Euskararen Nazioarteko Eguna

euskaldunek beren hizkuntza goraipatzeko eta bizirik dagoela ospatzeko hautatu zuten eguna

Euskararen Nazioarteko Eguna, ENE, euskararen aldeko ospakizun eguna da, abenduaren 3an[2] egiten dena, Frantzisko Xabierkoaren egunean; izan ere, Frantzisko 1552ko abenduaren 3an hil zen Shangchuan uhartean, euskara zuen berezko hizkuntza eta, kondairak dioenez, hil aurreko azken hitzak bere ama-hizkuntzaz eman zituen, euskaraz.

1949ko Euskararen Eguneko idatzia. / Iturria: Eusko Ikaskuntza via Alea.eus[1].
Erbestetik, Eusko Jaurlaritzak Parisetik argitaratutako Euzko Deya egunkaria (1949).

1930ean Eusko Ikaskuntzak ezarri zuen, euskararen nazioarteko egun gisara. Lehen ospakizun egun horrek “lotsa handia litzateke guk, Euskaldunok, geure hizkuntza galtzen ikustea” izan zuen goiburu.[3] Espainiako Gerra Zibilaren ostean, 1949an berpiztu zen, Buenos Airesko Laurac Bat elkartean eta, besteak beste, mundu osoko euskaldunei euskara landu eta sendotzeko laguntzak eskatzen zizkieten. Frankismo garaian, Ipar Euskal Herrian eta Amerikako zenbait lekutan soilik ospatzen zen, Espainiako diktadurako zentsuraren ondorioz. 1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu zuten.

Euskararen Egunak hainbat izen izan ditu. Lehen edizioan, Eskuararen Eguna erabili zen eta ondorengo urteetan, Euzkararen eguna edo Euzkara Eguna (garai hartan euskara hitzak eguzki hitzarekin lotura etimologikoa zuela uste zen, hortik geroago baztertutako *euzkara, *euzko eta Euzkadi). Egun, Euskararen Eguna edo Euskararen Nazioarteko Eguna esaten zaio[1].

Erreferentziak

aldatu
  1. a b «Zergatik ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an?» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-03).
  2. «Zergatik ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an?» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-12-02).
  3. PAGOLA, Rosa Miren. «Euskararen Eguna eta Eusko Ikaskuntza» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-03).

Kanpo estekak

aldatu