HeLa zelula-lerroa (Hela edo hela bezala ere ezaguna) lehenbiziko zelula-lerro hilezkorra da eta ikerketan gehien erabiltzen denetako bat. Jatorria Henrietta Lacks pazientearen kartzinoma zerbikaleko zelula epitelialen lagina da (hain zuzen ere, haren izenaren hasierako hizkiak elkartuz ipini zitzaion izena zelula-lerroari). Lagin hori 1951ko otsailaren 8an eskuratu zuten eta ikusi zuten ez zirela ordura arte ikertutako beste minbizi-zelulak bezain azkar hiltzen eta askoz bizitza luzeagoa zutela. Horretaz baliatu nahian, George Otto Gey doktoreak HeLa zelula bat isolatu eta ugaldu zuen, lehen zelula-lerro hilezkorra sortuz. Henrietta urte bereko urriaren 4an hil zen eta ez hari, ez haren familiari ez zioten inongo baimenik eskatu zelulak erauzteko, are gutxiago ikerketan erabili ahal izateko.

HeLa zelulak Hoechst 33258 koloregaiarekin tindatuak.

Gaur egun HeLa zelulak funtsezkoak dira biologian eta medikuntza ikerketan: kalkulatzen da zientzialariek zelula hauen 20 bat tona ugaldu dituztela eta 11.000 patente inguru daude HeLa zelulekin nolabaiteko lotura dutenak.