Cadillac Eldorado Biarritz

Cadillac Eldorado Biarritz izenarekin Cadillac etxeak (General Motorsen dibisioak) zenbait automobil modelo merkaturatu zituen 20. mendean. Cadillac Eldorado luxuzko autoaren bertsio zenbait izan ziren, 1956-1964 eta 1976-1991 artean[1][2].

Cadillac Eldorado Biarritz
Cadillac Eldorado (en) Itzuli
Fabrikazioa
FabrikatzaileaGeneral Motors eta Cadillac
Historia
Sorrera1956

Historia aldatu

1953an sortu zen Eldorado modeloa Cadillacen 50. urtemuga markatzeko asmoz, auto ikusgarri batekin ospatu nahi izan zutelarik.

Modelo horren bi bertsio nagusi eskaini zituen Cadillackek 1956tik 1960ra, Seville izenekoa sabai gogorrekoa, eta Biarritz (Lapurdiko hiri turistikoaren izena aukeratuz) kabrioletarentzat. Seville delakoak, sabai gogordunak, 1960an utzi ziren egiten, baina Eldorado Biarritz klasiko haiek 1964 arte eraiki ziren.

Eldorado Biarritz klasikoaren diseinatzaile nagusia Harley J. Earl izan zen. II. Mundu Gerrako Lockheed P-38 Lightning ehiza-hegazkinaren bertsio esperimental bat izan zuen inspirazio. Itxura ikusgarriko autoak izan ziren lehen belaunaldiko haiek, hegats zorrotzak zituztenak, baita bala itxurako argiak, turbina-beso itxirako abatz-estalkiak, diamante-sareta, eta aluminio leunduzko barnealdea. Detroiteko hainbat markak imitatu zituzten detaile estetiko haietarik asko; eta bereziki lehia egon zen Earl disenatzailearen eta Chryslerreko bere parekide Virgil Exnerren artean, hegatsen tamaina eta konplexutasuna diseinatzeko orduan[3].

Biarritz izena itzuli egin zen 1976an, Eldorado modelo berrien aukera gehigarri eta luxuzkoak zekartzatenak izendatzeko, eta produkzioak jarraitu zuen 1991 arte.

1959ko Cadillac Eldorado Biarritz gorri bat Bilboko Guggenheim Museoan egon zen erakusgai 2022an, 1.320 aleko produkzio bateko auto bat[3].

Iruditegia aldatu


Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Parker, Garrett. (2016-06-30). «The History and Evolution of the Cadillac Eldorado» Money Inc (Noiz kontsultatua: 2022-06-29).
  2. (Ingelesez) Pundir, Arun Singh. (2022-03-21). «Here’s What Made The Cadillac Eldorado Biarritz An Automotive Icon» HotCars (Noiz kontsultatua: 2022-06-29).
  3. a b Motion : autos art architecture. 2022 ISBN 978-84-122792-7-6. PMC 1313521268. (Noiz kontsultatua: 2022-07-04).

Kanpo estekak aldatu