Ingeles arku luzea, baita galestar arku luzea deitua ere, ingelesez: longbow, Erdi Aroan, bai ingelesek nahiz galestar arkulariek erabilitako 2 metro luzeko arku boteretsu bat izan zen, bai ehizean eta batez ere gerran.

Arku luzearen erreplika.
Arku luzeak Crécyko guduan.

Garai hartan, Europan, arku hau sekulako aurrerapena izan eta Ingeles Gudarosteari gainontzeko gudarosteak garaitzeko ikaragarrizko abantaila eman zion, geziak arku arruntek baina indartsuago eta urrutirago jaurtitzeko gai baitzen. Abantaila hau lehenbizi Eskoziako Independentzia Gerretan eta ondoren bereziki Ehun Urteko Gerrako Agincourteko guduan egiaztatu zen, ingeles-galestar arkulariek frantziar zalduneria astuna menpean hartu baizuten. Arku honek ingelesei luzaroan Frantziako lurralde handi baten jabe izatea ahalbideratu zien, eta frantziarrentzat sekulako amesgaiztoa bilakatu zen.

Bi hatz luzeen kondaira

aldatu

Ingeles-galestar arkulariek frantziarren gain zuten nagusitasuna adierazten duen kondaira bat bada: honetan, ingeles-galestar arkulariek beren arku luzeekin urrutitik heurengana erasoan zetorren frantziar zalduneria astuna gezi andana handi batez geraraztea lortzen zuten, zaldun horietako asko hil eta karga bertan behera etenez. Ordura arte Europan zalduneria astuna gelditzea ia ezinezkoa zela uste zenez, sekulako balentria zen hura. Ingeles-galestar arkulariek urrutitik frantziar etsituei desafioa egin eta nagusitasun moduan eskuko bigarren eta hirugarren hatzak luze-luze eginda eta harrokeriaz erakusten zieten, hain zuzen ere, beren arku luzeekin geziak jaurtitzeko erabiltzen zituzten bi hatzak baitziren. Mendeen joan etorriarekin, keinu horrek bere jatorrizko esanahia aldatu eta orokorrean aginteari desafioa edo edonori iseka egiteko Erresuma Batuan erabiltzen den keinua da (baita Irlanda, Australia, Zeelanda Berria, India eta Pakistanen ere), alegia, euskarazko "hoa popatik hartzera" esaldia ala munduko herrialde askotan iseka egiteko erabiltzen den eskuaren hirugarren hatz luzearen parekide gisa.

Trukean, frantziarrek, atzeman eta bizirik utzitako ingeles-galestar arkulariei bi eskuetako bigarren eta hirugarren hatzak ebakitzen zizkieten, eragindako frantziar hildako eta zaurituen zigor gisa, baina batez ere behin aske geldituz gero bizi osorako arku luzerik gehiago erabil ez zezaten guztiz ziurtatzeko, arku honek behar zuen adina tentsioa bi hatz horiekin bakarrik lortu baitzitekeen. Hortik, ingeles-galestar arkulariek frantziarrei beren arkuekin arrakasta zutela eta atzemanak ez zirela adierazteko bi hatzak erakustea.

Kanpo estekak

aldatu