Eraztunen jauna: Boterearen eraztunak (1. denboraldia)
Eraztunen jauna: Boterearen eraztunak telesaileko lehen denboraldia 2022ko irailaren 22an estreinatu zuen mundu osoan Prime Video streaming plataformak; urriaren 8rako pantailaratuak zituen bere zortzi atalak, 66 eta 73 minutu artekoak. Orain arte, inoiz egin izan den telesailik garestiena da: lehenbiziko denboraldian 58 milioi dolar (52,4 milioi euro inguru) gastatu zituzten atal bakoitzeko[1].
Eraztunen jauna: Boterearen eraztunak (1. denboraldia) | |
---|---|
Jatorria | |
Jatorrizko hizkuntza | ingelesa |
Jatorrizko herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Atalak | 8 |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | Fantasia epikoa |
Telesaila | Eraztunen jauna: Boterearen eraztunak |
Emanaldia | |
Jatorrizko igorlea | Amazon Video |
Hasiera-data | 2022ko irailaren 2a |
Amaiera-data | 2022ko urriaren 14a |
Erdialdeko Lurraldearen Bigarren Aroaren gertakari nagusiak kontatzen ditu telesailak: Boterearen eraztunak sortzeko prozesua, Sauron jaun ilunaren azpijokoak eta Mordor bere lurraldearen sorrera, Numenor erreinu insularraren historia, eta elfoen eta gizakien arteko azken aliantza.
Adinen araberako 13+ kalifikazioa paratu zioten 1. denboraldi honi (5. eta 8. atalei izan ezik, horiek 7+ kalifikazioa baitute).
Euskarazko audioa
aldatuTelesailaren 1. denboraldia mundu osoan estreinatu zuten, 30 hizkuntza baino gehiagoko audioekin; haien artean ziren katalana eta galiziera, adibidez. Estreinatu aurretik zabaldu zuten euskarazko audioa ere izanen zuela. Eta gauza jakina zen Bilboko Mixer Servicios Audiovisuales enpresaren estudioetan egina zutela euskarazko bikoizketa. Baina telesaila estreinatu zuten eta euskarazkoaren arrastorik ez zen inon. Euskarazko azpidatziak, bai; baina audiorik ez[2]. Ez Prime Videok ez Mixer-ek ez zuten publikoki batere azalpenik eman. Eta, halako batean, inork iragarri gabe, 2022ko abenduaren 28an agertu zen plataforman euskarazko audio hori[3]. Bigarren denboraldian, hasiera-hasieratik arazorik gabe erabili ahal izan zen euskarazko audioa.
Ekoizpena
aldatuAmazon Studiosek ekoitzia, Tolkien Estate and Trust, HarperCollins eta New Line Cinema enpresekin lankidetzan, Juan Antonio Bayona (bi atal), Wayne Yip (lau atal) eta Charlotte Brändström (bi atal) izan zituen zuzendari telesailak lehen denboraldian.
Payne eta McKay gidoilari nagusiak 2018ko uztailean kontratatu zituzten, eta gainerako talde sortzailea, urtebete geroago. Aktoreak aukeratzeko casting-a mundu osoan egin zuten. Filmazioa 2020ko otsailean hasi zen, Auckland-en (Zeelanda Berria), Amazonen eta Zeelanda Berriko gobernuaren arteko negoziazioek telesaila Peter Jackson zuzendariak sorturiko The lord of the rings trilogia zinematografikoa egin zen herrialde berean eginen zela bermatu ondoren. Ekoizpena martxoan eten behar izan zuten, Covid-19 pandemiaren ondorioz, baina irailean ekin zioten berriz. Azkenean, 2021eko abuztuan bukatu zuten filmazioa.
1. denboraldiko tokiak
aldatu- Eregion: elfo errementarien erresuma. Mendi Lainotsuen ondoan dagoen elfoen bigarren probintzia garrantzitsuena da. Celebrimbor arotza bizi da bertan, ahaztezin bilakatuko duen maisulan bat egiteko grinez dagoena.
- Forodwaith: iparraldereneko goi lurrak. Hiru mendikatek Erdialdeko Lurraldearen gainontzeko zatitik bereizita dagoen eremu zabal-zabal bat da, betiereko izotzen erregioa, eta Galadriel elfoa bilatzen ari den gaizkiaren ezkutaleku aparta da, eguzkia argi egiten ausartzen ez den tokia baita.
- Hegoaldeko lurrak: gizakiak bizi diren tokia, elfoek irmoki zelatatua, ez baitiete haiei oraindik barkatu ehunka urte lehenago beraiekin batera borrokatu ez izana. Inguruetako orkoek lur horiek konkistatu nahi dituzte, eta gizakiak akabatu edo esklabo bihurtu.
- Khazad-dûm: Moria izenez ere ezaguna, Eregion-en ekialdean dagoen ipotxen lur azpiko hiri bat da. Bertan hainbat meategi dute, baita mithril izeneko metalarenak ere.
- Lindon: elfo handien hiriburua. Valinorretik alde egin eta gero elfoek sorturiko erreinua da, Erdialdeko Lurraldearen ipar-ekialdeko kostaldean dagoena, eta Gil-galadek gobernatzen duena. Lindon-en daude Portu Grisak, Valinorrera itzuliko diren elfoek itsasontziak hartzen dituzten tokia.
- Numenor: Valinor eta Erdialdeko Lurraldearen arteko itsasoan dagoen uharte bat da. Ohi baino gehixeago bizi diren eta indartsuxeago diren gizakiak bizi dira bertan. Elfoek eman zieten uhartea gizaki hauei, baina aurrerago mesfidantza sortu zen bi arrazen artean.
- Valinor: valartarren hasierako lurra. Erdialdeko Lurraldearen mendebaldera dago, Itsaso Handiaren bertze aldean. Han bizi ziren elfoak Morgoth-en aurkako gurutzada baino lehen. Baina utzi behar izan zuten. Eta Valinor suntsitu zelarik, paradisu moduko bat bilakatu zen, erresuma bedeinkatu, hilezkor izanen diren elfo aukeratuen egoitza hilezin.
- Ostirith: elfoek gizakiak zelatatzeko darabilten zaintza dorrea. Tirharad-eko gizakiek dorrea babesleku gisa erabiliko dute orkoek erasotzen dietelarik.
- Rhovanion: anduinen ekialdeko lur basatiak. Mendi Lainotsuen ekialdera dagoen eskualdea da, iletsuen bizilekua. Rhovanionen barnean, iletsuak alde batetik bertzera ibiltzen dira etengabe, nomadak baitira. Nori: "Negua baso zaharrean ematen dugu. Eta udan iparraldera jotzen dugu, barraskiloak batzera. Eta haritzek lehen hostoak galtzean zuhaiztira bidean jartzen gara. Leku zoragarria da, fruta eta barazkiz betea: sagarrak, okaranak, aprikotak, azenarioak... Zoragarria! Arazo bakarra da bidea arriskuz beteta dagoela: gizakiak, otsoak, lainoa, euria, muinoetako trolak, leizeetakoak... Hil ahal zaituen guztia". Hauexek dira Rhovaniongo toki batzuk: Rhovaniongo mendiak - Sastraka errekastoa, Labarazpi - Lupetza grisak, Amuarrainaren bihurgunea, Karduharan - Txirikordak.
- Tirharad: Hegoaldeko lurretan dagoen herrixka bat da. Bertako biztanleak nekazari saiatuak dira, baina pobreak, eta duela milaka urte iluntasunaren alde borrokatu zirenez, elfoek gertu-gertutik zelatzatzen dituzte. Tirharad-en orkoen aurkako lehenbiziko bataila handia izanen dute Galadrielek eta gizaki numenortarrek. Mordor sortuko duen sumendiaren erupzioak guztiz txikituko du Tirharad.
1. denboraldiko atalen laburpena
aldatuZBK. | IZENBURUA | ZUZENDARIA | GIDOILARIA | ESTREINALDIA | IRAUP. | ADINA |
---|---|---|---|---|---|---|
1 | A shadow of the past | J.A. Bayona | J. D. Payne eta Patrick McKay | 2022ko irailaren 2a | 66 min. | 13+ |
Morgoth jaun iluna garaitu eta gero, haren zerbitzari nagusi Sauron bilatzen hasi da Galadriel elfoa, Sauronen aurkako borrokan hil zen bere anaia Finrod-en oroimenez. Bilaketa horretan, Galadrielek gotorleku abandonatu bat aurkitu du Forodwaith-eko iparraldeko hondakinetan, eta Sauronen marka darama. Bilaketa kideek behin eta berriz erran diote elfoen Lindon hiriburura itzultzeko, han Gil-galad erregeak aldarrikatu baitu Morgothen indarren aurkako gerra bukatu dela. Erregeak Galadrieli eta bere konpainiakoei Valinorrera nabigatzeko ohorea eman die, han betiereko bizitza bakean bizitzeko. Erdialdeko Lurraldearen hegoaldeko lurretan, elfoek Morgoth-en aliatuen ondorengoak diren gizakiak zelatatzen dituzte. Han, Arondir elfoak harreman estua hasi du Browyn gizaki sendatzailearekin; Tirharad-eko herrikideek ez dute harreman hori begi onez ikusten. Biok elkarrekin ikusi dute gertuko herri Hordern suntsitu dutela eta, bitartean, Theo-k, Bronwyn-en semeak, Sauronen marka duen ezpata hautsi bat aurkitu du lastategian. Valinorren sartzear zela, Galadrielek erabaki du atzera egitea eta Sauronen bilaketarekin jarraitzea; horretarako, itsasontzitik salto egin du Itsaso Handiko uretara. Ia une berean, bi iletsuk, Nori Brandyfoot eta Poppy Proudfellow-ek gizon arraro bat aurkitu dute meteorito erori berri baten kraterrean. | ||||||
2 | Adrift | J.A. Bayona | Gennifer Hutchison | 2022ko irailaren 2a | 68 min. | 13+ |
Erdialdeko Lurrerantz igeri eginez, Galadrielek naufragio batetik bizirik atera diren gizakien baltsa batekin egin du topo. Baina itsas munstro batek eraso die eta gizon bakarrak iraun du birizik, Hegoaldeko Halbrand-ek, orkoengandik ihesi doala azaldu duenak. Berak eta Galadrielek elkarrekin lan egin dute ekaitz batetik bizirik ateratzeko. Nori eta Poppy-k Arrotza bertze iletsuengandik ezkutuan gorde dute eta janaria eta aterpea eman diote. Arrotzak ez daki haien hizkuntza baina ipurtargiak eta itxurazko magia erabili ditu Norik ezagutzen ez duen izar konstelazio baten bila ari dela adierazteko. Arondir Hordern azpiko tunelak ikertzen ibili da, baina harrapatu egin dute. Bronwyn bere herrira itzuli da, eta han orko batek berari eta Theo semeari eraso die. Orkoa hiltzen lortu dute eta haren buru moztua arriskuaren froga gisa erabili dute gainontzeko herritarrei erakutsi eta alde egin dezaten konbentzitzeko. Gil-galadek Elrond erdi-elfoa bidali du Celebrimbor arotz handiari laguntzeko, burdinola berri indartsu bat eraikitzeko asmoa duena. Elrondek iradoki du asmo horretarako ipotxen laguntza lortzen ahal dutela eta Khazad-dûm-era joan da, bere lagun Durin ipotx printzearengana. Durin haserre dago Elrondek hogei urtetan bisitarik egin ez dielako, baina Disa emazteak konbentzitu du Elronden proposamena entzun dezan. | ||||||
3 | Adar | Wayne Che Yip | Jason Cahill eta Justin Doble | 2022ko irailaren 9a | 70 min. | 13+ |
Galadriel eta Halbrand Elendil kapitainaren itsasontziak jaso ditu, eta Numenor-era eraman ditu, gizakiek gobernaturiko uharte-erresuma batera. Uhartearen eta elfoen arteko harremanak ez dira onenak, eta Miriel erreginaordeak ez du berehalakoan onartu Galadrielek Erdialdeko Lurraldera itzultzeko ontzi bat hartzea. Galadrielek egun batzuk eman ditu Numenorren eta, egonaldi horretan, Elendilen jaioterrira joan da; han Ezagutzaren Aretoa bisitatu du eta ulertu du Sauronen marka benetan Hegoaldeko Lurraldeko mapa bat dela, non indar gaiztoentzako erresuma berri bat planifikatzen ari baitira. Eta, gainera, jakin du Halbrand, numenortar batzuekin liskarra izateagatik kartzelan dagoena, Hegoaldeko Lurraldeko erregea dela. Iletsuak urtaroko migraziorako prestatzen ari diren bitartean, Arrotza ikusi dute denek, izar-mapa batzuk irakurtzen saiatzen ari zen bitartean. Arrotza hartu eta ezkutatzeagatik, iletsuek Noriren familia karabanaren bukaerara bidali dute. Arrotzak gurdia bultzatzen lagundu die, Noriren aitak ezin baitu oin bat apurtua duelako. Arondir harrapatu dutenak orkoak dira, eta eraikuntza kanpamendu batera eraman dute lurpeko pasabideak zulatzera. Orkoei eguzki izpiek min egiten diete, eta horregatik behar dituzte tunel horiek, egunean zehar bidaiatu ahal izateko. Bertze elfo batzuk ere harrapatu dituzte eta ihes egiten saiatu dira, baina ez dute lortu. Warg bat hil ondoren, Arondir orkoen buruzagiarengana eraman dute. Adar du izena; elfoek uste dute Sauronen izenetako bat dela hori. | ||||||
4 | The great wave | Wayne Che Yip | Stephany Folsom, J. D. Payne eta Patrick McKay | 2022ko irailaren 16a | 72 min. | 13+ |
Mirielek amets bizia izan du, zeinetan itsasikara batek Numenor suntsitzen baitu. Pharazôn kantzilerrak numenortarren eta elfoen arteko desadostasunak hauspotu ditu. Halbrandek, bere aldetik, giroa are gehiago gaiztotu du Galadriel-i eta Pharazôn-i aholku manipulatzaileak emanez. Mirielek Galadrieli Numenoren suntsitzea erakutsi dio, palantir kristalezko bola batean. Galadrielek Miriel erreginaordea konbentzitu du Hegoaldeko Lurretan orkoen aurkako gerra egin dezan; hala, gerra hori prestatzen hasi dira. Isildur eta bere lagunak Itsas Guardiatik kanporatu dituzte, baina gero gerrara doan gudarostean sartzea lortu dute. Badirudi Adar Antzinako Egunetako elfo orbainduna dela, eta Arondir liberatu du Ostirith-eko zaintza dorre elfikoan aterpe hartu duten Tirharad-eko gizakiei errendizio proposamen bat eraman diezaien. Tirharad-eko tabernari Waldreg Sauronen zerbitzari gisa agertu zaio Theori, eta orkoei erran diete bilatzen ari diren ezpata hautsia zaintza dorrean dagoela orain. Ipotxek mithril aurkitu dute, baita sekretuan gorde ere, baina Elrondek meatzea aurkitu du. Minerala hondeatzen zaila da, meatze zaharreko tunelak etengabe ari baitira erortzen. Durin III.a erregeak Durin printzea Lindonera bidali du jakin dezan elfoak zein azpijokotan dabiltzan. | ||||||
5 | Partings | Wayne Che Yip | Justin Doble | 2022ko irailaren 23a | 73 min. | 7+ |
Nori otso-talde batetik babesten zuen bitartean, Arrotzak magia erabili eta bere besoa zauritu du. Gero, besoa izotz sorginduarekin sendatzen ari zela, Nori, nolabait, bere gogoarekin konektatu da, baina Arrotzaren indar magikoak hainbat metrotara bidali du iletsua, eta ikaragarri izutu du. Numenorren, Mirielek erabaki du Erdialdeko Lurralderako espedizio bat laguntzea, eta Galadrielek Halbrand konbentzitu du harekin bat egiteko, Sauronen aurkako borrokak eta galerak berriz kontatu ondoren. Espedizioa abiatu baino lehen, Kemen itsasontziak suntsitzen saiatu da Pharazôn aitari boterera iristen laguntzeko, baina Isildurrek eragotzi dio eta, hala, espedizio-tripulazioan leku bat irabazi du (ez du Kemen sabotajearekin inplikatu nahi izan). Lindon-en, Gil-galadek Elrondi jakinarazi dio badakiela ipotxek mithrila aurkitu dutela eta asmoa duela hori erabiltzeko elfoen existentzia ziurtatzeko. Elrondek Durin printzeari bere erregearen asmoa aitortu dio, eta Khazad-dûmera itzuli dira Durin erregea konbentzitzen saiatzeko. Hegoaldeko lurretan, herritarren erdiak, Waldreg buru, Ostirith-etik alde egin dute Adarren errendizio-eskaintza onartu eta harekin bat egiteko; Waldregek uste du Adar Sauron dela. Ostirith-en, Theok hautsitako ezpata erakutsi dio Arondirri, eta Hegoaldeko lurrak Sauronen gaiztakeriaren erreinu bihurtzeko gakoa dela konturatu da. Ostirith-eko zaintza dorrean gelditu diren herritarrak hurbiltzen ari den orko armadaren aurkako borrokarako prestatu dira. | ||||||
6 | Udûn | Charlotte Brändström | Nicholas Adams, Justin Doble, J. D. Payne eta Patrick McKay | 2022ko irailaren 30a | 70 min. | 13+ |
Adar eta bere orkoek Ostirith abandonaturik aurkitu dute, baina tranpa bat da eta Arondirrek dorrea erorarazi du haien gainean. Bera eta errefuxiatuak Tirharadera itzuli dira hurrengo erasorako prestatzeko, Galadriel, Halbrand eta numernortarrek Hegoaldeko lurretara bidea egin duten bitartean. Arondir-ek ezin izan du hautsitako ezpata suntsitu eta horren ordez ezkutatu egin du. Gau horretan, orko talde bat Tirharad-en sartu da, baina herritarrek horiek hiltzea lortu dute; hala ere, izuturik ikusi dute hil berri dituzten etsaietako batzuk Waldreg-en atzetik zetozen pertsonak zirela. Gero, benetako orkoak agertu dira, geziak jaurti dizkiete eta horietako batzuek Bronwyn larriki zauritu dute. Adar agertu da eta Theok hautsitako ezpataren kokapena jakinarazi dio bere amaren bizitza salbatzeko. Halako batean, numenortarren zalditeria ailegatu da eta berehala garaitu dituzte orkoak; Adar ihes egiten saiatu da, baina Galadrielek eta Halbrandek atxilotu eta itaunketa egin diote. Borroka bukatuta Halbrand Hegoaldeko errege gisa aitortu dute, eta une berean Theo konturatu da hautsitako ezpata falta dela; Waldregek hartua du eta Ostirith ondoan dagoen presa bat desblokeatzeko erabili du, ura orkoen tuneletatik Orodruin mendiaren azpiko laba-ganbera batera bidaliz. Horren ondorioz sortu den erupzioak Hegoaldeko lurrak kiskali eta errautsez bete ditu. | ||||||
7 | The eye | Charlotte Brändström | Jason Cahill | 2022ko urriaren 7a | 73 min. | 13+ |
Erupzioa bukatuta, Galadriel ernatu da, errautsez estalirik eta suz inguraturik, eta Theo aurkitu du. Miriel erreginaordeak ikusmena galdu du eta badirudi Elendil-en seme Isildur hil dela. Iletsuak helmugara iritsi dira, inguruko sumendiak suntsitu duen baratze batera. Arrotza saiatu da triskantza hori konpontzen baina arriskuan jarri ditu Nori eta bere anaia. Beldurturik, iletsuek Arrotza kanporatu dute, baina biharamunean ikusi dute baratzea fruituz bete-betea dagoela. Hiru emakume misteriotsu baratzera ailegatu dira Arrotzaren bila, eta horietako batek iletsuen gurdiak erre ditu Nori saiatu delarik haiekin hitz egiten. Galadriel eta Theo Bronwyn, Arondir eta larri zauritutako Halbrand batekin elkartu dira. Galadrielek Eregion-era eraman du Halbrand, sendagai elfikoak hartzera, eta numenortarrak beren ontzietan abiatu dira. Bitartean, Elrond eta Durin printzea Durin erregea konbentzitzen saiatu dira, elfoak lagun ditzan, baina ez dute lortu. Hartara, ezkutuan ibili dira mithrila ateratzen. Horretan zeudela harrapatu dituzte eta Elrond kanporatu dute ipotxek; hala ere lortu du mithril zati txiki bat berekin eramaten. Durin printzeari erregetasuna aitortzen dion lepokoa kendu dio Durin erregeak, eta mithril meatzea zigilatzea agindu du. Hori egin dutelarik, hosto baten sakonerako bidaiak erakutsi du meatzearen hondoan Balrog beldurgarri bat bizi dela. Erupzioak suntsituriko Hegoaldeko lurrak, orain, orkoen lurrak izanen dira, eta Mordor izena hartuko dute. | ||||||
8 | Alloyed | Wayne Che Yip | Gennifer Hutchison, J. D. Payne eta Patrick McKay | 2022ko urriaren 8a | 73 min. | 7+ |
Hiru emakume misteriotsuek Arrotza aurkitu dute eta erran diote Sauron dela. Galadriel eta Halbrand Eregion-era ailegatu dira eta elfoek azken hau sendatu dute. Behin osatuta, Halbrandek interesa agertu du Celebrimborren lanarekin eta proposatu dio modu bat Elrondek ekarri duen mithril zatitxoarekin objektu txiki bat egiteko. Miriel eta Elendil Numenorrera itzuli dira eta ikusi dute Tar-Palantir erregea hil dela. Iletsuek Arrotza aurkitu dira eta saiatu dira hura emakume misteriotsuengandik askatzen. Arrotzak Noriren sostengua jaso du eta magia erabiliz hiru emakumeak mundu ikustezinera bidali ditu. Bere oroitzapen batzuk berreskuratuta, esplikatu du azti bat dela eta ekialderantz joan behar duela, Rhûn lurraldera. Norik erabakiko du iletsuen komunitatea utzi eta berarekin joatea. Hegoaldeko lurretako erregei buruzko pergamino bat eskuratu du Galadrielek eta konturatu da ezinezkoa dela Halbrand errege haien ondorengoa izatea. Horixe aurpegiratu dio eta orduan jakin da Halbrand, benetan, Sauron dela. Galadrielek uko egin dio Sauronekin bat egiteko proposamenari, eta honek Mordorrera egin du ihes. Galadrielek ez die hau guztia bertze elfoei kontatu eta Celebrimbor planarekin aurrera jarraitzera animatu du; baina objektu bat egin beharrean, hiru egiteko eskatu dio. Elrond-ek pergaminoa aurkitu du eta zer gertatu den ulertu du, baina berandu da: boterearen hiru eraztunak forjatu egin dituzte. |
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Ingelesez) Vitale, Micaela Pérez. (2022-03-27). «The Most Expensive TV Shows Ever Made» MovieWeb (Noiz kontsultatua: 2024-08-31).
- ↑ «‘The Lord of the Rings’ euskarara bikoiztuko dute» Berria 2022-07-27 (Noiz kontsultatua: 2024-08-31).
- ↑ «'Eraztunen jauna' telesaila euskarazko bikoizketarekin ikusgai dago Amazon Primen» Berria 2022-12-28 (Noiz kontsultatua: 2024-08-31).