Burdinaren Martxa (gaztelaniaz: Marcha de Hierro, asturieraz: Marcha de Fierro) 1992ko urriaren 9tik 26ra bitarten Euskal Herria eta Asturiasetik Madrileraino abiatu zen protesta-martxa izan zen. Siderurgia sektorearen krisi egoera larriaren aurka eta garaiko gobernuaren industria-politika aldatzea eskatuz Bizkaiko Labe Garaietatik[1], Ensidesa enpresa asturiarretik[2] eta beste hainbat puntutik, Lesaka kasu, 500 langile baino gehiagok egin zuten ibilbidea. Garaiko prentsaren arabera 50.000 lagun bildu ziren, ordura arte langileen mobilizazio batek sekula mugitu zuen jendetzarik handiena[3]. Martxak ez zituen bere helburuak lortu, eta enpresa horiek itxi edo eraldatu ziren[4]. Bizkaiko Labe Garaien ordez ArcelorMittal Sestao ireki zen.

Burdinaren Martxa Madrilera heltzen

Aurrekariak

aldatu

Industria iraultzarekin Asturiasen zein Euskal Herrian irekitako hainbat metalurgia enpresek zabalkundea izan zuten 1970eko hamarkadaren hasieran beste puntu batzuetara. Adibidez, 1973an Lesakan ("Laminaciones de Lesaka" eta Zalaingo tutuen lantegia) ireki zen. Garai hartan Euskal Herriko enpresa nagusia zen Bizkaiko Labe Garaiak, 15.000 langile ingururekin, haietatik 9.500 Barakaldo eta Sestaon. Burdingintza sektore ekonomiko nagusia zen 3 probintzietan 250.000 pertsona inguruk lan egiten zutelarik, populazio aktiboaren ia %47a zena.

1973ko petrolioaren krisiaren ondotik krisi-ekonomiko sakona gertatu zen mundu mailan. Espainian, garai horretan, frankismoak bultzatutako autarkia zegoen, eta ez zuten aldaketa industrialik egin[5]. Industria-birmoldaketa gisa ezagutzen den prozesua beranduago hasi zen, 1980ko hamarkadan zehar, Felipe Gonzálezen gobernuarekin batera[6]. 1990eko hamarkadan siderurgia enpresen ordez altzairugintza berezia, elektrogailuak, eraikuntza eta makina-tresna izan ziren enpresa nagusiak.

Egoera horretan, ohikoak dira grebak eta manifestazioak, egoerari buelta ematen saiatzeko. Asturiasen hilabeteak eman zituzten mobilizatzen[7], baita Sestaon ere. 1992ko irailaren 4n zuzendaritzak proposamena aurkeztu zuen. Asturiasen 6.400 lanpostu desagertarazi nahi zituzten eta 1941 baino lehen jaiotako 5.905 langile aurre-jubilatzea.[8] Claudio Aranzadi industria ministroak aurkeztutako planean 9.700 lanpostu desagertaraztea proposatzen zuen[1][9]. Langileak ez zetozen bat, eta bertan Madrileraino martxa bat egitea proposatu zuten.

Martxa

aldatu
Martxaren ibilbidea Asturiastik Madrilera[10]
  • Oviedo - Mieres del Camín (10/9/10/92)
  • Mieres del Camín - Campumanes (92/10/10)
  • Campumanes - Busdongo (92/10/11)
  • Busdongo - La Robla (92/10/12)
  • La Robla - León (92/10/13)
  • León - Valencia de Don Juan (92/10/14)
  • Valencia de Don Juan - Mayorga (92/10/15)
  • Mayorga - Medina de Rioseco (92/10/16)
  • Medina de Rioseco - Valladolid (92/10/17)
  • Valladolid - Tordesillas (92/10/18)
  • Tordesillas - Medina del Campo (92/10/19)
  • Medina del Campo - Arévalo (92/10/20)
  • Arévalo - Sanchidrián (92/10/21)
  • Sanchidrián - Villacastín (92/10/22)
  • Villacastín - El Espinar (92/10/23)
  • El Espinar - Villalba (92/10/24)
  • Villalba - Pozuelo de Alarcón (92/10/25)
  • Pozuelo de Alarcón - Madrid (92/10/26)

Burdinaren Martxa irailaren 9an atera zen Lesaka, Sestao eta Oviedotik, Madrilen manifestazio erraldoi batekin amaitzeko helburuarekin. 500 langile atera ziren Sestaotik Laudiora, bertan Lesakako beste 21 bildu zirelarik[11]. Asturiastik beste 250 langilek ekin zioten bideari[1]. UGT Asturiasen eta LAB Bizkaian ziren sindikatu indartsuenak martxan, baina CCOO, ELA eta USOk ere deitzen zuten[12]. Martxarekin batera, langileen emazteek batzordeak sortu zituzten, mobilizazioak babestu eta euren lantokietan ere egoera ikustarazteko asmoz[13].

Urriaren 25ean Pozuelo de Alarcón herrian bildu ziren bi ibilbideak[14], eta manifestazio erraldoi batekin amaitu zen Madrilen. Ibilbidea beteta, hainbat orduz moztu zituzten hiribururako hainbat bide[15]. Aldi berean, enpresetan grebak egon ziren manifestaziora joateko[16].

Ondorioak

aldatu

Martxan industriaren egoeraren larritasuna aipatzeko balio izan bazuen ere, Aranzadik ez zuen bere plana aldatu[9]. Etxebarri eta Lesakako Laminaciones enpresak salbatu ziren, hala ere. Urte batzuk beranduago industria guzti hori itxi eta Sestaoko altzairugintzarako ACB lantegi txikiagoa ireki zen. Ezkerraldean langabeziak gora egin zuen, eta egoera larrian izan zen urte luzez. Gaur egun existitzen den lantegiak ere gatazka ugari ditu produkzioa dela eta[17][18].

Kanpo estekak

aldatu


Erreferentziak

aldatu
  1. a b c (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1992-10-10). «Trabajadores de la siderurgia inician la 'marcha de hierro' sobre Madríd» EL PAÍS (Noiz kontsultatua: 2017-10-24).
  2. (Gaztelaniaz) Comercio, El. 20 años de la Marcha de hierro. (Noiz kontsultatua: 2017-10-24).
  3. Burdinaren Martxaren 25. urteurrena gogoratuko dute Lesakan. (Noiz kontsultatua: 2017-10-24).
  4. (Gaztelaniaz) 20 años desde la Marcha de Hierro para evitar el cierre de Altos Hornos - GARA. (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).
  5. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1981-02-22). «Tribuna | Una política decidida de reconversión industrial / 1» EL PAÍS (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).
  6. EL MUNDO | Documentos | 20 años Constitución: 1984 | Historia. (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).
  7. Ramón, José. Marcha de Hierro: Manifestaciones y paros. (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).
  8. Ramón, José. Marcha de Hierro: El desacuerdo. (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).
  9. a b (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1992-10-27). «Aranzadi responde a la 'marcha de hierro' que no negociará' el plan industrial, pero si el laboral» EL PAÍS (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).
  10. Marcha de Hierro. (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).
  11. (Gaztelaniaz) «Varios actos en Lesaka para recordar el XXV aniversario de la Marcha del Hierro» El Diario Vasco 2017-10-24 (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).
  12. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1992-10-26). «La 'marcha de hierro' llega hoy a Madrid para pedir a Aranzadi que cambie el plan siderúrgico» EL PAÍS (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).
  13. Elkarrizketa: Esther Gallo. Asamblea de mujeres de AHV | HerriKolore. (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).
  14. herrikolore. (2012-09-27). 24 Horas: Pies de hierro (Documental de la Marcha de Hierro). (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).
  15. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1992-10-27). «La 'marcha de hierro' rebasa el recorrido autorizado, pese a la solidaridad de Madrid» EL PAÍS (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).
  16. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1992-10-28). «Ensidesa volvió a parar ayer en solidaridad con la 'marcha de hierro'» EL PAÍS (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).
  17. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2016-06-07). «Los trabajadores de la ACB de Sestao posponen la votación y reclaman más información» naiz: (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).
  18. (Gaztelaniaz) Ezker. «La dirección de Arcelor Mittal-Sestao utiliza el chantaje y la amenaza para imponer modificaciones sustanciales en las condiciones laborales» LAB SINDIKATUA (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).