Juan de Valdés Leal
Juan de Valdés Leal (Sevilla, Espainia, 1622ko maiatzaren 4a - Sevilla, 1690eko urriaren 15a) espainiar pintore, grabatzaile eta dekoratzaile barrokoa izan zen. Gai eta egoera lazgarriak, eta herioa pintatzeagatik da batez ere ezaguna.
Juan de Valdés Leal | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Juan de Valdés Leal |
Jaiotza | Sevilla, 1622ko maiatzaren 4a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Sevilla, 1690eko urriaren 15a (68 urte) |
Familia | |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria eta eskultorea |
Mugimendua | Barrokoa |
Biografia
aldatuHaurretan Cordobara aldatu zen; Antonio del Castilloren ikasle izan zen han, eta haren eta Herrera Zaharraren eragina jaso zuen. Oso gaztetan hasi zen margolari gisa eta 1640 eta 1650 hamarraldietan osatu zuen bere lehen aldia, Cordobako obrekin. Bere lehen lan ezaguna, San Andres koadroa (Cordobako San Frantzisko eliza), 1647koada eta lehenengo aldian aipagarriak ditu, halaber, "Zilarginen Ama Birjina" (Cordobako museoa) eta 1653an Carmonako Santa Clara elizarako kontrataturiko koadro sail bat, santu haren bizitzari buruzkoa ("Santa Clararen iragarmena", "Santa Clararen heriotza", etab.) eta batez ere Karmengo komentuko erretaulako margoak ("Igarlearen ametsa", "Karmengo Ama", "Aitzuloetako Ama" 1658), barrokismoa gehien antzematen zaion maisulana. Valdés Lealek dinamismo handiko obrak, oso irudi adierazgarriak egin zituen oro har, baina aldi honetako ezaugarri nagusia izan zen koloreen aberastasuna.
Bigarren aldia Sevillan igarotako urteetako obrek osatua da. Orduan iritsi zuen heldutasuna bere estiloak. Irudi luzeak, dinamikoak eta jarrera behartuak erabili zituen garai honetan. Azpimarratzekoak dira, besteak beste, Andre Maria Sortzez Garbia saila, San Diegoko, Lisboako eta Cadizko museoetan dauden koadroez osatua, besteren artean, San Jeronimo saila (Sevillako museoa), 1660 inguruan egin zituen, orobat, "Hutsaltasunaren alegoria" eta "Alañararen bihurtzea" (Yorkeko museoa), lehenengo izadi hilak, gerora nabarmenaraziko zuen jeneroko lehenak hain zuzen.
Azken urteetan (1669-1690) kolore ilunagoak eta gai makabroak erabili zituen batez ere; lehenengo aldiari jarraituz egin zituen, hala ere, Andre Maria Sortzez Garbia eta Jasokundea (Sevillako museoan biak). Bere bi obrarik ezagunenek ordea, azken urteetan Sevillako Karitatearen Ospitalerako egin zituen: In ictu oculi ("Herioaren garaipena") eta Finis gloriae mundi ("Munduko loriaren amaiera"); ez dute mugimendurik adierazten, eta, herioa hilkutxa eta sega daramatzala, eta hil-hoztegi bat irudikatzen dute, hurrenez hurren. Pintore dramatikoa eta bortitza izan zen, Sevillako eskola barrokoko maisurik handienetakoa.
Erreferentziak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Juan de Valdés Leal |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.