Kartografia historikoa


Hasieran, mapek, testu den aldetik, oroitzapen-funtzioa zuten; gero, erregulazio-ahalmenaren zentzua hartu zuen, bai eta, azkenik, erreferentzia-ahalmena ere, aginpide-tresna edo -lanabes gisa. Mapa, beraz, instrumentazio politikoaren eta estrategikoaren oinarrizko elementu bat da.

XI. mendeko mapa mundi honetan agertzen da lehenengo aldiz “Wasconia”. Stéphane Garsie, St.-Sever monasteriokoa (Parisko Bibliothèque Nationale).
XI. mendeko mapamundi honetan agertzen da lehenengo aldiz “Wasconia”. Stéphane Garsie, St. Sever monasteriokoa (Parisko Bibliothèque Nationale).

Ez dago kartografia egokian oinarritu ez den inperio ekonomikorik, ez politikorik. Estatuetako zentralizazio- eta bateratze-prozesuak bere lurraldearen bertsio marraztuen hedapenaz lagundurik gauzatu dira; irudikapen horietan, estatuaren lurraldeak mugakide zirenetatik nabarmenkiro bereiziak agertzen ziren, era horretara mapek benetako sinbolo-izaera hartzen zutela, ikurrinen, armarrien eta gainerakoen parean.

Jarduera militarrari dagokionez, esan beharrik ere ez dago mapak zer nolako garrantzia duen; are gehiago, kartografia historiko gehienak honetan du jatorria.

Horren adibide garbi bat Euskal Herrian berean aurki daiteke. Izan ere, XIX. mende bitarteko mapak kostaldea eta errege-bideak (garraio- eta merkataritza-premiak) deskribatzera mugatzen ziren. Gero, 1840tik aurrera, eskala handiko plano eta mapa ugari agertu ziren, bai barnealdeko eta bai kostaldeko eskualdeak zein herriak jasotzen zituztenak, guzti-guztiak karlistaldiak sortu zuen kartografia-premiak eragindakoak.

Mapa historiko batetik atera daitekeen informazioa:

  • Toponimia.
  • Komunikabideak (postak, zubiak eta abar barne)
  • Historia militarra: gotorlekuak, obrak…
  • Mugen ezaugarriak eta haien bilakabidea.
  • Fisiografia alderdiak: erliebea, lurzoruaren erabilerak, hidrografia, eta abar.
“Guipuscoæ regionis typus”, Ortelius (1603). Lurraldeka egindako lehenengo mapak. Antza denez, Garibaik eman zituen mapa horiek moldatzeko behar ziren datu korografikoak. Lurraldearen kokaerari eta luze-zabalerari dagokionez, mapak ez dira zehatzak, soilik latitudeari buruzko datuak kontuan hartuta (ez beti) osatu baitira. (Vital Kutxa Bilduma).
“Guipuscoæ regionis typus”, Ortelius (1603). Lurraldeka egindako lehenengo mapak. Antza denez, Garibaik eman zituen mapa horiek moldatzeko behar ziren datu korografikoak. Lurraldearen kokaerari eta luze-zabalerari dagokionez, mapak ez dira zehatzak, soilik latitudeari buruzko datuak kontuan hartuta (ez beti) osatu baitira. (Vital Kutxa Bilduma).
“Legionis Biscaiae eta Guipuscoae typus”, Mercator (1630). Orteliusen maparen (1603) garai berekoa da, eta ezaugarri bertsuak ditu egiteko moduari eta ematen duen informazioari dagokienez.
“Legionis Biscaiae eta Guipuscoae typus”, Mercator (1630). Orteliusen maparen (1603) garai berekoa da, eta ezaugarri bertsuak ditu egiteko moduari eta ematen duen informazioari dagokienez.
“Biscaia, Alava et Guipuscoa Cantabriae Veteris Partes”. Joan Blaeu. Atlas Maior. Amsterdam, 1662.
“Biscaia, Alava et Guipuscoa Cantabriae Veteris Partes”. Joan Blaeu. Atlas Maior. Amsterdam, 1662.

Dokumentazio kartografikoko zentroak aldatu

Gure herrialdeko erakundeetako dokumentu-altxorra urria da inondik ere, lekuan lekuko artxiboetako eskuizkribuak (Protokoloak, udalei buruzkoak, eta abar) salbuetsita beti ere.

Hego Euskal Herrian, Espainiako armadaren zerbitzu zentralak dira material kartografiko gehienen sortzaile. Parisko Bibliothèque Nationale liburutegia hurbiltzen da gehien aurrekoetara, eta seguruenik haien gainetik ere jar daiteke, Frantzia osoko mapak kontuan hartuz gero, zeren eta halakoetan Ipar Euskal Herriko lurraldeei –Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa– dagozkien eremuak agertzen baitira. Nolanahi dela ere, kontuan hartu beharreko gauza d, Espainia barneko Euskal Herria frantses estatuari dagokiona baino eremu handiagokoa eta kuspegi sozioekonomikotik garrantzitsuagoa dela.

Garrantziaren arabera, arestian aipatuez gainera, aipagarriak dira orobat Paueko Archives Départamentales des Pyrénées Atlantiques eta Nafarroako Artxibo Nagusia (Iruñea); dena den, Simancasko Archivo General (121 dokumentu) eta Valladolideko Archivo de la Real Chancillería ere ez dira gutxiestekoak. Gainerakoek ez dute dokumentu asko, salbu eta, beharbada, honako hauek: Baionako Bibliothèque Municipal, Madrilgo Biblioteca Nacional, Vincennesko Archive Historique de l’Armée de Terre, eta Gasteizko Udal Artxiboa, hirigintzako dokumentuei dagokienez.

Lezoko mapa topografikoa. Diego Pérez Martín. 1803. (Real Chancillería de Valladolid-eko Artxiboa).
Lezoko mapa topografikoa. Diego Pérez Martín. 1803. (Real Chancillería de Valladolid-eko Artxiboa).

Kartografia-produkzioaren kronologia aldatu

“La Biscaye divisée en ses 4 principales parties et la Navarre en ses merindades”. Nicolas de Fer. 1707. (Argazkia: J. G. Bilduma: J. R. S.).
“La Biscaye divisée en ses 4 principales parties et la Navarre en ses merindades”. Nicolas de Fer. 1707. (Argazkia: J. G. Bilduma: J. R. S.).

Dokumentuen ugaritasunaren eta antzinatasunaren artean erlazio garbia dago; denboran aurrera egin ahala, gero eta dokumentu gehiago dago:

  • % 50 inguru XIX. mendeko produkzioa da.
  • % 33 inguru XVIII. mendekoak dira.
  • XVIII. mendetik atzera egin ahala, produkzioa askoz urriagoa da (XVII. mendea, % 8; XVI. mendea, % 3); XV. mendekoak eta aurrekoak gutxi-gutxi dira.

Izan ere, kontserbazio-arazoak direla eta, dokumentu zahar asko galdu da. Ondoren aipatuko diren gertakarien eta kartografia-produkzioaren gehikuntzaren arteko erlazioa garbia da: • Borboiak Hispaniako monarkian sartzea, eta frantses kartografoetara jotzea (De Fer, adibidez). Izan ere, frantsesek lan ugari egin zuten Gipuzkoako kostaldearen eta mugaldearen inguruan: Hondarribia, Pasaia, Donostia.

• Espainiako kartografiaren hasiera, aldez edo moldez estatuak bultzatu zuena: Tomás López (1802), Tofiño de San Miguel (1732-1795).

• Kartografia militarraren egintzak, bai Independentziako Gerran frantses gudarosteak egina (Vincennes-eko Achives Historiques de l’Armée de Terre horietan dauden bilduma bikainak ikusi besterik ez da), bai Espainiako gudaroste liberalak egindakoa, karlistaldien aurretik eta ondotik.

• Mugak zirela eta, Frantziako eta Espainiako koroen artean gertatu ziren auziek sorrarazi zuten kartografia (XVIII. eta XIX. mendeak).

• Kostaldeko eremuen erabilera ekonomikoa, batez ere ibai-bokaleena. Baionaren kasuan, Aturri ibaiak kartografia ugari eman du XVI. mendetik aurrera; Bilboko itsas adarrari dagokiona, XIX. mendetik aurrerakoa (kanalizazioa) da batez ere aipagarria.

Baionako gotorlekuen planoa. XVIII. mendea. (Baionako Bibliothèque Municipale).
Baionako gotorlekuen planoa. XVIII. mendea (Baionako Bibliothèque Municipale).
Plentzia eta Urduliz irudikatzen dituen mapa topografikoa, J. Echevarríak 1745ean egina. (Real Chancillería de Valladolid-eko Artxiboa).
Plentzia eta Urduliz irudikatzen dituen mapa topografikoa, J. Echevarríak 1745ean egina (Real Chancillería de Valladolid-eko Artxiboa).

Dokumentuen jatorria aldatu

Egindako katalogoa kontsultaturik, eta erabatekoa ez dela kontuan harturik ere, hauteman daitekeenez Euskal Herrian bertako kartografia-produkzioa ez zen XIX. mendera arte hasi, eta hori Diputazioarekin zerikusia zuten teknikarien inguruan gertatu zen. Nafarroan, Joseph de Horta “seme leial eta kuttuna” (XVIII. mendea) salbuespena izan zen:

• Gipuzkoa: José Javier de Olazabal (1830). “Mapa de Guipúzcoa”.

• Bizkaia: Casimiro de Loyzaga (1832). “Mapa del M. N. y M. L. Señorío de Vizcaya”. Antonio de Goicoechea (1837). “Mapa de la Provincia de Vizcaya”. Timoteo de Loyzaga (1846). “Mapa topográfico del M. N. y M. L. Señorío de Vizcaya”.

• Araba: M. Saracíbar (1848). “Carta topográfica de la M. N. y M. L. Provincia de Alava”.

• Nafarroa:Pedro de Ansoleaga y Aniceto Legarde (1874). “Carta general de las carreteras de Navarra”.

Garbi dago, beraz, historian zehar ez zela bertako produkzioari ekiteko ahalmenik izan, eta Euskal Herriari buruzko kartografia, grabaketa eta inprimaketa kanpoko egileek eta tailerrek egin izan zutela.

Eskala txikiko mapek (erresuma historikoen, probintzien… irudikapena) argi eta garbi erakusten dute Europako kartografiaren bilakaera XVI. mendetik aurrera, hala sorkuntzan nola argitalpenetan.

Pirinio inguruko lurraldea (Euskal Herria, Akitania, Bearno), irudikatzen duten lehen kartografia-lanak (XVI. eta XVII. mendekoak) ordurako ezagunak ziren Holandako autoreek eta tailerrek egin zituzten (Hondius); lurraldean politikaren eta geografiaren arabera banaturiko eskualdeak bereiz daitezke lan horietan.

XVII. mendearen bigarren erditik aurrera, frantses mapagileak nagusitu ziren, salerosketara bideraturiko tailerrak zirela medio (Sansson, Jaillot, e.a.), edo ingénieurs du roi direlakoen eskutik. Nolanahi ere, gure kartografiak holandarren interesa erakarri zuen aurrerantzean ere; interes hori, baina, alor berezi batera zuzendu zen, itsas kartografiara (Bizkaiko golkoa / Gaskoinia).

XVIII. mendean frantsesen nagusitasuna agerikoa da, dela autore komertzialen bidez –Nolin esaterako–, dela mugaldeko mapetan ingurumariak ere irudikatzen dituzten ingeniari militarren bidez. Holandarrek betiere itsas kartografian zuten jarria arreta. Bestalde, mendearen bigarren erdian, Madrilen egin eta argitaraturiko lehen mapak kaleratu ziren (Tomás López, Tofiño de San Miguel).

XIX. mendeak bi ezaugarri nagusi izan zituen: kartografia produkzioaren nazionalizazioa, eta zeregin horien ardura zuten erakunde ofizialen esku hartzea. Frantzian ere gauza bera gertatu zen, lehenago ordea, aurreko mendearen bigarren erdialdean.

Probintziak irudikatzen dituzten lehenengo mapak, bestalde, XVI. mendekoak dira, Holandako tailer klasikoetatik ekarritako materialez eginak (Ortelius, Hondius, Blaeu); ordukoak dira Nafarroa eta “Biscaye” (Gipuzkoa barne, eta, batzuetan, Araba ere bai) lurraldeak irudikatzen dituzten kartografiak. Holandarrek 1600- 1672 urteetan galdu zuten nagusitasuna, eta, noski, aldaketak izan ziren. Hala, bada, XVII. mendean frantses mapagileen lehenengo lanak ikusi ahal izan ziren (Sansson: Iparraldea eta Nafarroa), eta baita italiarrenak ere (Cantelli, Rossi: “Biscaye” eta Nafarroa).

XVII. mendearen bigarren erditik XVIII.aren amaierara frantsesen kartografia nagusitu zen: Nolin, Delisle, De Fer, Robert de Vaugondy, Bailleul, Rous. Hiru eragile nagusi izan zituen nagusitasun horrek: frantses kartografiak, bai kopuruaren bai teknikaren aldetik, zuen garrantzia; Borboiak Espainiara iristea; eta Pirinioetako mugan liskarrak hastea. Horren adibide gisa, aipagarria da Hondarribia, Pasaia eta Donostiari buruz De Fer-ek egin zuen obra ugaria (XVIII. mendeko lehen hamarraldietan), eta baita 1719. urte inguruko Hondarribiaz ugari diren lanak ere (Berwick-eko dukearen setioa).

Frantsesen aldi hartako nagusitasunak, baina, bazituen salbuespen gutxi batzuk:

• Joseph de Horta, Madrilgo grabatzailea.

• Van der Aa, Leidengo argitaratzailea (dirudienez, klasikoek egindako kartografia saltzen zuen).• Antonio de Zatta, Veneziako argitaratzailea.

XVIII. mendearen bigarren erdialdean hasi zen –maiztasun handi samarrez eta lehenengo aldiz XVI. mendeaz gero– Espainiako erresuman bertan inprimatu eta sorturiko kartografia iristen: Tomás Lópezen (1731-1802) lana, alegia. D’Anvilleren ikasle izan zen López, Parisen, Madrilgo gobernuak hala eskaturik. Harrezkero, pixkanaka-pixkanaka, kartografia-ekoizpena nazionalizatuz joan zen; nolanahi ere, Tomás Lópezek berak mugaldeko eskualdeetako kartografia ere egin zuen: Lapurdi, Nafarroa Beherea, eta abar.

Bidasoaz iparraldera kartografiak zientzia-maila iritsi zuen, eta instituzio bihurtu zen, Cassini de Thury-ri esker (1748-1793). “Carte de France” deritzan mapa orokorra egiten hasi zen Cassini, 1/86.400 eskalan, orritan banatua, eta gaur egungo kartografiarenak ere badiren ezaugarriekin. Ipar Euskal Herriari 139. orria (Donibane Garazi) eta 140.a (Baiona) dagozkio.

XIX. mendeaz gero Europako kartografia banakatuz joan zen; hau da, erresuma edo estatu bakoitzak lantalde bereziak sortu zituen, mapak egin, grabatu, eta saltzeko (Ingeniari Militarren Taldeak, Dépôt de Guerre, Geografia Institutuak, eta abar). Espainian, adibidez, aipagarria da Tofiño de San Miguel, edo Coello, eta Frantzian, berriz, Dépôt de Guerre delakoa.

“Carte de la côte septentrionale d’Espagne”. Chez Ian van Creulen, 1695. Holandar jatorriko itsas kartografia. Holandarrak, ingelesekin batera, nagusi ziren mapagintza-mota horretan. (Argazkia: J. G. Bilduma: J.R. S.).
“Carte de la côte septentrionale d’Espagne”. Chez Ian van Creulen, 1695. Holandar jatorriko itsas kartografia. Holandarrak, ingelesekin batera, nagusi ziren mapagintza mota horretan. (Argazkia: J. G. Bilduma: J.R. S.).
Itsas kartografia. Doer Lucas Ian Wagenaer. 1583. urtea. Holandan XVI. mendean egiten zen kartografiaren adierazgarri da, Herbehereek itsasketaz zuten ardura berezia erakusten duena. Mapa horrek kostaldea irudikatzen du, Arcachon-etik Bizkaiko mugetaraino. (Argazkia: J. G. Bilduma: J. R. S.).
Itsas kartografia. Doer Lucas Ian Wagenaer. 1583. urtea. Holandan XVI. mendean egiten zen kartografiaren adierazgarri da, Herbehereek itsasketaz zuten ardura berezia erakusten duena. Mapa horrek kostaldea irudikatzen du, Arcachon-etik Bizkaiko mugetaraino. (Argazkia: J. G. Bilduma: J. R. S.).
“Chorographie des Royaumes d’Aragon et de la Province de Biscaye. Dirigée par Mr. Philippe”. 1773. Hiru probintziak “Biscaye” izeneko batasun politikoaren barnean agertzen dira berriro ere. (Argazkia: J. G. Bilduma: J. R. S.).
“Chorographie des Royaumes d’Aragon et de la Province de Biscaye. Dirigée par Mr. Philippe”. 1773. Hiru probintziak “Biscaye” izeneko batasun politikoaren barnean agertzen dira berriro ere. (Argazkia: J. G. Bilduma: J. R. S.).

Kartografian jasotako eremuak aldatu

“Plano de las provincias vascongadas y Navarra”. Espainiako Depósito de la Guerra delakoan marraztua eta autografiatua (1876).
“Plano de las provincias vascongadas y Navarra”. Espainiako Depósito de la Guerra delakoan marraztua eta autografiatua (1876).

Kartografiaren ikuspegitik zer inguruk merezi izan duten arreta berezia erraz da antzematen. Antza denez, arreta hori ondoko hiru faktore hauen araberakoa da:

  • Garrantzi estrategikoa eta politiko-militarra. Estrategiaren aldetik garrantzia duten guneak irudikatzen dira: Espainiako eta Frantziako erresumen arteko muga –batez ere XVIII. mendetik aurrera–, inguruetako gotorlekuak –Hondarribia, Pasaia (portua), Iruñea, Donibane Garazikoak…–, eta abar.

Leku horien kartografia oso ugaria da, gainerako lekuetakoa baino askoz ugariagoa inondik ere. Frantziako erresumari dagokionez, XVII. mendeaz gero bazen elite-mailako talde antolatu bat: les ingénieurs du roi (erregearen ingeniariak); talde horrek interes politiko-militar handia zuten lekuen kartografia egiten zuen, sekretuan eduki ohi zena, edo, gutxienez, zabaltzen ez zena (passé de loin ce que divulgaient les géographes).

Euskal Herriko mapa, A. H. Jaillot-ek egina (XVIII. mendea).
Euskal Herriko mapa, A. H. Jaillot-ek egina (XVIII. mendea).

Bidasoaz hegoaldera ez zen, dirudienez, horren interes handia; dokumentu gutxiago argitaratu eta inprimatu zen behintzat, kartografia bertan egiteko ahalbiderik ez zegoelako agian. XIX. mendean, berriz, kartografiaren egoera bestelakoa zen, eta Karlistaldiek eta Independentziako Gerrak hari buruzko interesa berriztatu zuten. Frantziako erakunde kartografiko militarrek moldaturiko dokumentu ugariek Euskal Herriko hainbat eskualdetatik pasa zirelako testigantza ematen dute (Archive Historique de l’Armée de Terre, Vincennes). Halaber, Karlistaldiak zirela eta, garrantzizko mapa-bilduma osatu zuten espainiar militarrek (ikus Servicio Histórico Militar-en eta Servicio Geográfico del Ejército-ren bildumak).

Gainera, lehenengo aldiz, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroaren barneko toki askotako mapak egin ziren, eskala eta dokumentu-mota desberdinetan.

  • Merkataritzaren eta garraiabideen garrantzia. Itsasaldeko zenbait leku eta portu irudikatzeko nahia merkataritzak eta garraiabideek duten garrantziari zor zitzaion. Leku horien artean hauek ziren aipagarrienak: Bilbo eta Bilboko itsasadarra, batez ere XVIII. mendearen bukaeratik aurrera; Baiona eta Aturri (aparteko bilduma diakroniko bikaina, XVI. mendetik aurrera); Pasaia, Donostia, Txingudiko badia eta Hondarribia. Bestalde, burdinolak, arma-fabrikak… zeuden lekuak zehaztasunez adierazten ziren beti mapa horietan.

Garraiabideei doakienez, batez ere errege-bideen inguruko herriak, bidaiariek igaro behar izaten zituzten mendilepoak eta mendateak (San Adriango igarobidea, adibidez), bentak, zubiak… adierazten ziren mapetan; horrelako informazioari lehentasuna ematen zitzaiola adierazten du inondik ere horrek. Hala, bada, mugaldeak eta igarobideak zehaztasunez adierazteari garrantzi handiagoa ematen zitzaionez, alderdi horiek irudikatzen dituzten mapen kopurua ere handiagoa da: ugariagoa da, beraz, Iparraldea, Gipuzkoa eta Nafarroako kartografia Bizkaikoa eta Arabakoa baino.

  • Itsasaldeak barnealdeak baino garrantzi handiagoa. Hori ageriko gauza da garai bateko kartografoentzat (eta haien bezeroentzat). Batetik, estrategia-kontuak eta merkataritza-harremanak zirela eta, interes handiagoa zutelako inguru horiek, eta, bestetik, errege-bideak eta joan-etorri handikoak kenduta, lur barruko eskualde asko eta asko ezezagunak zirelako kartografiarentzat. XIX. mendea ondo aurreratu arte, Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako lur barruko toki asko ez ziren mapetan azaldu.
“La Biscaye Divisée en ses 4 Parties principales et Le Royaume de Navarre Divisée en ses Merindades”. J. Nolin. 1762.
“La Biscaye Divisée en ses 4 Parties principales et Le Royaume de Navarre Divisée en ses Merindades”. J. Nolin. 1762.

Kartografiak aztertzen dituen gaiak aldatu

Kartografia dokumentuetan aztertzen diren gaiak mapa eskalaren eta garaiaren arabera aldatu dira. XIX. mendetik aurrera kartografiak iritsi zuen teknika-maila handiagoak gai-ugaritasuna ahalbideratu zuen.

Eskala handiko planoetan gai ugari azaltzen dira, behar jakin batzuei erantzuteko eginak direlako. Gai horien berri jakiteko, Pauen dagoen Archives Départamentales des Pyrénées Atlantiques artxiboko katalogoaren aurkibidera jo daiteke: geografia fisikoa, ekonomia, garraiabideak, instalazio hidraulikoak, nekazaritza, oihanak, ehiza eta arrantza, industria, artisautza, erakundeen historia, jabegoaren historia, Elizaren historia, arkitektura zibila, militarra eta erlijiosoa, portuak, herri-osasuna, bizitza intelektual eta artistikoa, kartografia.

Aurkibide hori garrantzi handiko informazio-iturria da benetan, eta interes handikoa historialarientzat, batez ere tokian tokiko azterlanei dagokienez, lehen mailako informazioa izanik aniztasun eta zehaztasun handikoa baita.

Irudi-galeria aldatu

Gipuzkoako itsasertza (XVII. mendea).
Gipuzkoako itsasertza (XVII. mendea).
“Chorographie des Royaumes d’Aragon et de la Province de Biscaye. Dirigée par Mr. Philippe”. 1773. Hiru probintziak “Biscaye” izeneko batasun politikoaren barne agertzen dira berriro ere. (Argazkia: J. G. Bilduma: J. R. S.).
“Chorographie des Royaumes d’Aragon et de la Province de Biscaye. Dirigée par Mr. Philippe”. 1773. Hiru probintziak “Biscaye” izeneko batasun politikoaren barne agertzen dira berriro ere. (Argazkia: J. G. Bilduma: J. R. S.).
“Royaume de Navarre divisée en six merindades”. Sansson d’Abbeville, 1652. Garai hartako kartografia-tekniken arabera moldaturiko mapa politikoa, Nafarroako lurraldearen kokaera eta luze-zabalera zehaztasunik gabe ematen dituena. (Argazkia: J. G. Bilduma: J. R. S.).
“Royaume de Navarre divisée en six merindades”. Sansson d’Abbeville, 1652. Garai hartako kartografia-tekniken arabera moldaturiko mapa politikoa, Nafarroako lurraldearen kokaera eta luze-zabalera zehaztasunik gabe ematen dituena. (Argazkia: J.G. Bilduma: J. R. S.).
“El Reino de Navarra”. Cantelli. 1690. (Nafarroako Artxibo Nagusia).
“El Reino de Navarra”. Cantelli. 1690. (Nafarroako Artxibo Nagusia).
“The country between St. Sebastien and the French frontier”. Major J. H. Humfrey (British Auxiliary Legion). XIX. mendearen hasiera. Garai horretako britainiar kartografia militarraren erakusgarri bikaina. Eskualdeko erliebea fideltasun eta zehaztasun handienaz ematen saiatzen da. (Argazkia: J. G. Bilduma: J. R. S.).
“The country between St. Sebastien and the French frontier”. Major J. H. Humfrey (British Auxiliary Legion). XIX. mendearen hasiera. Garai horretako britainiar kartografia militarraren erakusgarri bikaina. Eskualdeko erliebea fideltasun eta zehaztasun handienaz ematen saiatzen da. (Argazkia: J. G. Bilduma: J.R. S.).
“Fontarabie”, Nicolas de Fer mapagileak XVIII. mendearen hasieran egina. Eskala handian militarrentzat egindako kartografiaren erakusgarri da. (Argazkia: J. G. Bilduma: J. R. S.).
“Fontarabie”, Nicolas de Fer mapagileak XVIII. mendearen hasieran egina. Eskala handian militarrentzat egindako kartografiaren erakusgarri da. (Argazkia: J. G. Bilduma: J. R.S.).

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu