Informazioaren arkitektura

Informazioaren arkitektura diziplina bat da (artea eta zientzia diren moduan), informazio-inguruneak egituratu, antolatu eta etiketatzean oinarritzen dena.

Gaur egun, informazioaz inguratuta gaude; gainezka egiten du, eta Interneten ondorioz, are gehiago. Gainera, testuinguru gero eta lehiakorrago honetan behartuta gaude informazioa eta edukiak arin kudeatzera. Hori dela-eta, produktu digital eta webgune eraginkorrak diseinatu behar dira, hau da, enpresaren nahiz erabiltzailearen helburuetara zuzenduak. Adibidez, enpresa bateko Intranetaren kasuan, informatikaren alorrean dabiltzan langileentzako, sailkapen konplexuagoak erabili daitezke. Aldiz, aholkularitza bulego bateko langileek ez dute zertan bestelako ezagutzarik izan behar; beraz, sailkapen sinpleagoa diseinatu behar da.

Hortaz, erabiltzailearen ezaugarrietan oinarrituta sortu behar da diseinua, erabiltzaileak informazioa arin, errez eta modu ahalik eta eraginkorrenean aurkitzeko. Hori ahalbidetzeko dago informazioaren arkitektura, informazioa bizkorrago bilatzea da helburua, eta horri, aurkigarritasun horri, findability deitzen zaio.

Informazioaren arkitektoak, hau da, web-orrialdearen diseinuaz ardurtzen den profesionalak identifikatu behar ditu webgunearen helburua eta erabiltzaileen beharrak. Horretarako, edukiak eta funtzionalitatea erabakiko ditu; antolakuntza, nabigazioa eta bilaketen sistemen bitartez harrera erraztuko du, eta etorkizuneko aldaketak eta web-orriaren hazkundea aurreikusiko ditu Peter Morville eta Louis Rosenfeldek adierazi zuten moduan.[1] Horregatik diote autore berdinek webguneak hiru zutabetan oinarritu behar direla: testuingurua, edukia eta erabiltzaileak. Informazio beharrak asetzeko estrategiei dagokienez, hiru bereizi daitezke: bilaketa, nabigazioa eta laguntza.

Osagaiekin hasi aurretik, berrypicking kontzeptua aipatu beharra dago: informatzeko modelo ohikoa da berrypicking. Erabiltzaileak estrategia bat edo batzuk erabiliko ditu informazioa aurkitzeko. Aurkitutakoa asimilatu eta ebaluatu ondoren, bere informazio beharra birformulatzen edota zehazten joango da konpondutzat eman arte. Sarri erabiltzen dugu modelo hau: nabigatzen aritzen gara, eta momentu batean, espero ez genuen zerbaitetara iristen gara. Arkitektura bera baino lehenago doa berrypicking.[2][3][4]

Osagaiak

aldatu

Informazio-arkitekturaren osagaiak  honakoak dira: organizazio-sistemak, etiketatze-sistemak, nabigazio-sistemak, bilaketa-sistemak eta hiztegi edo lengoaia dokumentala.

Organizazio-sistemak

aldatu

Organizazio-sistemen baitan, bi sistema desberdin daude webguneak antolatzeko: batetik organizazio-eskemak eta bestetik organizazio-egiturak.

Organizazio-eskemak

aldatu

Webgunearen edukiak taldeetan banatzen dituzte irizpide baten arabera. Fisikoki antolatzen dute webgunea. Erabiltzaileak informazioa modu eraginkorragoan aurkitzeko, bi eskemak tartekatzea gomendatzen da.

  • Zehatzak: sailkapen finko bat eskaintzen duten eskemak dira; hau da, irizpide, zehatza.
    • Alfabetikoak
    • Kronologikoak
    • Geografikoak
  • Zalantzazkoak: zalantzazkoak deitzen zaie pertsona bakoitzak bere erara egingo lukelako sailkapena, modu desberdinetan.
    • Gaia
    • Ataza
    • Entzuleria
    • Metafora
    • Hibridoa

Organizazio-egiturak

aldatu

Webgunearen informazio-item taldeak antolatzen dituzte euren arteko menpekotasun logikoak erakutsiz. Ideologikoki antolatzen dute webgunea.

  • Egitura hierarkikoa: antolatzeko modu sinple eta ohikoa da. Aholkuak: aukera nagusiak beti egon behar dira ikusgai; kategoriak elkarrekiko baztertzaileak izan behar dira, eta atariaren hazkundea kontuan hartu behar du.
  • Erregistroetan oinarrituta: datu homogeneo eta ongi egituratuetarako kontseilatua (datu-base modeloa).
  • Hipertestu-egitura (edo sarea): webgunearen edukiak esteken bitartez antolatzen dira.
  • Egitura sekuentziala: hasiera eta amaiera garbiak ditu, eta kontsultarako ibilaldi bakarra.
  • Taula egitura (edota matriza): edukiak bi irizpideren arabera antolatzen dira (ilara eta zutabea).

Etiketatze-sistemek informazio-itemak etiketa zehatzen bitartez adierazten dituzte. Horrela, etiketa-sistemak emandako informazioaren bidez, erabiltzaileak erabakiko du bertan klikatzea ala ez. Etiketatze-sistemak ikonikoak edo testualak izan daitezke: ikonikoek irudien bitartez etiketatzen dute informazioa (hurrengo argazkian ikusi daitekeen bezala). Horretarako, erabiltzen duten kodea hartzaileen imajinario kolektiboarekin bat etorri behar da, bestela ez da ulertuko. Aldiz, testualek hitzekin etiketatzen dute informazioa.

  • Testuinguruaren araberako estekak: normalean testualak izaten dira. Begiz identifikatu behar dira, eta kanpokoak direnekin desberdindu. Esteka berak azaldu behar du zer estekatzen duen; hau da, deskriptiboa izan behar da. Hurrengo adibidean, badakigu etiketa zein den: gainerako testutik desberdintzeko, urdinez dago adierazita etiketa.
  • Web-orrien tituluak: diseinuak euren hierarkia islatu behar du. Deskriptiboak izan behar dira, etiketatze-sisteman erabilitakoekin koherenteak, eta webgune osoan kokapena eta itxura mantendu behar dituzte.
  • Nabigazio-sistemaren aukerak: adibidez, home, albisteak, laguntza, kontaktua, web-mapa...
  • Indexaziorako terminoak: edukiak deskribatzeko erabiltzen dira, hauen lokalizazioa, bilaketa eta errekuperazioa errazteko. Batzuetan ezkutatzen dira.
    • Markatzaile sozialak: indexaziorako terminoen barruan, erabiltzaileak berak edota edukiaren egileak proposatzen dituen etiketak dira (tag).  Horren emaitzari  folksonomia deitzen zaio: zerrendak, etiketa-lainoak, erabilienak…

Nabigazio-sistemak

aldatu

Helburuak

aldatu
  • Edukien arteko harremanak identifikatu eta nabigazioa erraztea.
  • Orientatzea (jakin non gauden, zer dagoen hemen, nondik gatozen, nola joan gaitezke nahi dugun tokira).
  • Webgunearen egitura eta tamaina irudikatzea.

Moduak

aldatu

Modu ezberdinetan nabigatu daiteke, bi irizpideri jarraituz.

  • Batetik:
    • Norabidez: zerbait zehatza bilatzen denean.
    • Norabide gabe: webgunea gainbegiratzen denean helburu zehatzik gabe.
  • Bestetik:
    • Zabaleraz: gai bati buruzko informazio orokorra bilatzea, adibidez, ugaztunak.
    • Sakoneraz: gai baten atal zehatz bati buruzko informazioa bilatzea, aurreko adibidearekin jarraituz, uretako ugaztunak.

Nabigazio-sistema motak

aldatu
  • Oinarrizkoak: nabigatzeko beharrezko ditugunak dira.
    • Sistema integratuak: hiru sistema bereizi daitezke, eta euren artean artikulatu behar dira orria gehiegi kargatu gabe:
      • Konstantea: orriaren goiko partean kokatzen da gehienetan, nabigazio barra horizontal moduan. Non gaude eta nora joan gaitezke adierazten ditu. Webguneko aukera nagusiak erakusten ditu.
      • Lokala: sistema konstanteekin artikulatzen dira. Gehienetan, zutabe bertikalean kokatuta daude. Orrialdearen edukia adierazten dute, eta nora joan gaitezkeen.
      • Testuinguruko sistemak: erlazionatutako edukiak identifikatzeko eta estekatzeko erabiltzen dira.
    • Sistema osagarriak: hiru sistema bereizi daitezke. Orri bereziak dira, informazioa lokalizatzeko eta orientatzeko:
      • Mapa: egituraren aurkezpen orokorra da.
      • Indizeak: webgune baten edukia adierazten duten terminoen zerrenda alfabetikoa dira.
      • Gida: wizards, konfiguratzaileak, bisita gidatuak, tutorialak… dira. Horren adibidea da wix.com webgunea: bertan lehen aldiz sartzen garenean, tutorial batekin gidatzen gaituzte plataformaren baliabideak hobeto ezagutzeko.
  • Ez-oinarrizkoak: nolabait esateko, erabiltzaileetara egokitzen diren nabigazio-sistemak dira.
    • Pertsonalizazio-sistemak: erabiltzearen profilaren arabera eraikitzen diren nabigazio-egiturak (sistemak berak egiten du).
    • Kustomisazio-sistemak: erabiltzaileak berak diseinatzen du bere nabigazio-sistema propioa (erabiltzaileak egiten du).
    • Ikuste-nabigazio sistemak: guztiz bisualak dira, irudien bitartez adierazten baitira.
    • Nabigazio-sistema sozialak: erabiltzaile gehienek egiten dutenarekin ondorioztatuta sortzen dira (ezagunena, salduena…).
  • Erreaktiboak: erabiltzailearen eginkizunen aurrean, informazioa ematen duten bilaketa-sistemak dira. Adibidez, Google bilatzailean “a” letra jarrita ere, emaitzak ematen ditu. Galdera egin eta sistemak erantzun bat ematen du.
  • Proaktiboak: informazioa eskaintzen dio erabiltzaileari, baina horretarako bere profila osatu behar du. Adibidez, liburu-denda bat daukat: dendaren webgunean, sistema bat daukat eginda, jakinarazpenak bidaltzen dituena. Esaterako, nobela beltza interesatzen zaien nire bezeroei mezu bat bidaltzen die nobela beltzaren inguruko nobedadeei buruz, erabiltzaileek ezer eskatu gabe; izan ere, badakit interesatzen zaiela. Beraz, bilatzaile-sistema proaktiboek informazioa ematen diote erabiltzaileari, berak eskatu gabe, baina jakinda zer interesatzen zaion.
  • RSS: hasieran erreaktiboa da, eta, gero, proaktiboa. XMLren familiako fitxategi formatu bat da, sarritan eguneratzen diren albisteen webgune eta blogentzako bereziki prestatua dagoena. Honi esker informazioa elkarbanatu eta beste webgune batzuetan erabiltzea posible da. Honi sindikazioa deritzo.

Erreferentziak

aldatu
  • Agirreazaldegi, Teresa. (2006). Informaziorako dokumentazioaren oinarriak. UEU, 56-59 or. ISBN 84-8438-0785.
  1. Morville, Peter.. (2007). Information architecture for the World Wide Web. (3rd ed. argitaraldia) O'Reilly ISBN 978-0-596-52734-1. PMC 86110226. (Noiz kontsultatua: 2020-06-30).
  2. Agirreazaldegi, Teresa. (2006-01-01). «Manual de documentación para comunicadores (Elea Giménez)» El Profesional de la Informacion 15 (1): 78–79.  doi:10.3145/epi.2006.jan.15. ISSN 1386-6710. (Noiz kontsultatua: 2020-05-11).
  3. «Informazioaren arkitektura: zimendu sendo batzuk eraiki zure web interfazeetarako - Euskadi+innova» www.spri.eus 2007-07-12 (Noiz kontsultatua: 2020-05-11).[Betiko hautsitako esteka]
  4. «Erabiltzailearen esperientzia, informazioaren arkitektura eta erabilgarritasuna - Euskadi+innova» www.spri.eus 2007-07-12 (Noiz kontsultatua: 2020-05-11).[Betiko hautsitako esteka]

Kanpo estekak

aldatu