Ireki menu nagusia

Bote-luzea[1] pilota jokoaren modalitate bat da, ezagutzen direnetatik zaharrena. Gaur egungo luzeko pilota jokoen artean, esku huska jokatzen den bakarra da. Luzeko pilota jokoa denez, aurkariak aurrez aurre dihardute, eta pilotak ez du hormarik jotzen, errebotean ez bada. Antzina, pilotalekua belar soroa zen (soropil edo pilota soro izenekoa), eta gaur egun plazan jokatzen da.

Antzina oso zabaldua zegoen Europan. XX. mendearen bigarren erdian galdu zen Euskal Herrian. Zuberoan gorde zen hobekien, 1950-1960 urteen inguruan jaiotako zuberotarrek ezaguna baitute jokoa. Valentzian bizirik iraun du oso antzekoa den eta jatorri bera duen joko batek, llargues izenarekin; hala ere, badira zenbait ezberdintasun, hala nola sakea. Euskal Herrian, gaur egun bote-luzea berreskuratzeko ahaleginean ari dira Nafarroa Garaian (aipatzekoa da ikastolen, Laxoa Elkartearen eta Tiburcio Arraztoaren lana, besteak beste).[2][3][4]

ArauakAldatu

Talde bakoitza lau edo bost pilotarik osatzen dute, normalean. Laxo izeneko modalitatean ez bezala esku hutsez jokatzen da, tresnarik gabe, eta gehienbat airez jokatzen den arren, pilotak bote bat ematea ere onartzen da.

Pilotak gozoak dira, 110 gramoko pisukoak.

Jokalekuak 55-60 metro luze eta 12-15 metro zabalekoak dira, normalean.

Luzeko joko guztiak bezala, kintzeka eta jokoka kontatzen da: 15, 30, 40 eta jokoa. Kintzeaz gainera, arraiak erabiltzen dira, joko eremua aldatu eta sakea trukatzeko.

Arautegi osoa Euskadiko Euskal Pilota Federazioak zabaltzen du.[5]

Luzeko beste pilota jokoakAldatu

Luzeko pilota jokoan (Joko zuzena ere esaten zaio) lau aldaera dira gaur egun: bote-luzea (hemengo pilota joko guztietatik ezaguna den zaharrena, esku huska jokatua), errebotea (eskularruz edo xisteraz jokatua), pasaka (trinketean jokatua, esku huska edo eskularruz, kantxa sare batez erdibitua dagoela), eta laxoa (eskularruz jokatua). Oiartzungo Txost elkarteko Anton Mendizabalek 2015ean joko zuzeneko modalitateetan 500 jokalari inguru aritzen zirela estimatzen zuen.

ErreferentziakAldatu

  1. Bote-luzearen arautegia Euskal Herriko Pilota Konfederazioaren webgunean
  2. Asier Aiestaran: «Bote-luzea, hezkuntzak eta ondarea berreskuratzeko nahiak bat egiten dutenean», Gara, 2007-12-06.
  3. (Gaztelaniaz) «Baztan, memoria de la pelota», Diario de Navarra, 2008-09-01.
  4. (Gaztelaniaz) Santiago Zuza: «La memoria recuperada», Diario de Navarra, 2008-08-28.
  5. Euskadiko Euskal Pilota Federazioa (PDF), Joku araudia. 71-72 orriak. Eranskinen 4.1 atala: Bote luzea., . Noiz kontsultatua: 2006.

Kanpo loturakAldatu