Kordokaldi aldizkaria

Kordokaldi 1970eko hamarkadako Idiazabalgo (Gipuzkoa) gazteen aldizkaria zen.

Kordokaldi
Motatokiko informazioaren gaineko gazte hilabetekaria
Fitxa teknikoa
Hizkuntzaeuskara
Argitaratze lekuaIdiazabal
Banaketa
Ekoizpen osoa8
Salneurria12 pezeta

Sorrera aldatu

1977ko urtarrilean kaleratu zuten lehen alea. Izen bereko gazte taldea izan zen sortzailea. Hilabetekaria izateko asmoz jaio zen. Idiazabalen gertatzen zenaren oihartzun izan nahi zutela esaten zuten aurkezpenean. Herriko kontuen berri emateko tresna izateaz gain, gazteen ikuspegia zabaltzeko modua ere bazen. Euskara hutsean kaleratzen zen. Herritarrak hizkuntzaren erabilerak duen garrantziaz jabe zitezen nahi zuten.

Edukia aldatu

Herriko hainbat pertsona ezaguni egindako elkarrizketak irakur zitezkeen: txistulariei, enterradoreari… Motz-motzak atalean herrian gertatutako berriak zetozen. Kirolari ere egiten zioten txokorik: kanpoan ere sona zuten kirolariak baitzeuden Idiazabalen. Gai jakin batzuen inguruko iritziak ere topa zitezkeen: sexua, familia, etab. Gazte taldekoen iritziak eta honetaz hitz egiteko guraso eta gazteekin elkartzen zirenean izandako berriketak ere. Interesgarritzat jotzen zituzten aldizkari eta liburuen aipamenak argitaratzen zituzten inork nahi izan ezkero hauetara jo zezan. Kordokaldi elkartearen bilakaera ezagutzeko ere balio zuen: batzarretan erabakitakoa, egindako ekintzak, martxan zeuden planak, etab. Amaieran denbora pasak egoten ziren. Herritarrek herriko kontuez, zituzten kezkak eta iritziak zabaltzeko aldizkaria zen, bada.

Ekoizpena aldatu

1970eko hamarkadan ez zen gaur egungo teknologiarik. Aldizkari baten argitalpenak lan handia eskatzen zuen. Kordokaldi hasieratik bukaeraraino herriko gazteek egiten zuten. Idazmakinan testuak idazten zituzten tintarik erabili gabe. Orriak hizkien formez zulaturik geratzen ziren horrela. Marrazkiak eta izenburua egiteko orratzez zulatzen zuten orria. Kaxa moduko baten ezartzen zen beste orri zuri batekin eta tela batez estalirik. Zapaldu eta orrian zulotxoetatik pasatzen zen tinta. Hizkiak orrietan geratzen ziren. Banan-banan orri bakoitzarekin ariketa berdina errepikatzen zen, 75-100 aleko tirada egin arte. Vietnamita izena ezarri zioten makinari. Gero mahaia ezarri plazan eta jendeak noiz erosiko zain egon. 12 pezeta ale baten truke.

Irakurleak aldatu

Batez ere herriko gazteek erosten zuten aldizkaria. Kordokaldi inguruan mugitzen zirenek. Behin ordea erosle bereziren batzuk hurbildu omen zitzaizkien. Guardia Zibilak bisita egin zieten plazan zuten postura. Ale guztiak eraman zituzten. Kaleratu ziren zortzi zenbakietatik zazpi irakurri ahal izan ziren.

Kanpo estekak aldatu