Labyrinth (filma)
Labyrinth (euskaraz Labirintoa) 1986ko Jim Henson estatubatuar zinema zuzendariak zuzendu eta Terry Jones galestar zinema gidoilariak idatzitako abentura eta fantasiazko musikal film bat da. David Bowie eta Jennifer Connelly aktoreek antzeztu zuten.
Nahiz eta estreinatu zen garaian kritika positibo eta negatiboak erdibana jaso izan, denboraren poderioz kultuzko filma bilakatu zen.
Argumentua
aldatuGau batez, familia bateko senideak, Robert aita (Christopher Malcolm), Sarah (Jennifer Connelly) irudimen mugagabeko neska nerabearen amaordea den Irene (Shelley Thompson) bilera batera ateratzera doaz. Horretarako, neskak, gogo txarrez, Toby (Toby Froud) anaiordea duen haurtxoa zaintzen etxean gelditu beharko du. Neska haurtxoa zaintzen gelditu beharraz haserretu egingo da, negar egitetik ez baidu uzten, orduan haserrealdian eta ia ohartu gabe Iratxoen erregeari dei egingo dio, honako hitzok esanez: "Nahiago nuke iratxoak etorri eta eramango bazintuzte... Oraintxe bertan". Bere hitzek ondorioak izan eta bere nahia egi bilakatuko zela jakin gabe, Jareth (David Bowie) iratxoen erregea agertu eta bere anaitxoa berreskuratzeko 13 ordu besterik ez dituela aipatuko dio, epe horretan bere labirintotik irten eta bere gaztelura iritsi beharko du, behinik-behin Toby haurtxoa iratxo bilakatzea nahi ez baldin badu.
Abenturan zehar, iratxoen erregeak Sarah bere helmugara iris ez dadin saiatuko da, horretarako etengabe aldatzen den labirintoan barna adimen jokoak, igarkizun zailak eta tranpa ugari ezarriz. Neskak bere ibilbidean zehar adiskide berriak ezagutzen joango da, tartean Hoggle (Shari Weiser eta Brian Henson) izeneko ipotx petrala, Ludo (Ron Mueck eta Rob Mills) izeneko munstro iletsua (harri eta harkaitzen mintzatzeko gai dena) eta Sir Didymus (Dave Goelz, David Barclay eta David Shaughnessy) izeneko bibote luzedun zaldun ibiltari ausarta, azken honek Ambrosius (Steve Whitmire, Kevin Clash eta Percy Edwards) zakur leiala beti alboan duela, beren helburua lortzen lagunduko diena.
Azkenean, behin neska bere anaia berreskuratzeko iratxoen erregeari aurre egiten dionean, Sarahk maitagarrien ipuinekin amets egiten jarraitu edota jada neskatoa ez delako errealitatea onartzearen artean erabaki beharko du. Filmaren testuinguruan Jareth erregea Sarahz maitemindua dagoela igarri liteke, eta nahiz eta izaera gaiztoa izan, bere benetazko asmoa neska bere alboan izatearena dela, horretarako neskari berak nahi duen mundu ideala eskeiniz, betiere neska bere egitearen trukean.
Aktoreak
aldatu- Jennifer Connelly: Sarah Williams, 15 urteko neskatoa
- David Bowie: Jareth, Iratxoen erregea
- Toby Froud: Toby Williams, Sarahren anai haurtxoa
- Shelley Thompson: Irene Williams, tobyren ama eta Sarahren amaordea
- Christopher Malcolm: Robert Williams, Sarah eta Tobyren aita
- Natalie Finland: Labirintoko Maitagarria
- Shari Weiser (Brian Henson, ahotsa): Hoggle
- Ron Mueck eta Rob Mills (Ron Mueck, ahotsa): Ludo
- Dave Goelz eta David Barclay (David Shaughnessy, ahotsa): Sir Didymus
- Steve Whitmire eta Kevin Clash (Percy Edwards, ahotsa): Ambrosius
- Karen Prell (Timothy Bateson, ahotsa): Harra eta Andere Ez Desiatua
- Frank Oz (Michael Hordern, ahotsa): Jakintsua
- Dave Goelz (David Shaughnessy, ahotsa): Txori Jakintsuaren Kapela eta Ezker Ate Jotzailea
- Warwick Davis: Iratxoa
- Steve Whitmire, Kevin Clash, Anthony Asbury, Dave Goelz (Anthony Jackson, Douglas Blackwell, David Shaughnessy, eta Timothy Bateson, ahotsak): Lau Zaindariak (Alph, Ralph, Jim eta Tim)
Kanpo estekak
aldatu- Labyrinth filmaren iragarkia ikusgai. Youtube.com (Ingelesez)
- IMDBko fitxa irakurgai (Ingelesez)