Désirée Gay

kazetari eta feminista frantziarra (1810-1890)
Desirée Véret» orritik birbideratua)

Jeanne-Désirée Véret Gay (Paris, 1810eko apirilaren 4aBrusela, 1891) Frantziako kazetaria eta ekintzaile feminista eta sozialista izan zen.

Désirée Gay
Bizitza
JaiotzaParis1810eko apirilaren 4a
Herrialdea Frantzia
HeriotzaBrusela, 1890 (79/80 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakkazetaria eta editorea
KidetzaLehen Internazionala
Izengoitia(k)Jeanne Désirée

Biografia aldatu

 
La Femme Libre, 1. zenbakiaren azala. Emakumeek sortu eta idatziriko lehen egunkaria (1832),

Désirée Véret langile-familia batean jaio zen[1], eta jostun gisa lan egin zuen 1831n Saint Simon filosofoaren ideien jarraitzaile bihurtu zen arte. 1832ko abuztuan, Marie-Reine Guindorf-ekin batera, La Femme Libre eskuorria sortu zuen,[Oh 1] saint simonismoaren mugimenduan erabakiak hartzeko prozesuetan emakumeek jasaten zuten bazterketa salatzeko.[2][3] Véletek zin egin zuen “emakumeen askatasunaren” alde borrokatuko zela beste edozein borrokaren aurretik.[4] Urte bereko uda amaieran, Charles Fourier eta Victor Considerant sozialista utopikoak ezagutu zituen.[1]

1833an, Désirée Véret Ingalaterran hasi zen lanean. Han Robert Owen sozialistaren jarraitzaileekin bat egin zuen, haien artean, Jules Gay parekotasun sozial eta sexualaren defendatzailearekin.[1][2] Garai hartan, Véretek bitartekari lana egin zuen Owenen, Saint Simonen eta Charles Fourieren jarraitzaileen artean.[5] Bi urte geroago, Frantziara itzulita, Dieppe-n lan egin zuen jostun gisa, berriz ere, Parisa bueltatu aurretik. Han, harreman labur bat izan zuen Víctor Considerantekin[6], baina 1837. urtearen amaieran Jules Gayrekin ezkondu zen. Harekin bi seme-alaba izan zituen, Jean (1838) eta Owen (1842). Orduan hartuko zuen bere izenik ezagunena, Désirée Gay, alegia.[3]

1840an, Jules Gayrekin batera, Châtillon-sous-Bagneux-en eskola bat sortzen saiatu zen, umeei gorputz-hezkuntza eta hezkuntza morala emateko helburuarekin. Proiektuak, baina, porrot egin zuen, seguruenik kapital faltagatik.[1]

 
Jeanne Deroin (1805 - 1894), sozialista eta feminista frantziarra.
 
Eugénie Niboyet (1796-1883), feminista frantziarra.

1848ko Frantziako Iraultzaren ondoren, Gayk presentzia handiagoa izan zuen plaza publikoan. Behin-behineko gobernuari gutunak bidaldi zizkion hainbat eskakizun eginez: dibortzioa arautzeko lege liberalen ezarpena, emakume langileen egoeraren hobetzea, eta jatetxeak eta garbitegiak diruz laguntzea, emakumeek ekonomikoki independenteak izateko aukera izan zezaten. Gay aho batez hautatu zuten Luxenburgoko Jauregian elkartzen zen Langileen Batzordeko ordezkari. Era berean, Gobernuak Lantegi nazionalak sortu zituenenean gizon eta emakume langabetuei lana emateko, Gay Cour des Fontaines-eko dibisio-buru izendatu zuten. Dena dela, ehungintzako emakume langileek baino ez zuten izan tailer horietan lan egiteko aukera, eta gainera, miseriako soldata baten truke. Handik gutxira, martxoan eta apirilean, Jeanne Deroin-ek eta Eugénie Niboyete-k sortutako La Voix des femmes egunkari feministan parte hartu zuen.[4] Laster utzi zioten egunkaria argitaratzeari, baina Gayk Deroinekin batera Association mutuelle des femmes elkartea sortu zuen, eta baita hari atxikitako beste egunkari bi; lehena, La Politique des Femmes,[3] bi zenbaki besterik izan ez zuena, eta, haren ostean, l'Opinion des Femmes. Abuztuan, bi emakumeek Asanblada Nazionalaren 12.000 liberako dirulaguntza lortu zuten, emakumezkoen azpiko arropa-jostunen elkarte bat sortzeko[7]; Gayk, berriz, ez zuen parte hartu elkartearen eraketan. 1849an ekintza militantean parte hartzeari utzi zion eta 1850ean berriro hasi zen jostun lanean.[1][3]

Paix kalean mertzeria bat sortu zuen bere aspaldiko lagun saint simonisten laguntzari esker, eta sari bat jaso zuen 1855eko Parisko erakusketa unibertsalean egindako lanagatik. Senarrak, berriz, liburu-saltzaile eta inprimatzaile gisa egiten zuen lan, «literatura galantean» espezializaturik, baina zentsurarekin izan zituen zailtasunek behartuta, Bruselara joan ziren 1864an. Han, Langileen Nazioarteko Elkarteko kide egin ziren, eta 1866an Désirée emakumeen sailaren buru izendatu zuten. 1868an, oraindik ere haurtzaroaz eta hezkuntzaz arduratuta, ama gazteei zuzendutako Éducation rationnelle de la première enfance izeneko eskuliburua argitaratu zuen. 1869an Genevan eta gero Turinen bizi izan ziren, eta 1876an Bruselara itzuli ziren.[1][3]

1883an alargun geratu zen. 1890 bere bi seme-alabak hil ziren, eta geroxeago ikusmena galdu zuen. Urte berean, berriro ekin zion Considerantekin lehenago izan zuen gutun-harremanari. Posta-truke hori 1891ren erdialdean amaitu zen, agian Désirée, ordurako, hila zelako. Jakina da Considerant ez zela berarekin bildu azaroan Bruselara egin zuen bidaian, eta litekeena da bidaia hiletan parte hartzeko egin izana.[3]

Oharrak aldatu

  1. Idatziak sinatzeko Jeanne-Désirée izena erabiltzen zuen, garai hartan jaiotzeko abizena baino ez baitzuen erabiltzen, Véret, alegia.

Erreferentziak aldatu

  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Désirée Gay» artikulutik itzulia izan da, 2022-07-12 data duen 196914008 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2022-07-12 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
  1. a b c d e f (Ingelesez) Beecher, Jonathan. (2000). «The human tradition in modern France» in Vincent, K. Steven; Klairmont-Ling, Alison (zuz.) The Human Tradition in Modern France. SR Books, 69-80 or. ISBN 0-8420-2804-8. PMC 43884773. (Noiz kontsultatua: 2023-01-19).
  2. a b (Ingelesez) Applewhite, Harriet Branson; Levy, Darline Gay. (1990). Women and Politics in the Age of the Democratic Revolution. University of Michigan Press ISBN 978-0-472-06413-7. (Noiz kontsultatua: 2023-01-19).
  3. a b c d e f (Frantsesez) Beecher, Jonathan. (2003). «Désirée Véret, ou le passé retrouvé: Amour, mémoire, socialisme» Cahiers Charles Fourier, 14, 2003ko abendua. (Noiz kontsultatua: 2023-01-19).
  4. a b (Ingelesez) «Desirée Gay» archive.wikiwix.com (Encyclopedia of 1848 Revolutions.) (Noiz kontsultatua: 2023-01-19).
  5. (Ingelesez) H. Desroche, « Images and Echoes of Owenism in Nineteenth-century France », dans Robert Owen, Prophet of the Poor.
  6. Dubos, Jean-Claude. (1995). «Riot-Sarcey, Michèle: La Démocratie à l’épreuve des femmes. Trois figures critiques du pouvoir, 1830-1848 (1994)» Cahiers Charles Fourier (charlesfourier.fr) 1995 / 6 (Noiz kontsultatua: 2023-01-19).
  7. (Ingelesez) Pilbeam, Pamela. (2005). Deroin, Jeanne (1805–1894), suffragist and socialist. Oxford Dictionary of National Biography (Noiz kontsultatua: 2023-01-19).

Kanpo estekak aldatu