Hurritak[1] (idazkera kuneiformez: Ḫu-ur-ri) antzinatean Mesopotamiaren iparraldean bizi izan zen herria da. Lurralde horrek gaur egungo Turkiaren hego-ekialdea, Siriaren eta Iraken iparraldea eta Iranen ipar-ekialdea hartuko lituzke.

Autore batzuen ustez, hurritak kurduen arbasoak izan ziren; haien eremua, kolore argiagoz nabarmendua, irudian ikus daiteke

Jatorria aldatu

Haien jatorria ez da oso ondo ezagutzen. Jatorriz Anatoliako mendietakoak ziren eta Mesopotamian eta Sirian finkatu ziren (K.a. XXI-XII. m.). Hainbat erresuma sortu zituzten; horien artean, K.a. XVI. mendean Mitanni erresuma. Hurritak aztertzeko orduan zailtasun nabarmena da haiei buruzko zuzeneko iturrien eskasia. Hititen artxibo zenbait garrantzitsuak dira hurriten ezagutzarako.

Iturri arkeologikoak aldatu

Aztarnategi hurrita garrantzitsuenak Sirian, Iraken eta Turkian daude. Hondakin arkeologiko gehienek Neolitoan hasi eta gutxienez erromatar garairaino iristen ziren hiriak bistaratzen dituzte. Materialaren datazioa egiteko, oso erabilgarria izaten da Khabur-eko zeramika deitua, zeramika hori hurriten kulturan oso tipikoa baitzen.

Historia aldatu

Hurriten historiaz asko dago ezagutzeko, batez ere haien jatorriari dagokiona. Hala ere, badirudi Khabur-eko haranera iristean hainbat erresuma sortu zituztela, horien artean garrantzitsuena Mitani, gerora hititek eta asiriarrek suntsitu zutena. Hititen erorialdiarekin, hurritei buruzko iturri dokumental garrantzitsuena galtzen da, eta horrek zaildu egiten du hurritei buruzko informazioa lortzea. Hurritek sortutako erresumei dagokienez, hainbat sortu zituzten; besteak beste: Urkesh, Alepo, Alalakh, Kizzuwadna eta Mitanni.

Historialari batzuen ustez, hurritak kurduen asabak izan litezke, eta posible da kurduen artean hurriten kulturari buruzko aztarnak aurkitzea.

Kultura aldatu

Hurriten kultura batez ere Mesopotamiako eta Inperio hititaren testuetako erreferentzien bidez ezagutzen da. Ekialde Hurbileko dokumentuetan izen hurritak agertzen dira, eta dokumentu horiek, hondakin arkeologikoekin batera, kultura hurrita ezagutzeko iturri garrantzizkotzat jotzen dira. Hititen dokumentuei dagokienez, bereziki interesgarriak dira bai hititeraz eta bai hurrieraz idatzitako dokumentuak, azken hizkuntzari buruzko hainbat puntu argitzeko baliagarriak izan baitira.

Zeramika hurrita oso famatua izan zen antzinatean, gaur egun ere aztarnategi arkeologikoak datatzeko unean zeramika-estilo desberdinak direlarik formarik sinpleena.

Hurriera ez da erabat deszifratu, baina badirudi ez dela ez indoeuroparra ezta semita ere. Normalean, Kaukasoko hizkuntzen barnean sailkatzen da.

Erlijioa da agian hurriten kulturako elementurik ezagunena, eragin handia izan baitzuen ingurukoengan. Denbora baten ondoren, ia Ekialde Hurbil osoak, Antzinako Egipto eta Mesopotamia izan ezik, hurriten elementuak sartu zituen bere erlijioan.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu