Ikasbide Ikastola (Donostia)
Ikasbide Ikastola Donostiako Amara auzoan dagoen ikastetxe publiko bat da. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza eskaintzen ditu. Bere hizkuntza eredua "D" da. Egun Loiolako Erriberak auzoan kokatuta dago[1].
Ikasbide Ikastola (Donostia) | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | ![]() |
Probintzia | ![]() |
Udalerria | Amara |
Koordenatuak | 43°18′46″N 1°58′29″W / 43.3129086°N 1.9747722°W |
![]() | |
Kontaktua | |
Helbidea | Pablo Gorosabel Kalea, 1 |
Telefonoa | tel:+34-943-46-72-94 |
Sorrera eta historia aldatu
1960an Donostiako Amarako guraso talde batek beren seme-alabei euskal irakaskuntza eskaini nahian eta garai hartako egoerari aurre egiteko euskaraz irakasten zen eskola bat sortu zuten, Amarako Ikastola. Hasierako egoitza Olazabal kalean zegoen (Santo Tomas Lizeoko geletan), ondoren 1965-66an Baleazaleen kaleko pisu batetara pasa ziren eta 1966-67an Felipe IV hiribidean zeuden geletara[2].
1967an Ikasbide ikastola bihurtu zen eta egun Ikasbide Kultur Elkartearenak diren lokaletan hartu zuen ostatu. Hasiera bertatik, garai hartako ikastolen mugimenduarekin bat etorri zen honek zekarren Pedagogi Berrikuntzarekin bat eginez.
1979. urtean Lehen Hezkuntzakoak Txuri Urdin Izotz Jauregian zeuden gela batzuetara pasa behar izan ziren. 1984/85 ikasturtean, berriz, taldeak gehitzen joan zirenez gela aurreprefabrikatuetan ere eskolak ematen hasi ziren. 1985ean Udaletxeak Amezketa plazako eraikina utzi zienean Haur Hezkuntzakoak bertara joan ziren[3].
Une horretan, Isabel IIeko lokalak hutsik geratu zirela aprobetxatuz hainbat gurasok Ikasbide Kultur Elkartea sortu zuten auzoan ere euskara eta Euskal kultura sustatzeko asmoz.
1989an "Alkano" izeneko eraikinera joan ziren (Zorroagan), Gurutze Gorriarekin negoziatu ondoren.
Hasiera batean, Ikasbidek, ikastolen federazioen babespean, dagozkion guraso eta irakasleen ordezkarien batzordeekin ikastola pribatu gisa funtzionatu zuen eta Arantzazuko Ama, Orixe, Zurriola eta Jakintza ikastolekin batera Barandiaran Lizeoa sortu zuten beraien proiektuari Bigarren Hezkuntzan jarraipena emateko.
1993an Euskal Eskola Publikoaren legeari buruzko hausnarketa eta erabaki beharra etorri zen eta Ikasbide Ikastola sare publikora pasa zen.
2011/12 ikasturtean eraikin berria inauguratu zuten, Loiolako Erribera auzo berrian[4].
Ikastetxearen historiaren ondorio da gurasoek zeresan handia izatea kudeaketan eta urte hauetan guztietan komunitatearekin erakutsi duen konpromezua, auzoko zenbait erakunderekin harreman zuzena izanik eta Amaran antolatu diren euskal kultur girotze ekimenak eta ekintza kultural askoren hedatzaile eta antolatzaile izanik.
Erreferentziak aldatu
- ↑ «Hezkuntza Eskaintza» www.ikasbideikastola.hezkuntza.net (Noiz kontsultatua: 2020-04-28).
- ↑ «Ikasbide ikastola. Donostia - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-28).
- ↑ «Historia» www.ikasbideikastola.hezkuntza.net (Noiz kontsultatua: 2020-04-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Los 50 años de la ikastola Ikasbide» El Diario Vasco 2017-02-03 (Noiz kontsultatua: 2020-04-28).