Pietismoa XVII. mendearen amaieran luteranismoaren barnean sortu zen mugimendua da. Protestantismoaren ortodoxia hotzaren aurrean joera eta sentimendu pertsonalak, aszetismoa eta bihotzezko konbertsioa hobesten zituen.

Philipp Jakob Spener.

Eliza ofizialaren aurkako erreakzio haren lehen eragilea Philip Jakob Spener (1653-1705) ministro alsaziarra izan zen. Spenerren predikuetan eta liburuetan (Pia desideria, 1675) zenbait proposamen nabarmentzen ziren: teologiaren irakaskuntza berriztatu eta germaniar tradizioko mistikara itzuli beharra; Biblia osoaren irakurketa; otoitz indibidualaren premia; Biblia ikasteko eta otoitz egiteko talde txikiak eratzea; apaizgo unibertsalaren doktrina.

Spenerrek Halleko unibertsitatea sortzea (1693) erdietsi zuen Prusiako Frederikorengandik. Spenerren ondoren buruzagitza August H. Franckek (1663-1727) hartu zuen. Halleko unibertsitatea pietismoaren gunea izan zen; hango ikasleak izan ziren, besteak beste, Henry M. Mühlenberg, Ipar Ameriketako luteranismoaren antolatzailea, eta Nikolaus Ludwig Zinzendorfeko kondea, Moraviako elizaren sortzailea. Metodismoak, halaber, pietismoaren ezaugarri anitz beretu zituen. XVIII. mendearen erdialdean iritsi zuen pietismoak bere goren puntua, eta gerora ere eragin sakona izan du protestantismoaren pentsamenduan.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu