Gil Carlos Rodríguez Iglesias
Gil Carlos Rodríguez Iglesias (Gijon, 1946ko maiatzaren 26a - Madril, 2019ko urtarrilaren 17a) espainiar abokatua izan zen.
1975ean eskuratu zuen Zuzenbideko doktore-titulua Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta irakasle eta katedradun izan zen hainbat unibertsitatetan (Friburgo, Extremadura, Granada). Kanpo Arazoetako Ministerioarentzat lan egin zuen nazioarteko hitzarmenetarako aholkulari gisa. 1986az gero, Europako Justizia Epaitegiko epaile izan zen, eta epaitegi haren lehendakaria izan zen 1994tik 2003ra. Bera izan zen Europako Batasunean erakunderen baten lehendakaritza bere esku izan duen bigarren espainiarra. Epaitegi horretan, estatuen boterearen aurrean hiritarrak dituen eskubideen alde lan egin zuen, nagusiki. Espainiako zuzenbide komunitarioko aitzindarietako bat izan zen, eta nazioarteko zuzenbidean aditua, eta hainbat lan egin zituen alor horietan; besteak beste, Curso sobre Derecho Comunitario Europeo ikastaroa zuzendu zuen 1993an eta 1995ean; Cuadernos de Estudios Europeos argitalpenaren zuzendari izan zen, Eduardo García de Enterría katedradunarekin batera (1993); Revista de Instituciones Europeas aldizkariaren zuzendariordea izan zen; eta Asociación Española para el Estudio del Derecho Europeo erakundearen idazkari orokorra, 1982an erakunde hura sortu zenez gero. Honoris causa doktore izan zen zenbait unibertsitatetan. 2004tik 2005era del Instituto Universitario de Investigación Ortega y Gasset institutuko Europako Ikasketak Saileko zuzendaria izan zen, eta Real Instituto Elcano de Estudios Internacionales y Estratégicos institutuko zuzendaria 2005etik aurrera.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.