Ibai amuarraina, (Salmo trutta fario), ibai amuarrainaren aldaera ez-migratzaile bat da. Euskal Herriko Zein Europako Ertz Atlantikoaren hainbat ibai-erreketan agertzen dena.

Ibai amuarrain
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaSalmoniformes
FamiliaSalmonidae
GeneroaSalmo
EspezieaSalmo trutta
Azpiespeziea Salmo trutta fario
Linnaeus, 1758

Deskribapena

aldatu

Ibai amuarraina Salmo trutta-ren forma ez-migratzailea da, beraz, bere ezaugarri morfologikoak guztiz bat datoz itsas amuarrainarekin, nahiz eta bere tamaina orokorrean txikiagoa izan.

Ibaietan bizi diren Amuarrainen kolorea itsas amuarrainarenetik dezente desberdina da. Bizi diren baldintzen arabera oso aldakorra izan daiteke, baina, funtsean, berde-oliba antzeko bizkarraldea eta hegal eta sabela horixkak edo zurixkak ditu. Bizkarraldean zein hegaletan orban beltz ugari izaten dituzte, eta horien artean halo zuriz inguratutako beste orban gorri batzuk bereiz daitezke. Orban hauek operkuluan eta bizkar-hegatsetan ere aurkitzen dira, baina inoiz ez isats-hegalean.[1]

Biologia eta ohiturak

aldatu

Ibai amuarraina ur gezetarako bizitza iraunkorrera egokituta dago, ez du itsasora migratzen. Migratzaile izaera galdu duen arren, amuarrain honek, bi motatako sasoiko mugimenduak egiten ditu. Batzuk izaera trofikoa dute, janari bila, eta normalean ibaian beherako bidaiak dira. Udazkenean eta neguan ugaltze-helburuetarako mugimenduak izaten dira eta amuarrainak ibaian gora joaten dira. Ibaien goialdeetara, arraba leku egokien bila.

Mugimendu horiek kenduta, espezie hau sedentarioa da eta oso lurraldekoa, beraz, banakako bakoitzak eremu bat aukeratzen du finkatzeko eta ez du beste arrainen presentzia onartzen. Presentzia hori gertatzen bada, lurraldearen defentsarako erasoa berehalakoa izaten da.

Amuarraina oso zorrotza da ur baldintzei dagokienez. Ez du jasaten tenperatura alturik eta oxigenazio maila baxurik eta kutsadurari dagokionez jasan ditzakeen mugak oso zorrotzak dira. Esan daiteke ibai batean amuarrainaren garapena normala bada, ibai horrek, baldintza bioekologiko onak mantentzen dituen sintoma dela.

Gainerako salmonidoak bezala. ibai amuarraina harrapari haragijalea da, harrapatzen dituen mota guztietako harrapakinez elikatzen dena. Ohikoa da korrontearen kontra igerian ikustea, bere lurraldera hurbiltzen diren animalia guztiak harrapatzen. Euren harrapakin gogokoenak uretako makroornogabeak dira; Plekopteroak, Efemeroptedoak, Trikopteroak …, krustazeoak, arrainak eta haien arrautza-erruteak. Krepuskuluko orduetan ohikoa da amuarrainak uretan saltoka ikustea, arrautzak uretan jartzen dituzten intsektu hegalariak harrapatzen. Lurreko zizareak, anfibio txikiak eta lurreko beste organismo batzuk harrapakin gutiziatuak dira ekaitzen ostean urak zakar daudenean.

Gizakiak jakin du amuarrainen eta beste salmonidoen elikadura-ohiturak aprobetxatzen arrantzarako beita egokiak lortzeko. Kutxarila, euli artifiziala, draga, makil-harra eta ur-zizarea dira gehien erabiltzen diren engainu legalak eta harrapaketa hoberenak ematen dituztenak.

Heldutasun sexuala, oro har, bizitzako hirugarren urtean lortzen dute. Ugalketa, gure ibaietan, abendua eta otsaila bitartean gertatzen da. Amuarrain gehienak urtarrilean errunaldia eginda egoten dira dagoeneko. Ugalketa-erritoa salmonido guztien antzekoa da, hain ikusgarria ez bada ere.

Ibai amuarrainen gazteek beren garapenean bizi dituzten aldaketak itsas amuarrainean edo izokinean diren bezain konplexuak ez dira, izan ere, hauen pinto fasearen antzeko aldi baten ondoren, zuzenean hartzen baitituzte helduen morfologia eta kolorea.

Banaketa, habitata eta estatusa

aldatu

Europako Salmo trutta azpiespezie guztietarako, fario, forma deskribatu da.

Iberiar penintsulan ibai amuarraina arro hidrografiko guztietan aurkitzen da.

Euskal Herrian, egungo banaketa zabalena duen espezietako bat da. Kantauri isurialdean eta Ebroren arroan aurkitzen da. Ibai guztien iturburuetan eta haien ibai adarretan. Jasaten duten kutsadura maila handia dela eta, Kantauri aldeko ibai nagusietan eta Zadorran falta da, Ullibarri urtegiaren irteeran eta Arabako lautadako beste zenbaitetan izan ezik, Ebro ibaian ere badaude, mediterraneoko isurialdean.

Aztertutako ia ibai guztietan aurkitu den arren, zaila da bere banaketa naturala aurreikustea, izan ere, bere balio sozioekonomikoagatik lortu duen interesagatik, etengabeko birpopulatzeak izan dituelako.

Ibai amuarrainak batez ere ibaien goialdeak eta mendiko errekak okupatzen ditu, non ugariena den. Dena den baldintza onak dauden lekuetan, dentsitate baxuagoan baina ale handiagoekin, ibaien ibilbidearen erdialdean ere aurkitzen da.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 82 or. ISBN 84-7542-639-5..

Kanpo estekak

aldatu