun zuen harik eta garbigailua asmatu arte, izan ere, garbigailua 1901ean asmatu eta XX. mende erdirako etxeetara iritsia baitzen, horrela garbitokiak bigarren mailan geratuz. Lezoko Zubitxo labaderoa edo garbitokiari ere bere amaiera etorri zitzaion, 1970eko hamarkadaren hasierarekin batera ura behin etxeetara iritsi zelarik, utzi zitzaion garbitegia erabiltzeari. eta bere gainean eraikitako etxe garaiek estali zuten betirako desager araziz, nahiz eta Iparragirreko urak bere bideari darraion Zubitxo errekatxoan barrena.[1]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c www.katalogoak.euskadi.net/cgibin_q81a/abnetclop/09366/ID43b060c/NT3
  2. lezokoportua. (2016-08-23). «Zubitxoko labaderoa» Lezoko Portua (Noiz kontsultatua: 2024-06-25).

Kanpo estekak

aldatu