Heroien Panteoi Nazionala

Heroien Panteoi Nazionala (gaztelaniaz: Panteón Nacional de los Héroes) edo Heroien Panteoi Nazionala eta Andre Mariaren Jasokundearen Otoiztegia (gaztelaniaz: Panteón Nacional de los Héroes y Oratorio de la Virgen Nuestra Señora Santa María de la Asunción) Paraguaiko Asuncion hiriko erdigunean dagoen monumentua da, Palma eta Txile kaleen artean kokatua. Arte, kultura eta ondare-balio handiko altxor arkitektonikoa da.

Heroien Panteoi Nazionala
Kokapena
Estatu burujabe Paraguai
Hiriburu barrutiHiriburu Barrutia
HiriaAsuncion
Koordenatuak25°16′56″S 57°38′07″W / 25.282227°S 57.635179°W / -25.282227; -57.635179
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1864
Erlijioakatolizismoa
ElizbarrutiaAsunciongo elizbarrutia
Arkitektura
Estiloaneoklasizismoa

Historia aldatu

1863ko urrian Francisco Solano López orduko Paraguaiko Errepublikako presidenteak Andre Mariaren Jasokundearen otoizlekua eraikitzea agindu zuen. Alejandro Ravizza italiar arkitektoak diseinatu zuen Giacomo Colombino eraikitzailearekin elkarlanean. Aliantza Hirukoitzaren Gerraren ondorioz, eraikina amaitu gabe geratu zen eta aldamioen gainean egon zen 70 urte baino gehiagoz. 1936an Chacoko gerra amaitu eta gutxira eraikitze-lanak bukatu zituzten eta urte bereko urriaren 12an zabaldu zuten presidentearen dekretuz Heroien Panteoi Nazionala bihurtzeko.

Elizako hierarkiaren eta Andre Mariarenganako jaieradunen presioak Andre Mariaren Jasokundearen otoizlekua berreskuratzera behartu zuen Félix Paiva 1937an, baina aldi berean Heroien Panteoi Nazionala izaten jarraitu zuen.

Balio historiko eta kulturala aldatu

Heroien Panteoi Nazionala Parisko Panteoiaren erreplika bat da.

Panteoia Paraguaiko aberriaren mausoleoa da. Bertan herrialdeko historiako hainbat heroien gorpuzkiak daude ehortzita, adibidez: Carlos Antonio López (lehen presidente konstituzionala), Francisco Solano López marexala, José Félix Estigarribia marexala (Boliviaren aurkako Chacoko gerrako heroia eta garailea) eta bere emaztea. Horrez gain, Acosta Ñuko Haur Martirien eta Soldadu Ezezagunen gorpuzkiak ere han lurperatuta daude.

Heroien Eguna aldatu

Urtero martxoaren 1ean Heroien Egun Nazionala (gaztelaniaz: Día Nacional de los Héroes) ospatzen du Paraguaik Francisco Solano López marexalaren omenez, egun horretan, 1870ean, Aliantza Hirukoitzaren Gerran eraila.[1]

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) «Desde hace 90 años Paraguay conmemora el Día de los Héroes» La Nación 2020-03-01 (Noiz kontsultatua: 2022-12-08).

Kanpo estekak aldatu