Jesu Kristoren imitazioa
Jesu Kristoren imitazioa, jatorriz De Imitatione Christi, Tomas Kempisko fraideak XV. mendean latinez idatzitako liburu erlijiosoa da. Oso liburu ospetsua izan zen, eta hainbat hizkuntzatara itzuli zen.
Jesu Kristoren imitazioa | |
---|---|
![]() | |
Datuak | |
Idazlea | Tomas Kempiskoa |
Generoa | Christian devotional literature (en) ![]() ![]() |
Jatorrizko izenburua | Dē imitātiōne Christī |
Testuaren historia laburra
aldatuAurreratu bezala, Jesu Kristoren imitazioa Tomas Kempisko fraideak idatzitako idazlan mistikoa da, XV. mendekoa. Idazlea 1380an jaio zen Renaniako Kempen hirian; Düsseldorf inguruan. Ikasketak Deventer herrian egin eta Holandako monasterio batean egon zen hil arte, 1471. urtera arte, zehazki.[1] De Imitatione Christi liburuaren hedapena oso zabala izan zen Europako mendebaldean eta Bibliaren ondoren itzulpen gehien dituen testu kristaua da[2].
Lau kapituluek osatzen dute fraideen ikuspegia daukan liburua, apaltasunaren eta garbitasunaren puntuak nabarmentzen baitira. Jean Busch historialariak De viris illustribus de Windesen (1464) liburuan Tomas Kempis Imitazioaren egile segurutzat ematen badu ere, haren autoretza Jean Delumeauek baieztatu zuen Que reste-t-il du paradis? liburuan [1].
Mugimendu erlijiosoa
aldatuDevotio Moderna deituriko mugimenduaren obra gorena da Jesu Kristoren Imitazioa [1]. Devotio Moderna Herbehereetan abiatu zen 1380 inguruan. Eliza Katolikoaren egoera apala zela eta, heresiak biderkatu eta monasterio zein elizgizonen arteko desordena gero eta handiagoa zen.
Testuinguru honetan aipatzekoa da Geert Grote, De Imitatione Christi obraren oinarrian dagoen espiritualtasuna finkatu baitzuen. Grotek bere garaiko Elizaren jarrera kritikatu zuen, eta nahiz eta iparraldeko mistikoetan inspiratu, gizakiaren bizitzarekin erabat lotuta dagoen debozioaren alde egin zuen. Honek Erdi Aroko teologiarekiko aldaketa nabarmen bat eragin zuen; ez zen gizona izango Jaungoikoarengana igo nahi izango zuena, kontrakoa baizik; hots, Jaungoikoa kristauarengana joango zen, kristauaren egoera edozein izanik [2]. Izan ere, Elizaren egoerak beste erantzun bat jaso zuen, Alemaniako mendebaldeko Renanian bereziki indarra hartu zuena, mistika[1].
Euskarazko itzulpenak
aldatuEsan bezala, Bibliaren ondoren gehien itzuli den testua da Jesu Kristoren Imitazioa. Hizkuntza ugarietara itzuli den arren, frantseserara bereziki, euskarazko bertsioak bakarrik izango dira aipatuak.
Iparraldean
aldatuIparraldeari dagokionez, Kempisen obra lapurterara itzulia izan zen batik bat:
- Iesusen Imitacionea, Sylvain Pouvreauk itzulia. 1660ko hamarkadan idatzia izan zen arren, 1978an argitaratu zuen itzulpena Hordago argitaletxeak[3]. Gaur egun Parisko Biblioteka Nazionalean dagoen eskuizkribu batean gordea dago itzulpena[4].
- Jesu Christoren Imitationea D'Arambillaga apeçac escaraz emana (1684), Aranbillagak Baionan argitaratu zuen, euskaraz argitaratutako lehena, hortaz.
- Jesus-Christoren Imitacionea (1720), Mixel Xuriorena. Egilea hil eta bi urtera argitaratu zen Bordelen. Izan ere, obra honek hainbat berrargitalpen izan ditu[4].
- Jesu Kristoren imitazionea (1896). Jean-Pierre Duvoisin itzultzen hasi baino bukatu baino lehenago hil zen, eta Haristoyk idazlana amaitu eta Pauen argitaratu zuen[4].
- Leon Leonen itzulpena, 1929. urtean argitaratua[1].
Iparraldeko euskalkiekin bukatzeko, zubereraz idatzita dauden bi itzulpen aipatu behar dira halabeharrez:
- Jesü-Kristen Imitazionia (1757), Martin Maisterrena. M.M. inizialekin sinatuta, idazlan hau Kempisen obraren lehen itzulpena genuke zubereraz, Pauen argitaratua[5].
- Jesü-Kristen Imitacionia (1883), Emmanuel Intxausperena[6].
Hegoaldean
aldatuHegoaldearekin jarraituz, Kempisen obrak hainbat itzulpen ditu:
- Jesusen imitacioco edo berari jarraitcen eracusten duen liburuba (1881), José Cruz Echevarriak idatzia eta lehena gipuzkeraz[4].
- Kristoren imitazioa (1887), Gregorio Arruek gizpuzkerara itzulia[1].
- Kristo-ren Antz-bidea (1917), Luiz de Elizaldek egina. Elizalde lehenengo idazlea daukagu Antz-bidea idatzi zuena "Imitación" itzultzeko[4].
- Josu Kistoren antzarpena (1909). Manuel Arriandiagak bizkaierara itzuli eta zati bat behintzat Euzkadi aldizkariak argitaratu zen[4].
- Josu-Kistoren Antzbidea (1920), Raimundo Olabidek idatzia eta Donostian argitaratua[4].
- Bizkaieraz idatzita dagoen Pio Echebarriaren itzulpena, hiru edizioetan; 1926. 1936. eta 1956. urteetakoa[1].
Orotara, beraz, hamahiru euskaratze izan ditu De Imitatione Christi obrak.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f g Davant, Jean-Louis. (2009). Jesü Kristen Imitazionea. Euskaltzaindia.
- ↑ a b Canonica, Elvezio. (2015). «La recepción y la difusión del De Imitatione Christi en la España del Siglo de Oro» Castilla. Estudios de Literatura: 337..
- ↑ «Iesusen Imitacionea. Silvain Pouvreau - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-11).
- ↑ a b c d e f g Villasante, Luis. (1979). Historia de la Literatura Vasca. Euskaltzaindia.
- ↑ «Maister, Martín - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-11).
- ↑ .