Haizearka ur-jauzi bat erabiltzen duen aire konpresorea da. Sistema horretaz baliatu ziren Europako eta Estatu Batuetako burdinoletan labeak airez hornitzeko.[1] Euskal Herriko burdinola txikietan XVII. mendetik aitzinera ezarri bazen ere, burdinola nagusi gehienetan hauspoak erabiltzen segitu zuten.[2]

Haizearka baten eskema.

Funtzionamendua aldatu

Ur-biltegiko edo antaparako ura hodi bertikal batetik behera sartzen zen. Hodi horren goialdean mehargune bat zegoen, eta zulo txiki batzuk beheraxego. Ura mehargunetik igarotzen zelarik, haren presioa jaisten zen eta, Venturi efektuari esker, zuloetatik barrena kanpoko airea xurgatzen zen. Ura, aire burbuilekin nahasia, itxitako ontzi bateraino erortzen zen (izan ere, ontzi hori zen haizearka). Ontziak bi irteera zituen; behekotik ura ateratzen zen, eta gainekotik airea presiopean, hodien bidez laberaino eramaten zena.[3][4]

Haizearkaren bitartez aire-fluxu jarraitua lortzen zen, hauspoekin gertatzen ziren aspirazio- eta bultzada-aldirik gabe.[4] Ur-jauzi handia behar izatea, eta hauspoek baino ur gehiago xahutzea ziren desabantaila nagusiak.[3]

Erreferentziak aldatu

  1. Tomàs, Estanislau. The Catalan process for the direct production of malleable ironand its spread to Europe and the Americas. Contributions to Science, 1(2): 225-232 (1999), Institut d’Estudis Catalans, Barcelona, publicacions.iec.cat (Noiz kontsultatua: 2020-11-16).
  2. Urteaga, Mertxe. El homo faber (I). La cultura del hierro en el País Vasco: de don Julio Caro Baroja a la actualidad. Cultura y patrimonio de los pueblos de España, Seminario conmemorativo del centenario de don Julio Caro Baroja, academia.edu (Noiz kontsultatua: 2020-11-16).
  3. a b Cabezón, Xabier. Ferrerías hidráulicas: Haizearka. leitzaran.net (Noiz kontsultatua: 2020-11-20).
  4. a b El Pobal burdinola: Haize-arka. bizkaikoa.bizkaia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-20).

Kanpo estekak aldatu