De civilitate morum puerilium

De civilitate morum puerilium Erasmo Rotterdamgoak 1530. urtean, Friburgon (Suitza) argitaratutako lana izan zen, haurren jokabide egokia bultzatzeko jarraibide sorta[1].

Testuingurua aldatu

Erasmok berak lehen hezkuntzako eskolan ikasi zuen 13 urtera bitartean, 22 urtera arte agustinoekin, eta ondoren Pariseko Unibertsitateko ikasle izan zen. Hiru ikas-guneetako diziplinak eragin handia izan zuen Erasmo gaztearengan. Orduz geroztik Eliza Katolikoa arbuiatu zuen, eta ikastetxe katolikoek libreki pentsatzea galarazten zutela ondorioztatu zuen. Hil artean nagusikeriazko aginpide ororen aurka egin zuen[1].

Jarraibideen edukia aldatu

Berpizkunde betean, Erdi Aro iluneko ohitura basatiak baztertu behar zirela eta haurren gizalegezko portaera sustatu behar zela uste zuen. Hona hemen haurrentzat idatzitako lanean jaso zituen aholkuetako batzuk[1]:

  • Janari zati bat irentsi ezin baduzu, jira zaitez eta bota ezazu zuhurki.
  • Eutsi sabeleko haizeei, sabela estututa.
  • Goragalea baduzu egin oka lasai, botaka hastea baino nazkagarriagoa baita okari eztarrian eustea.
  • Jira zaitez tu egitean, zure listuak inor busti ez dezan. Zoruan, listuarekin batera, zornea botaz gero, behin eta berriro zapaldu behar da, inori goragalea ez eragiteko.
  • Ez eskaini zure mukizapia inori, garbitu berria ez badago. Mukizapian zintz egin ondoren, ez da egokia zapia zabaldu eta hari begiratzea, zure sudurrak perlak eta errubiak bota izan balitu bezala.
  • Desegokia da koipez betetako hatzak zurrupatzea edo jakan garbitzea. Mahai zapia edo ahozapia erabiltzea aholkatzen da.
  • Zenbaitzuek, mahaian eseri eta berehala, eskuak platerean sartzen dituzte. Hori otsoek egiten dute, ez gizakiek.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c Irazustabarrena, Nagore. (2011-09-11). «XVI. mendeko haur garbien gidaliburua» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak aldatu