Gabioia, ingeniaritzan, kaxa edo saski prismatiko angeluzuzena da, zumez, altzairu herdoilgaitzezko edo karbono gutxiko burdina galbanizatuzko sare metalikoz osatua, harriz edo lurrez betea.

Erreka baten ertzaren babesa.

Kaxa hauek muntatzeko eta harriz betetzeko eragiketek ez dutenez inolako trebetasunik behar, askoz denbora gehiago eta langile espezializatuak beharko lituzketen obrak erraz egin daitezke gabioiekin.

Historia aldatu

Gabioien lehen agerpena K.a. 3000. urtean izan zen, Peruko erdialdeko kostaldean. Han, Karal zibilizazioaren eraikitzaileek shiken teknika erabiltzen zuten.

 
Karal shikak.

Shikak landare-zuntzez egindako poltsak dira, harrizko blokez beteak.

Horiekin tenpluen plataformak betetzen zituzten, poltsak apur bat bananduta ezarriz. Hala, egonkortasuna lortzen zuten egituretan. Lurrikara edo sismo bortitz bat gertatuz gero, eraikinaren oinarrian zegoen shikra-nukleo hori bibrazioarekin mugitzen zen, modu mugatuan, harriak poltsen barruan gordetzen baitziren.

Lurrikararen ondoren shikrak berez egokitzen ziren, egonkortasun-puntu berri bat aurkituz. Shikrek, beraz, funtzio antisimikoa zuten.

Aldi berean, K.a. 700. urtean, Egipton, Nilo ibaiaren ertzean dikeak egiten zituzten egiptoarrek, zuntz naturalen saskiak erabiliz. XVI. mendean, gerra garaian, ingeniariek lurrez betetako zumezko saski batzuk erabiltzen zituzten, asmatzaile italiarrek “gabbioni” edo “kaiola handiak” izendatuak, kokaleku militarrak gotortzeko eta ibaien ertzak indartzeko.

Gaur egun gabioiak, gehienbat, sare elektrosoldatuz egiten dira, zurruntasun eta esfortzuekiko erresistentzia handiagoa baitute, eta forma monolitikoan lan egiten dute betegarriaren dentsitateagatik, altzairu galbanizatuzko hagatxoekin eginak, 3 mm eta 10 mm bitarteko diametroa dutenak.

Iragazkortasuna dela eta, ura kaxa hauetan zehar igaro daiteke, eta hala hormen atzean pilatzen diren presio hidrostatikoen tentsio handiak arintzen dira.

Beste mota bat ere badago, bihurdura hirukoitzeko ehuna eta 2,5 mmko altzairuzko alanbrea, 8 × 10 m motako eskuairak dituena. Horri hiru galvanizazio-geruza ematen zaizkio, 270 g zinkekoak. Ertzak 3,4 mmko alanbrez indartuko dira, eta alanbrea ere aurpegiak lotzeko erabiltzen da.

Egitura hauen berezitasunetako bat ingurunean oso ondo integratzeko ahalmena da, bertako fauna eta landaretza garatzea ahalbidetuz.

Gabioiek itxura desberdinak izan ditzakete, nahiz eta ohikoena kaxa-forma izan. Kutxek luzera hauek izan ditzakete: 1,5 , 2, 3 edo 4 m, 1 m-eko zabalera eta 0,5 edo 1,0 mko altuera.

Gabioiak izango dituen neurriak zehazteko, kontuan hartu behar izango dira obraren beharrak eta eskakizunak.

Abantailak aldatu

  • Hainbat baldintzetara egokitzeko gaitasun handia dute, erraz eraikitzen baitira urperatutako eremuetan ere.
  • Presa iragazle gisa lan egiten dute, uraren fluxu normala eta lokatz eta zaborren erretentzioa ahalbidetuz.
  • Gabioi-kaxek egitura bakarra osatzen dutenez, erresistentzia handiagoa dute iraultzarekiko eta irristatzearekiko.
  • Tamaina desberdinetako karkaben higadura eraginkortasunez kontrolatzen dute.
  • Nahiko kostu txikia dute, harlangaitzezko presekin alderatuta.
  • Eraginkortasun eta iraunkortasun handia dute (5 urtetik gorakoa).
 
Gabioia parke batean.

Erabilpenak aldatu

  • Euste-hormak: gabioi-hormak beren bi aldeetako lurzoru-mailen arteko aldeari eusteko diseinatuta daude, eta euste- eta babes-elementu multzo garrantzitsua osatzen dute ibai-ohantzeetan daudenean.
  • Lurzoruaren kontserbazioa: higadura hidriko azeleratua oso kaltegarria da lurzoruentzat; izan ere, fenomeno horren ondorioz, lurzoru emankorren azalera handiak galdu egiten dira.
  • Arroaren erdialdean eta goialdean askatzen den material solidoak beheko aldean dauden azpiegitura hidraulikoa, elektrikoa, nekazaritzakoa eta komunikazioetakoa ahultzea eragiten du.
  • Ibaien kontrola: ibaietan, gabioiak ibilguaren oreka-egoera bizkortzen du. Higadurak, materialak garraiatzea eta ertzak erortzea saihesten du. Horretaz gain, gabioiek uhaldiak kontrolatzen dituzte; horrela, haranak eta herriak uholdeen aurka babesten dituzte.

Kanpo estekak aldatu