Etniker

Euskal Herriko etnografia ikerketa eta zabalkunde taldea

Etniker taldea, Euskal Herriko etnografiarako ikerketa taldea da. Lurraldeen arabera, bost azpitaldetan banatuta dago: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparralde eta Nafarroa. 1963. urtean sortu zen Nafarroako Unibertsitateko Filosofia eta letren fakultatearen baitan[1].

Etniker
Datuak
Motaargitaletxea, ikertaldea, kultur elkartea eta erakunde zientifikoa
HerrialdeaEuskal Herria
Agintea
Egoitza nagusi
Historia
Sorrera1963
webgune ofiziala

Jose Migel Barandiaran (1889-1991) etnografoak hirurogeiko hamarkadaren hasieran Euskal Herriko Atlas Etnografikoa egiteko ikerketa planaren proposatu eta sustatu zuen. Proiektu hura bost taldetan gauzatu da, eta talde horiek Nafarroa, Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Iparraldea aztertzen dituzte. Proiektu honetan 70 inkestagilek egiten dute lan, 1987tik Eskualde arteko Zuzendaritza Batzorde batek koordinatuta. Lortutako materialak Labayru Ikastegiko (Derio-Bilbao) Etnografia Saileko Idazkaritza Teknikoan lantzen dira, eta Erredakzio Batzorde batek testuak landu eta liburukiak editatzen ditu. Euskal Herriko Atlas Etnografikoa 15 liburukitan dago diseinatuta[2].

Historia aldatu

Barandiaran bera arduratu zen ikerketa taldeak antolatzeaz lurralde guztietan, XX. mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadako lehen urteetan.

Etniker-Navarra 1969an sortu zen, José Miguel de Barandiaranek Nafarroako Unibertsitatean zuzentzen zuen Euskal Etnologia Katedraren osagarri moduan. Inkesta egindako herrietako monografia etnografiko gisa egindako lehen ikerketak Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra aldizkarian argitaratu ziren, urte berean hasita.

Urte batzuk geroago eratuko zen Etniker-Gipuzkoa. 1954az geroztik Barandiaran Etnologia Mintegia zuzentzen ari zen Donostian, Aranzadi Natur Zientzietako Elkarteak babestuta. 1972an egin ziren Etniker proiekturako lan talde bat sortzeko lehen saioak. Talde hori Etniker Gipuzkoa izenez formalizatu zen Ataunen 1974an.

Etniker-Araba taldea sortzeko lehen ahaleginak Gasteizko Sociedad Excursionista Iradier elkartean egin ziren 1971n. 1973an ikerketa talde bat osatu zen Arabako Foru Aldundiaren Kultura Kontseiluaren Etnologia Sailean. Ondoren, Etniker Araba Taldeko kideek Etnografiako Arabar Mintegia eratu, eta Ohitura aldizkaria sortu zuten; hain zuzen ere, aldizkari horretan argitaratu dituzte Arabari dagozkien ikerketen emaitzak.

Etniker-Bizkaia: Deustuko Unibertsitateko Euskal Kultur Mintegiak lehen ahaleginak egin ondoren, Etniker Bizkaia sortu zen Elizbarrutiaren Derioko Apaiztegiko Euskal Bibliotekan, non José Miguel de Barandiaranek ikerketa egitasmoa azaldu zuen 1972ko maiatzean. Urte bereko uztailaren 10ean taldea eratuta geratu zen, Barandiaranek Axlor-Diman egindako sinadurarekin. 1975ean barne buletina argitaratzen hasi ziren Etniker Bizkaia izenburuarekin.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan Etnikerren ikerketa plana abian zegoen Euskal Herri penintsularreko lurralde guztietan. Aurrerago, 1986an, Baionako Association Lauburu elkarteko kide batzuek Etniker-Iparralde Taldea eratu zuten. Elkarteko hainbat kide gai etnografikoetan lanean ari ziren ordurako, eta Atlas Etnografikoaren proiektuari atxiki zitzaizkion.

1976an Etniker Taldeen lehen bilera egin zen Aralarko Santutegian; bilera hori urtero errepikatu da gaur egun arte, talde bakoitzak antolatuta txandaka eta antolatzen duenaren lurraldean eginda[3].

Egun, Etniker Euskal herria Derion dauka bere egoitza administratiboa[4].

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) «Etniker» Etniker Euskalerria (Noiz kontsultatua: 2024-02-15).
  2. (Gaztelaniaz) Manterola, Ander; Arregi, Gurutzi. (2005). «El Atlas Etnográfico de Vasconia Génesis y desarrollo de un proyecto de investigación = Ethnographic Atlas of Vasconia Origins and development of a research project» Munibe (Antropologia-Arkeologia) (Donostia) 57 Homenaje a Jesús Altuna: 401-413. ISSN 1132-2217..
  3. «Etniker Taldeak - Atlas Etnográfico de Vasconia» atlasetnografico.labayru.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-15).
  4. (Gaztelaniaz) r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01e00000fe4e66771ba470b8b16eead1a456352e. (2011-10-21). «ETNOGRAFICA ETNIKER EUSKALERRIA» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-15).

Kanpo estekak aldatu