Etnozidioa etnia baten kultur-suntsiketari deritzo. Kultur-genozidioaren sinonimoa da [1]. Bartolomé Clavero legelariaren iritziz "genozidioak pertsonak hiltzen dituen bitartean, etnozidioak giza-kulturak hiltzen ditu" [2]. Etnozidioak ez dakar nahitaez indarkeria fisikoaren erabilera.

Pierre Clastres antropologo frantsesak (1934-1977) garatu zuen bereziki etnozidioaren kontzeptua. Bere hitzetan, "genozidioak herrien gorputzak erailtzen ditu, etnozidioak haien izaera hiltzen duen bitartean".

Hizkuntz genozidioa edo linguizidioa etnozidio mota bat da.

Etnozidioaren muinean etnozentrismoa dago, hots, kultura batek beste batzuekiko duen nagusitasuna defendatzen duen teoria. Horren ondorioz, etnozentrismoaren sustatzaileek haien kultura -beren ustez maila gorena duena- beste kultura bat duten herriei inposatzen diete.

Mende luzeetan estatu asko haien menpeko Herrien eta etnien kulturak suntsitzen saiatu dira, eta kultur-asimilazioaren politikak garatu dituzte horretarako. Euskal Herriko kasua paradigmatikoa da [3]. Baita Kataluniakoa ere. Honela dio Joan-Lluis Lluis Ipar Kataluniako idazleak: "Mendeak dituk Frantzia saiatzen ari dela hizkuntza horiek (frantsesa ez diren Hexagonoko hizkuntza gutxituak) suntsiarazten eta horrek izen bat dauka, linguizidioa. Linguizidioa ekintza kriminaltzat hartuko balitz, kulturaren eta giza ondarearen aurkako krimena, eta nazioarteko auzitegietan salatuko balitz, Frantziak zortzi aldiz (zortzi hizkuntza gutxitu baitaude Hexagonoan: alsaziera, bretoiera, euskara, flandriera, katalana, korsikera, okzitaniera eta proventzera) azaldu beharko likek zortzi auzitan eta bakoitzean zigortua izango lukek hain segur[4].

Gutxi dira ezarri dituzten politika etnozidengatik barkamena eskatu duten estatuak. Esanguratsua izan zen, alde horretatik, Norvegiako erregeak 1997an Sami Herriari egindako barkamen-eskaera, oihartzun zabala izan zuena [5] [6]

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu