Carrero Blancoren automobila

Ogro Operazioa ekintzan zartatu zuten Dodge 3700 autoa, non Carrero Blanco hil zuten

Luis Carrero Blancoren automobila ETAk zartatu zuen 1973ko abenduaren 20an, Ogro operazioa esan zitzaion atentatuan. Espainian egindako Dodge 3700 GT beltz bat izan zen. ETAren ekintzan, autoa kaletik gorantz jaurti zuen eztandak, eta alboko etxearen gaiera gaindituta barneko oste batean geratu zen. Barruan hil ziren Carrero Blanco almirantea, Francoren diktaduran Espainiako gobernuburu orduan, José Antonio Bueno Fernández eskolta, eta José Luis Pérez Mogena gidaria. Txikitutako Dodge hura ikusgai dago 2007tik Espainiako Lurreko Armadaren Automobil Museoan, Torrejón de Ardoz hirian, bisitatzeko moduan.

Carrero Blancoren automobila
Fabrikazioa
FabrikatzaileaDodge
Historia
Ogro operazioa 1973ko abenduaren 20a
Kokapena
KokapenaEspainiako Lurreko Armadaren Automobil Museoa
Ezaugarriak
Dimentsioak1.395 (altuera) mm × 180 (zabalera) cm × 5.010 (luzera) mm
Masa1.426 kg

Ezaugarriak

aldatu

Autoa Dodge 3700 GT beltz bat zen, Espainian Barreiros enpresak egindakoa. 1971ko apirilean aurkeztu zen modeloa Bartzelonako auto azokan, eta Espainiako Gobernuko autoen zerbitzuak, Parque Móvil Ministerial (PMM) zeritzonak, erosi zuen auto zehatz hau 1971eko abenduan. Zerbitzu horren PMM matrikula zuen autoak, PMM 16416, konbentzio bategatik izendatu zituztelarik zenbait Dodge 16400 zenbakitik gora. Ez zen auto blindatua, baina bai oso sendoa.[1]

Autoa telefonoz ekipatua zegoen, atzeko eserleku baten ondoan, Carrero almirantea esertzen zen tokian.[2]

Atentatua

aldatu

Autoa bi urtez erabili zuten, eta 1973ko abenduaren 20an, ohiko bidea egin zuen Carrero Blanco barruan zela. Meza entzun zuen San Francisco de Borja elizan Madrilen, eta etxera bidean zihoan Claudio Coello kaletik non prest zeukan lehergailua ETAk, kalearen azpiko tunel batean. 20 metro gorantz altxatu zen autoa eztandan, etxe bateko teilatua gainditu eta barruko patio batean geratu zen. Autoan zihoazen hiru pertsonak, Carrero Blanco, Bueno Fernández eta Pérez Mogena, bertan hil ziren.

Autoaren erlojua une zehatzean helditu zen, goizeko 9ak, 28 minutu eta 40 segundu markatzen ditu harrezkero.[2]

Ondorengoak

aldatu

Atentatuaren tokitik PMMren garajera eraman zuten autoa, eta epaitegien kontrolpean geratu zen bertan. 1979ko abuztuan Espainiako Lur Armadaren Museora eraman zuten, eta erakusketa publikoan egon zen bertan 1987 arte, Juan Prim eta Eduardo Dato atentatuetan hil zituzten beste ibilgailuen ondoan. 1987tik aurrera Toledo eta Madrilgo instalazio desberdinetan egon zen, baina 2020ko hamarkadan erakusketa publikoan dago berriro Espainiako Lurreko Armadaren Automobil Museoan, Torrejón de Ardoz hirian.

Iruditegia

aldatu
 
Barrualdean, atzean, telefonoaren heldulekua ikusten da. Hor zihoan eserita Luis Carrero Blanco.
   
Aurrealde eta atzealdea, PMM 16416 matrikula originalekin.


Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) Ferreras, Alberto. (2023-12-20). «50 años después: Qué fue del Dodge 3700 GT de Carrero Blanco» La Escudería (Noiz kontsultatua: 2024-06-26).
  2. a b (Gaztelaniaz) Villar, Ernesto. (2023-12-13). «Dónde se guarda el coche de Carrero Blanco y qué secretos oculta» La Razón (Noiz kontsultatua: 2024-06-26).

Kanpo estekak

aldatu