La Mano Negra (euskaraz: «Esku Beltza») , antza, Andaluzian sortu zen isilpeko elkarte anarkista izan zen. Goardia Zibilaren arabera, erakunde hori 1880. hamarkadan antolatu zen, Alfontso XII.a Borboikoaren erregealdian, eta urte haietan egin ziren eraso askoren atzean egon zen. Garaian Andaluziako nekazaritzan krisialdi larria pairatu zen eta uztak erretzea, eraikinak erretzea eta eraso biolento ugari gertatu ziren. Kolektibo horren ardura erakusteko Guardia Zibilak "harri batean azpian" aurkitutako dokumentuak erakutsi zituen. Historialari askok zalantzan jarri dute dokumentazio horren benekotasuna. Dena dela, La Mano Negra benetako mitoa bihurtu zen Andaluziako langileen artean.[1]

Atxilotutako nekazari talde bat, Jerezko espetxean, 1883an.
Poliziaren arabera La Mano Negra taldekoak ziren lau akusatuen heriotz zigorra, Jerezen, 1892an.
Errepresioaren biktimak gogorarazteko Jerezen jarritako oroigarria.

Dokumentuak aldatu

1882ko azaroan Mendebaldeko Andaluziaren Guardia Zibilaren kornel nagusiak Espainiako Gobernuari bidali zizkion:

  • «La Mano Negra. Reglamento de la Sociedad de Pobres, contra sus ladrones y verdugos. Andalucía»
  • «Estatutos». Bigarren honetan La Mano Negra ez zen ezta aipatu ere egiten. Bertan Herri-auzitegiez hitz egiten zen, burgesiaren aurka herriz herri antolatu behar ziren auzitegietaz.

Bi dokumentu horietan oinarritzen zen Guardia Zibilak egindako txostena; bertan, elkarte hori gertatutako eraso atzean zegoela erakutsi nahi zuten. Guardia Zibilak bi dokumentu horiek harri baten azpian aurkitu zituela esan zuen.[1] La Mano Negraren aurkako kanpaina guztia oso indartsua zen Federación de Trabajadores de la Región Española sindikatu anarkistaren aurka aritzeko erabili zen.

Errepresioa aldatu

Dokumentuak jaso eta bi astetara, Gobernuak Cadizko probintziara indar gehiago bidaltzea erabaki zuen. Azaroaren 21ean, José Oliver y Vidal kapitainaren agindupean, 90 guardiak Jerezera heldu ziren. Bertako udaltzainen laguntzarekin, jornaltiarrak eta FRTE sindikatuaren militanteak atxilotzen hasi ziren. Helburu garbia zegoen La Mano Negra eta FRTE sindikatua identifikatzeko. Aste gutxitan 3.000 jornaltiar eta anarkista atxilotu zituzten (egile batzuek kopurua 5.000ra eramaten dute: 2.000 Cádizen, 3.000 Jerezen). Kasu gehienetan sindikatuaren partaideak ziren.

Epaiketak aldatu

1883ko ekainaren 18an, Jerezko auzitegiak zazpi pertsona heriotzara kondenatu zituen eta beste zortzi hamazazpi urte eta lau hilabeteko kartzela zigorra betetzera, tartean bere lagunen salataria. Guztiei hilketa batzuk egotzi zitzaizkien. Beste bi pertsona absolbituak izan ziren. Heriotza zigorra garrote metodoaz ezarri zitzaien. Hilarazien artean eskolako irakasle bat zegoen: Juan Ruiz. Hilarazteak Jerez de la Fronteraren Merkatu-plazan egin ziren, 1884ko ekainaren 14an. Handik hiru egunetara Gobernuak epaileak Elisabet Katolikoaren Ordenaren gurutzekin saritu zituen.[2]

Erreferentziak aldatu

  1. a b Termes, Josep (2011). Historia del anarquismo en España (1870-1980). Bartzelona: RBA. ISBN 978-84-9006-017-9.
  2. Avilés Farré, Juan (2013). La daga y la dinamita. Los anarquistas y el nacimiento del terrorismo. Bartzelona: Tusquets Editores. ISBN 978-84-8383-753-5.

Kanpo estekak aldatu